Elixabete Arrieta

Hurrengo destinoa, krisia?

2026ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta gehiagok aukeratzen dute Indonesia oporretarako helmuga gisa. Urtez urte gero eta turista gehiago iristen dira artxipelagora, eta turismoa ekonomiaren eta enpleguaren motor nagusietako bat bihurtu da. Indonesia, gainera, Asiako hego-ekialdeko ekonomiarik handiena da, eta urteak daramatza %5 inguruko hazkundeari eusten. Baina zenbakiek ez dute dena kontatzen. Herritarren poltsikoak hazkundea nabaritzen ez badu, zer balio du BPGak?

Hor dago, hain zuzen ere, Prabowo Subianto presidentearen erronka. Munduko laugarren herrialderik populatuenean, desoreka handia dago adierazle makroekonomikoen eta herritarren bizi baldintzen artean. Prezioak, enplegua eta erosahalmena dira eguneroko kezka nagusiak. Horri erantzuteko, Prabowok hazkundearen fruituak zuzenean herritarren mahaira eramatea jarri zuen bere agintaldiaren erdigunean.

2024ko urrian presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen, botoen %58,6 ingururekin, eta babes zabalarekin iritsi zen boterera. Kanpainan promes zehatzak egin zituen: doako otordu nutritiboak, gizarte laguntzak eta etxebizitza gehiago, besteak beste. Helburua ez zen hazkundea estatistika liburuetan uztea, herritarren eguneroko bizitzara eramatea baizik.

Baina bi urte bete gabe, Prabowok konfiantza berreskuratu behar du. 2026ko uztailean egindako SMRC inkestaren arabera, haren onespena %51,1era jaitsi da; 2025eko azaroan %81,2koa zen. Jaitsieraren atzean hainbat arrazoi daude, baina ekonomiak pisu handia du. Izan ere, herritarren pertzepzioa ez da beti bat etortzen adierazle makroekonomikoekin. Ekonomia %5etik gora hazi daiteke, baina horrek ez du zertan esan nahi familia bat hilabete amaierara errazago iristen denik.

Horren erakusgarri da Praboworen programen arteko izarra: Makan Bergizi Gratis (MBG); hau da, Doako Otordu Nutritiboen Programa. 2025eko urtarrilean jarri zuen martxan, hauteskunde kanpainako promes nagusietako bat betetzeko. Helburua ikasleei, haurrei eta haurdun dauden emakumeei otorduak eskaintzea da, aldi berean tokiko nekazaritza eta elikadura katea indartuta. Dagoeneko 65 milioi onuradun inguru ditu. Baina tamaina handiko programa batek tamaina handiko arazoak ere ekar ditzake. 2025ean, elikadura intoxikazioek 37.000 pertsona ingururi eragin zieten, eta programaren kudeaketak zalantzak piztu zituen. Hortik aurrera, galdera ez zen soilik zenbat pertsonarengana iristen zen programa, baizik eta nola iristen zen.

Programa kudeatzeko ardura duen Nutrizio Agentzia Nazionalak (BGN) militar erretiratu ugari hartu ditu bere egituran, eta armadaren logistika sarea ere baliatu da herrialde osoko sukaldeetara iristeko. Horrek abiadura eman dio programari, baina arrisku bat ere badakar: abiadura kalitatearen gainetik jartzea. Azkar iristea ez da nahikoa, ondo iristea ere beharrezkoa baita. Azken finean, herritarren desadostasuna baretzeko emandako kontzesio sozialak dira, baina kontzesio horiek ezin dira gobernantza onaren ordezko bihurtu.

(ID_15561794) INDONESIA FLOOD AFTERMATH
Indonesiako militar batzuk laguntza humanitarioarekin, iazko azaroan. HOTLI SIMANJUNTAK / EFE

Logika hori ez da MBGra mugatzen. Praboworen gobernuan militarren presentzia handia dago. Kabinetean eta goi mailako karguetan militar erretiratu ugari daude, eta ez da kasualitatea presidenteak berak armadan egindako ibilbidea luzea izatea. 2025ean armadaren legea aldatu zen, eta militar aktiboek gobernu zibileko kargu gehiagotan jarduteko aukera zabaldu. Gobernuak eraginkortasuna eta koordinazioa aipatzen ditu neurri horien justifikazio gisa. Baina neurri horiek Indonesiaren iragan hurbila ere gogorarazten dute.

Suhartoren diktaduraren ondoren, Indonesiak hamarkadak eman zituen armada politikatik urruntzen. Horregatik, militarrak administrazio zibilean gero eta presentzia handiagoa izateak kezka sortzen du. Ez bakarrik gobernuaren eraginkortasunari buruz, baita erakunde demokratikoen kontrapisuari buruz ere.

Praboworen gobernuan militarren presentzia handia dago. Kabinetean eta goi mailako karguetan militar erretiratu ugari daude, eta ez da kasualitatea presidenteak berak armadan egindako ibilbidea luzea izatea. 2025ean armadaren legea aldatu zen, eta militar aktiboek gobernu zibileko kargu gehiagotan jarduteko aukera zabaldu.

Eta horri boterearen gero eta kontzentrazio handiagoa gehitu behar zaio. 2024ko hauteskundeen ondoren, gobernuak parlamentuko alderdi gehienak bere koalizioan bildu zituen, eta gobernuaren aldeko indarrek gehiengo oso zabala dute. Oposizio politikoa ahuldu egin da, eta exekutiboaren maniobra marjina handitu. Testuinguru horretan, leialtasun politikoa konpetentziaren gainetik jartzeko eta babes instituzionala ahultzeko arriskua ere handiagoa da.

Horrek ez du esan nahi Indonesiako demokrazia desagertzeko zorian dagoenik. Baina kezkatzekoa da errazagoa izatea herritarren kezkak neurri sozialekin baretzea, gobernantza hobetzea baino. Lehenengoek emaitza azkarrak eman ditzakete; bigarrenak erakunde sendoak, kontrolak eta kontrapisuak behar ditu. Eta hor dago Praboworen paradoxa: herritarren konfiantza irabazi nahi du, baina konfiantza ez da soilik otordu batekin edo diru laguntza batekin eraikitzen.

Indonesia gero eta helmuga erakargarriagoa izan daiteke turistentzat. Baina hurrengo urteetan, agian, interesgarriagoa izango da herrialdearen beste bidaia bati jarraitzea: Prabowok nora eramango duen Indonesia. Hazkundea herritarren bizi baldintzetara eramatea lortzen badu, bere agintaldia sendotu dezake. Baina epe laburreko kontzesioek gobernantza ordezkatzen badute, hurrengo destinoa krisi sozial eta politikoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA