Olatz Arrieta

Ikasturte berria Bruselan

2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kurtso berrian, 27 gobernuek antolatutako Europar Ikastetxeetan, gaelikoarekin eta malterarekin, batera katalana ikasteko aukera izango dute espainiar jatorria duten ikasleek. Europako Batasuneko instituzioetan, ordea, urte politiko berrirako ez da aldaketarik aurreikusten; euskarak, galegoak eta katalanak hizkuntza ez-ofizialak izaten jarraituko dute. Sanchezen gobernuak dio ofizialtasuna 27 ministroen mahai gainean jartzen jarraituko duela, bileraz bilera, banan-banan behar dituen 26 botoak bereganatu arte. Hori zein urtetarako lor litekeen ezin du inork zehaztu; Bruselan, aldi berean, estatuek negoziatzen dituzten ehunka ekimenen negozioen araberakoa izango da egutegia. 

Europar Ikastetxeetako ikasle izan zen Ursula von der Leyen, eta urte politiko berria Ameriketako Estatu Batuekin merkataritza liskarra amaitutzat emanez hasi du; Von der Leyenek Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa prentsaurrekoan aterarazi du, komunikabideak eta herritarrak abuztuan opor garaian bete-betean zeudenean legalki loteslea ez den idatzizko merkataritza akordioaren berri emateko. Akordioarekin Europako Batasuna «irabazten» atera dela esan arren, gutxik jartzen du zalantzan Europako Batasunak Trumpekin merkataritza gerra galdu egin duela borrokatu ere egin gabe; alegia, AEBei kalte egiteko dituen baliabideak erabili gabe bandera zuria atera duela. Arrazoi nagusiak bi dira. Lehenik, Ukrainako gerraren inguruan Etxe Zuriari atera dizkion kontzesioak ez galtzeko eman du amore Bruselak; hain zuen, negoziazio mahaietako batean Europako Batasuna esertzen bada, eta Ukrainarentzako segurtasun bermeak Europako bake tropek emango dituztela sinatzen bada. Bigarren arrazoia da merkataritza gerran ekonomikoki gehien galduko luketen herrialdeek, Alemania buru, errenditzeko agindua eman dutela.

(ID_15181813) REINO UNIDO GUERRA COMERCIAL
Von der Leyen eta Trump Erresuma Batuan, uztailaren 20an. FRED GUERDIN / EFE

Merkataritza akordioak Bruselaren eta Washingtonen arteko tentsioa nabarmen murriztu du, eta Errusia ez dago batere pozik biek harremanak hobetu izanarekin. Bere haserrea erakusteko, bi abisu igorri dizkio Bruselari kurtso berriaren hasieran. Batetik, Kieven Europako Batasunak duen egoitza diplomatikoaren kalean misilak jaurti ditu, egoitzan kalteak eragingo zituela jakinda. Bestetik, Ursula von der Leyen zeraman hegazkinari Bulgarian lur hartzea zaildu dio, GPS nabigazio sisteman interferentziak eraginez. Ukrainako inbasioaz geroztik, egunero gertatzen dira horrelako interferentziak Errusiarekin muga egiten duten herrialdeetan. Herrialde horiek hainbat aldiz bisitatu ditu Von der Leyenek azken urteotan, baina haren hegazkinak interferentzia horiek jasaten dituen lehenengo aldia da.

Merkataritza akordioak Bruselaren eta Washingtonen arteko tentsioa nabarmen murriztu du, eta Errusia ez dago batere pozik biek harremanak hobetu izanarekin. 

Udan atsedenaldirik ez du hartu Trumpek, eta muga zerga gehiago agindu ditu AEBetako enpresa teknologikoei arau eta zergak ezartzen dizkieten herrialdeentzat. Ez du herrialderik aipatu, baina Mendebaldean arautzaile teknologiko nagusia den Europako Batasuna du, beste behin, jomugan; merkataritza liskarraren lehen bataila galdu eta gero, litekeena da urte politiko berrian liskar teknologikoa izatea Bruselaren eta Washingtonen arteko hurrengo borroka. Merkataritza gerraren atal berrian, esan du Europako Batasuna borrokatuko dela, bere autonomia arautzailea gauza guztien gainetik defendatuko duela. Aurrekariak ikusita, zaila egiten da hori sinistea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.