Jaitsi zinen kotxe ofizialetik eta han geunden gu. Udalbatzarra, ekitaldian parte hartu behar genuenak eta zenbait herritar: jende xumea. 1.500 biztanleko udalerria gara gu, baina protokoloa nola bete esplikatu ziguten zurekin zetozenek. Domeka goiza zen. Protokoloa ez dela garrantzitsua erakutsi zenigun: han elkartu zirenei bostekoa eman zenien bakoitzarengana hurreratuta. Gure aitari begietara begiratu eta bostekoa eman zenion, eta galderak egin herriari buruz. Eta Usparitxako Beleni ere bai. Eta nik pentsatzen nuen bai batak eta bai besteak sekula ez zutela presidente bati eskurik emateko aukerarik izango; Lehendakaria bera ere ez zitzaiela sekula hurbilduko. Baina zu jendearenagana hurbildu zinen. Zeure burua Jainkotzetik urrun, gizona baino ez zinela erakutsi zenigun. Esateko baino gehiago entzuteko duen presidentea izan zinen zu bai Uruguain eta bai joan zinen leku gehienetan. Egin genizun dantzan, bota genizkizun bertsoak, egin zizun alkateak harrera ofiziala… eta hartu zenuen hitza. Ez dakit udaletxe horretan hain gauza solemnerik esan den sekula, baina ze soiltasunez esan zenuen dena. Hitz potolorik gabe. Teoriarik filosofikoenak gure hizkuntzara ekarriz. Gogoan dut esan zenuela Uruguain pertsona baino animalia gehiago bizi zirela, eta litekeena dela pertsonak izatea animaliei enbarazu egiten dietenak. Umiltasun horrekin bizi behar dugula azaldu zenigun, munduaren zentroa garela pentsatu gabe eta animalia guztion bizitokia den planeta hau izorratzeko eskubiderik hartu gabe. Eta amaieran promesa: «Itzuliko naiz zuenera. Ibilian doan agurearen moduan itzuli nahi dut, besterik gabe».

Eta itzuli zinen. Ez zara sekula ibilian doan agure soila izan, ordea. Konpromiso politikoa, borroka armatua, kartzela, tortura, presidentetza, politika, aliantzak egiteko gaitasuna… gauza gehiegi eraman dituzu gorputz bakarrean. Zuk esan bezala, mirariz sortutako gorputz horretan. Arrazoia baitzenuen horretan ere: mirari handiena bizitza da. Milaka milioi aukeraren artean norbera jaiotzea baino mirari handiagorik ez dago. Horregatik izan da bizitza eredugarria zurea: mirariari justizia gehitzen saiatu zarelako etengabe. Bizitza guztiak duinak izan daitezen ibili zara etengabeko borrokan.
Ibilian doan agure hori, badoa orain. Memorian gordeko zaitugu. Esan diguzun gauza bakoitza geldituko zaigu konpromiso politikoan zein eguneroko bizitzan erabiltzeko. Inportantea baita konturatzea sistema kapitalistak beharrak sortzen dizkigula, behar horiek erosi ahal izateko lan egin dezagun eta gero eta behar handiagoak sortzen dizkigula gero eta lan gehiago egin dezagun, eta, azkenean, behar horiek ez sentitzeak egingo gaituela libre. Baina inportantzia berdina dauka zahartzaroan ere munduari ekarpena egin diezaiokegula pentsatzeak. Bizitza ez baita hil arte bukatzen, eta maitasunak berak ere iraun egiten baitu ohitura goxo bihurtu arte. Behin esan zenuen heriotzak egiten duela bizitza handi, baina zure bizitza zeuk egin duzu handi. Eskerrik asko!