Thailandia eta Kanbodiaren arteko gatazkak urte luzeko historia du. Asia hego-ekialdeko bi herrialde horien arteko mugan ohikoa da tentsioa, baina azken hamarkadetako momentu larriena bizi izan dute joan den astean. Maiatzean, bi aldeetako soldaduen arteko liskarretan soldadu kanbodiar bat hil ondoren, azken hilabeteotan tentsioa handituz joan da, eztanda egin duen arte: uztailaren amaieran bost egunez gatazka armatua izan dute bi herrialdeek, 800 kilometroko mugaren zenbait puntutan. Artilleria astuna erabili dute eta gutxienez 43 hildako daude orain, erdiak zibilak. Gatazkak sortu duen izua dela eta, guztira 300.000 herritar lekualdatu behar izan dituzte.
Azkenik, nazioarteko presioaren eta bi herrialdeetako herritarren protesten ondorioz, astelehenean su etena sinatu dute, baina bakea ez da oraindik egonkorra. Kanbodiarrek salatzen dute thailandiarrek hogei soldadu kanbodiar dauzkatela bahituta; thailandiarrek, berriz, salatzen dute kanbodiarrak ez direla akordioa guztiz errespetatzen ari. Oraingoz artilleria hotsa ez da entzuten, baina edonoiz hasi liteke berriz gatazka armatua: su etena ahula da.

Benetako bakea lortzeko, bi aldeek historiaren bertsioa negoziatu behar dute, baina ez du batak ez besteak erantzukizunik onartzen, eta batak besteari leporatzen dio lehen tiroa bota izana. Uztailaren 24an hasi zen, Thailandiako armadak salatu zuenean soldadu kanbodiarrek Thailandiako lau eskualdetako gune zibiletara misilak jaurti zituztela. Erasoaren aurrean defendatu beharra argudiatuta, Thailandiak F-16 borrokako hegazkinak bidali zituen mugara.
Armada kanbodiarrak orduan salatu zuen thailandiarrak izan zirela gerra hegazkin horiekin lehen erasoa egin zutenak, eta, hamabost minutu geroago, beste aldeko soldaduei tiro eginez erantzun zuten. Borrokak gogortuz joan ziren.
Gatazkaren bertsioa adosteko ezgaitasun hori aspaldikoa da; eta, oinarrian, mugako bi tenplu daude: Prasat Ta Muen Thom —thailandieraz— edo Prasat Ta Moan Thom —kanbodieraz—, eta Preah Vihear Temple —thailandieraz Phra Viharn—. Bi tenplu horiek ez dira bakarrik lur zati bat, bi herrialdeen identitatearen, harrotasunaren eta historiaren irakurketaren sinbolo baizik. Bi tenplu horien jabetza gatazka, urteen poderioz, tentsio eta odol isuri bihurtu da. Gatazka honetan lurraren kontrola baino askoz gehiago dago jokoan: nortasunaren eta legitimizazioaren borroka da.
Kolonialismoaren itzala
Bi herrialdeen arteko gatazka ulertzeko, Mendebaldearen iragan kolonialera jo behar da. Frantziak 1907an Kanbodia bere kolonia bihurtu eta mugak artifizialki marraztu zituenean hasi ziren Thailandiarekin tentsioak. Bi tenpluen kasua horren adibide da.
Urteek aurrera egin dute, eta, teorian iragan koloniala urrun utzi badu ere, Mendebaldeak gatazkan esku hartzen jarraitzeko modua bilatu du, Unesco eta Nazioarteko Justizia Auzitegia bezalako erakundeen bidez.
1962an Kanbodiak Nazioarteko Justizia Auzitegira eraman zuen Preah Vihear tenpluaren jabetza, eta Hagak tenplua Kanbodiarena zela ebatzi zuen. Baina ez zuen argitu tenpluaren inguruko lurrak norenak ziren, eta horrek atea irekita utzi zuen etorkizuneko gatazkarako. 2013an Kanbodiak interpretazio eskaria egin zuen berriz, eta auzitegiak berretsi zuen tenplua eta inguruko lurraldeak Kanbodiarenak direla. Auzitegiak Thailandia tropak kentzera behartu zuen, baina thailandiarrek ez dituzte atzerriko epaitegiaren aginduak onartu eta gatazka orain arte luzatu da.
Urteek aurrera egin dute, eta, teorian iragan koloniala urrun utzi badu ere, Mendebaldeak gatazkan esku hartzen jarraitzeko modua bilatu du
2008an, Kanbodiak Preah Vihear tenplua Unescoren gizateriaren ondare izendatzeko eskaera egin, eta lortu egin zuen, eta horrek asko haserretu zuen Thailandia. Hori izan zen hamarkadetako gatazka luzea hauspotu zuten momentuetako bat. Thailandiak salatu zuen Unescok bere lurralde bat Kanbodiari eman ziola. Ondorioz, eremuaren militarizazioa handitu egin zen, eta, 2008tik 2011ra, hainbat tiro eta hilketa izan ziren mugaren zati horretan.
Asiako bi herrialdeek barne borroka bat dute: alde batetik, askatasuna nahi dute; baina, bestetik, batez ere Kanbodiak, Mendebaldearen epaile paper hori onartzen du, gatazka horren oinarri historikoa Mendebaldearen jarreran dagoen arren.
Itxuraz bakearen alde egiten dutela dioten arren, Mendebaldeko egiturek kontrol forma berriak ezartzen jarraitzen dute.