urtzirrutikoetxea
Katalunia eta Eskozia. Erabakitzeko eskubidea. LEKU-LEKUTAN

Horma zurrunak

2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da nahikoa izan, baina itzela egin du Eskoziak. Liluratuta utzi gaitu 2011. urtetik honako, eta, batez ere, azken asteotako demokrazia-lezioak. Azkenean ezetz esan diote independentziari; «oraingoz», Alex Salmondek gogoratu legez. A ze gidari puska galtzen duen herrialdeak.

Egunotan, The Guardian-en grafiko bat ibili da sarean, esaten independentzia-erreferendumen % 88tan baietzak irabazi duela. Fenomenook ikertu dituztenek, Jason Sorensek, esaterako, horren aurkakoa diote: zinezko independentzia-erreferendumak egiten direnean, berme guztiekin, herritarrek gauzak bere horretan segitzearen alde bozkatu ohi dute.

Noski, hor ez dira sartzen deskolonizazio kasuak, gerra-osteak edo jatorrizko estatua desagertzean egiten diren prozesuak. Hego Sudan, Montenegro eta Jugoslavia, oro har, Timor Ekialdea, horien artean daude. Quebec eta Eskozia, bestearen adibide.

Ikerketek argi diote: sezesioaren bila dabilen herriari indarrez eustea da estatu gehienen jarrera; horren ondorioa da, estatua ahul dagoela sentitu bezain laster —hau da, zigorraren arriskua murriztean—, sezesioa ia ezinbestekoa bihurtzen dela.

Esango nuke Euskal Herrian batek baino gehiagok daukala eszenatoki hori buruan, Kataluniara begira. Aldiz, estatuak auziari helduz gero, herritarrei atea irekita dagoela adieraztean, askoz errazagoa da etxe barruan gelditzea. Atzo berretsi zuen David Cameronek: «Bagenuen erreferenduma blokeatzea, baina auzi handiei heldu egin behar zaie, ez ezkutatu. Beste ezer baino gehiago nahi dut Erresuma Batua batuta egotea. Baina demokrata ere banaiz, eta zuzena zen SNPren gehiengoa errespetatzea eta eskoziarrei hitza ematea».

Quebec-en gertatu zen lehen ere. Bermudak ezetz esan zuen 1997an. Saint Kitts eta NevisKaribeko estatu txikia da konstituzionalki sezesioa aurreikusten duen estatu bakanetakoa munduan; 1998an saiatu zen Nevis uhartea, eta ez zuen lortu. Anglosaxoniar tradizioan, estatuak batuta segi gura duenean, herritarren bermea eskatzen du.

Gogoratu, «oraingoz» esan zuen Salmondek. «Belaunaldi baterako, gutxienez» zioen atzo Cameronek. Herritarrek badakite atea zabaltzea euren esku dagoela. Katalunian, atea irekitzea eta demokrazia sinonimo dira. Eskoziarrentzat, ez. Laster jar liteke berriz ere lapikoa sutan: Cameronek iragarri du karguari eutsiz gero, datorren urteko hauteskundeetan, herritarrei Europako Batasunetik irten ala ez galdetuko diela. Erraz irudika daiteke baietz dioen Ingalaterra, eta ezetzaren alde Gales, Eskozia eta Ipar Irlanda. «Eta Arabak ezetz esango balu?» mehatxu tonuan galdetzen dute Trebiñuk, Arabak, Nafarroak zein Kataluniak hitza hartzea ukatu gura dutenek. Argi esan behar zaie ez zaiola beldurrik izan behar arabarren ez beste inoren hitzari. Estatu batean, hala gura duenak egon behar du. Auzi horiek guztiak erreferendumaren aurretik adostu behar dira, erabakitzeko esparrua eta horren ondorioak denok argi izateko. Eskozian ere esan izan da, Shetland uharteek ezetz esanez gero zer gertatuko litzatekeen. Esandakoa, aurretik adostu behar da zer den galdetzen dena eta zer erantzuten. Adibide sinple batekin: kuadrillako batek beste taberna batera joatea proposa lezake, eta zuk esan gustura zaudela oraingo ostatuan. Gehienek joatea erabakiz gero, hautu bi dituzu: gustuko tabernan bakarrik gelditu, edo konpainia hobetsi eta haiekin joan. Kalkulua eta interesa ere gailentzen dira erreferendumetan, noski. Horregatik arauak adostu beharra, Eskozian legez. Erantzun batek eta bestek zer esan nahi duten argi uzteko.

Noski, horretarako kultura demokratiko handia behar da. Herritarrengan konfiantza. Eskoziako lezio ederrenetakoa da «denon artean» estatu berri bat sortzeko transmititu duten ilusioa. Hainbesteko ilusioa ze, alderdi unionistek ere bat egin duten: «Arrazoi duzue, horrelako herrialdea egiteko ere, ez ezazue Erresuma Batua utzi. Geuk emango dizkizuegu horretarako botereak».

Ilusioak gainez egin du Eskozian, eta Gales eta Ingalaterrako iparralde ezkertiarrera iritsi da. Interesgarria izango da ikustea zelan kudeatzen den deszentralizazioa eta balizko federalizazio hori, ingelesak Erresuma Batuko % 80 baino gehiago izanik. Kornuallesko parlamentuaren sorrera ekar lezake, besteak beste.

Berdin egin du Kataluniako independentismoak. Egungo estatuari eta arazoei aurre egiteko, estatu berri bat eraikitzeko ilusioa transmititzen asmatu du (Podemos-en fenomenoa bide horretan doa Espainian). Ahitutako egoera bati aurre egiteko, malgutasuna eta moldatzeko gaitasuna ezinbesteko direla frogatu du Londresek. Erreferenduma adostuta, eta kanpainan beharrezko proposamenak eginda. Malgutasunik gabe, Konstituzioaren zurruntasunarekin jotzen du Espainiako Gobernuak. Eta gauza zurrunekin, azkenean apurtzea baino ez da gelditzen.

Esandakoa, lezio demokratiko paregabea izan dugu. Orain, presta zaitezte zabarkeriaren beste lezio baterako. 1978. urteko hormak zurruna dirudi, baina oso pitzatuta dago. Katalanek saihestu nahi badute ere, apurtu eta bota egin beharko dute. Orduan besteontzat ere ez da horma zurrunik egongo bidea oztopatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.