Ekialde Hurbilean sekula izan ez den bezalako gosete bat sufritzen ari da Gaza. Gerraren aurretik, «inor gosetuta lotaratzen ez zen hiria» esaten zioten; orain, aldiz, gose krisi betean dago. Janaria zigor gisa erabiliz, giza hondamendia areago sakontzen ari da Israel, Gazako zerrenda suntsitzen ari den gerra honetan. Egunero-egunero hiltzen da norbait goseak jota. Mundua zuzenean ikusten ari da, telebistan eta sare sozialetan, nola hiltzen ari den jendea gosez Gazan. Gazako guztiak goseak daude. Berdin dio dirurik duzun edo ez duzun: ez dago zer erosi. Produkturen batzuk eskuragarri daudenean ere, oso gutxi egoten dira, eta izugarri garesti. Joan den astean, adibidez, irin kiloa 50 dolarrean zegoen, eta azukre kiloa, berriz, 122 dolarrean.
Gazaren kontrako gerrako lehen egunetik, Israelek palestinarrak hiltzeko arma gisa erabili ditu bai jakiak eta bai laguntza humanitarioa, botikak eta osasun hornigaiak barne. Erietxeak eta klinikak suntsitzeaz gainera, botika dendei eta farmaziei erasotzeaz gainera, Israelek estrategia bat abiarazi zuen ez zedin ez osasun laguntzarik eta ez osasun tresnarik sartu Gazako zerrendara. Israelgo armadak baimena ematen duenean sendagai batzuk eta laguntza mediko pixka bat sar daitezen, atzerriko herrialderen batekin egindako hitzarmen diplomatiko bati men eginez ematen du gehienetan. Beste batzuetan, berriz, negoziazioen arabera jarri da auzi hori negoziazioen mahai gainean. Alegia: Israel xantaia egiten ari zaie hala palestinarrei nola nazioarteari, bere gerra diskurtsoan eta negoziazioetan botiken eta laguntza medikoaren arazoaz baliatuz.
Janaz eta laguntza humanitarioaz baliatzea izan zen lehen baliabideetako bat, hain zuzen, palestinarrak hiltzeko: «gose krisi bat» eragin eta egunero dozenaka palestinar heriotzara bultzatzea. Bigarren bidea, berriz, palestinarrei eta nazioarteko komunitateari xantaia egitea izan da. Palestinarrek Israeli prezio bat pagatu ezean, ez da jakirik sartzen. Nazioartearekin dituen harremanetan, Israel tratukerian ibili da janaren eta laguntza humanitarioaren kontuarekin, atzerriko herrialdeekin harreman hobeak lortzeko asmoz. Horren erakusgarri, Israelek baimena emango die italiar eta frantses batzuei edo haien senide batzuei Gazako zerrendatik irteteko, Italiarekin eta Frantziarekin harreman hobea izateko. Edo, besteak beste, Jordaniako Erresumarekin duen harremanari euste aldera, Gaza gainetik pasatzen uzten die Jordaniako hegazkinei, eta haietatik janaria banatzen. Era berean, Israelek ehunka gutxi batzuk kamioiri utzi zien sartzen Gazara, EBk beraren kontrako neurri diplomatikorik har ez zezan. Israel, beraz, ez dute zigortu: horren ordez, Israel palestinarren goseaz baliatzen ari da Europak mugimendu diplomatikorik egin ez dezan. Hori aski ez, eta, nahiz eta Israelek berak oztopatzen duen jakiak sartzea, iristen den gutxi hori ere erabiltzen du Israelek bere irudia garbitzeko.

Israel zigortu eta harekiko harreman komertzial guztiak eteteko neurriak hartzen segitu ordez, EB negoziatzen ari da neurri horietako batzuk bertan behera uztea Israelek jakien oztopoa arintzearen truke. Printzipioz, ez litzateke batean amore eman behar bestea lortzeko. Izan ere, horretan etsita, EB Israeli adore ematen ari zaio laguntza humanitarioa eta jana baliatzen segi dezan helburu politiko gehiago eskuratzeko. Eta hala, Israel, zigortua izan ordez, saritua izango da.
Israelen eta Hamasen negoziazioak burutu gabe daudela, Gazako egoera humanitarioa okerrera doa. Ez dagoenez tokiko agintaririk ordena ezartzeko, saltzaileen diruzalekeriaren biktima bihurtu da jendea, eta Israelen kontrol postutik sartzen uzten dieten laguntza kamioi urriak, berriz, erraz arpilatzen eta lapurtzen dituzte. Tokiko agintaritza gutxieneko bat berrezarriko balitz, hori lagungarria izango litzateke Gazako egoera humanitarioa hobetzeko. Askotan, izan ere, palestinarrek bideren bat aurkitzen dutenean Gazara sartzen den laguntza babesteko, Israelgo indarrek kamioien zaindari bertakoei erasotzen diete, kaosa gailendu dadin.
Krisia sakondu ahala, espero izatekoa da ehunka lagun hilko direla egunero. Oso litekeena da hori gertatzea. Gazatik iristen diren datuak, zenbakiak eta irudiak txundigarriak dira. Azken asteetan, Khan Yunis eta beste eskualde batzuen %70 guztiz kaltetuta geratu da, eta beste hiri batzuk, hala nola Beit Hanun, lurrarekin berdindu dituzte; giza laguntzarako guneak eta osasun erakundeak barne.
Foundation horretako langile estatubatuar batzuek lana utzi dute, konturaturik nahita hiltzen ari zirela premian zen jende hori guztia. Hau da historian lehen aldia halako «tranpa hilgarri bat» asmatu eta erabili dena
Historian, estrategiaren parte izan da etsaien hiriak setiatzea, hartara jaki gutxiago sar zitezen, edo jakirik batere ez. Bigarren Mundu Gerran, adibidez, alemanek jakien eta laguntza humanitarioaren hornikuntza oztopatu zuten hiri batzuetan. Historian, ordea, beste inon eta beste inoiz ez da janaria zuzenean erabili jendea hil zedin. Orain, gerrarako tresna gisa erabiltzen ari dira, eta jendea hiltzeko makina gisa. Hori, nazioarteko legea eta nazioarteko lege humanitarioa urratzea ez ezik, gizadiaren kontrako krimena ere bada, Israelen beste krimen asko bezala.
GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundearen bidez banatzen ari da Israel laguntza. Mekanismo hori erabiltzea palestinarrak hiltzeko bide bat da, beste «tranpa hilgarri bat», non soldadu israeldarrak palestinar gosetuen ehizan ibiltzen diren jendea janari pixka bat lortzeko ilaran dagoen bitartean. Egunero dozenaka palestinar hiltzen dituzte jakiak banatzeko guneetara bidean doazela. Nahita hiltzen dituzte. Foundation horretako langile estatubatuar batzuek lana utzi dute, konturaturik nahita hiltzen ari zirela premian zen jende hori guztia. Hau da historian lehen aldia halako «tranpa hilgarri bat» asmatu eta erabili dena.
Joan den astean, nire anaia Mohammad metrailaz zauritu zuten buruan, hain justu jakiak banatzeko gune horietako batera lehen aldiz zihoala. Odoletan itzuli zen seme-alabengana. Telefonoz hitz egin genuen azken aldian, nire anaia Ibrahimek esan zidan batzuetan iruditzen zaiola hobe litzatekeela hiltzea horrela segitzea baino, seme-alabei janik ezin emanez bizitzea baino. Esan zidan: «Batzuetan, nahiago nuke denok batera hilko bagina, inork ez dezan sufritu behar izan gutako norbait hiltzen denean». Nik espero dut nire anaia Ibrahimek bizirik iraungo duela, eta gerra hau bukatu egingo dela. Hainbat hilabetez, esnatu eta lehenengo gauza, jana lortzeko ilaran hil direnen izenak irakurri ditut egunero-egunero. Orain, berriz, beste zerrenda bat gehitu zait: goseak hiltzen ari direnen zerrenda.