urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Legitimitatea

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kataluniako presidente Carles Puigdemontek urtebete barrurako iragarri du independentzia-erreferenduma. Argi utzita datozen hiletan berriz saiatuko dela Espainiako Gobernuarekin hura adosten, Madrilen erantzuna berehalakoa izan bada ere: 1934ko urriko iraultzarekin alderatu du. Matxinada armatua litzatekeela, alegia. Baliteke urtea egitea Espainiak gobernurik gabe. PSOEren barne txikizioak Estatuaren egoeraren berri ere ematen du. CUPetik itzulinguruka ibili gabe adierazi dute: Espainiako nora eza baliatu behar du Kataluniak independentzia lortzeko. Iaz katalanei iseka egin zieten, gobernua eratzeko zeuzkaten oztopoengatik. Zentroeskuinetik antikapitalismora doan independentismoak lortu du, alabaina, errepublikaren ideian batzea; nahiko lukete espainiarrek oinarrietan gutxienez ados egotea, estatua zuzenean desegiten ari zaiela ikusita. Datorren asteko politika orokorreko debatean argitu behar dute irailaren 17an ala 24an egin erreferenduma. Azken txanpan sartuko dira, Espainia inoiz baino okerrago dagoen unean.

2017ko ekainean egin behar du Puigdemontek erreferendum deialdia; ordurako, eratuta behar lukete Estatu berriko erakundeek, eta gauzatuta deskonexioak. 2014ko azaroaren 9ko desobedientzia ariketa itzela izan zen, baina orain bertan, gaindituta daukaten «pantaila» da, inolaz ere errepikatzerik ez dagoena. Generalitateak deitu eta antolatu behar duen erreferenduma izan behar du 2017koak, eta horrek, ezinbestean, legitimazioa behar du. Gordin esanda, ekainerako Bartzelonan behar du indarraren monopolioak, eta ez Madrilen. Bozketarako behar diren funtzionarioek, esaterako, argi izan dezaten nondik datozen aginduak, nori obeditu. Eta hori ezin da ideologia edo borondate kontua izan, unean uneko funtzionarioaren araberakoa.

Datozen asteetan jokatuko da independentzia, neurri handi batean: etzidamu zehaztuko dute erreferendumaren data; hamabost egun geroago, lehen deskonexio legea onartuko dute: frankismoaren zigorrak indargabetzen dituena. Eta hura aurkezten dutenen artean, JxSi eta CUPeko hautetsiez gain, Catalunya Si que es Potekoak ere badaude. Pentsa liteke ekimen sinbolikoa dela, frankismoko errepresaliatuei egindako omenaldia, baina badu, horrez gain, irismen luzeagoa. Ramon Cotarelo Kataluniaren independentziaren aldeko espainiar politologoak dioenez, «ez du merezi eztabaidatzeak Espainia zirkunstantzialki den frankista edo frankismoa espainiartasunaren baitezpadako baldintza den. Oraingoz, frankismoarekin apurtzea Espainiarekin apurtzea da». Duda gutxi hausturari ezetz esango diotela eskuineko bi alderdiek, baina PSCren erreakzioa ondo aztertu beharko da. «Frankismoak egindakoa baliogabe izendatzean, trantsizioa bera zalantzan jartzen da eta egungo egoera airean uzten da, egungo erakundeen legitimitatea orduan egindakoaren araberakoa baita. Bestela esanda, frankismoa baliogabea bada, egungo Auzitegi Konstituzionala ez da legitimoa eta ez du Parlamentuarekiko aginterik, azken horrek Nuriako 1932ko estatutuan baitu autoritatea, gerora kolpista talde batek indargabetua. Iragana ez dago aldatzerik, baina berriz interpretatu daiteke, eta horren arabera egin geroan», dio Cotarelok. «Frankismoa salatuz eta indargabetuz, Kataluniako independentismoak inork ukatu ezin duen legitimitatea hartzen du».

Legitimazio hori lortuta, bidea egin beharko du independentismoak, jakinik hamaika hilen buruan galdeketa loteslea egingo dela, eta Estatuaren esku dagoela hura adostu ala ez ebaztea. Galdeketarako ia urte bat falta arren, deskonexioa berehala abiatuko da, eta Espainiako egungo Estatuari legitimazioa kentzen dion lege baten bidez egingo du. Hortik aurrera datorrena, Konstituzionalak subiranotasun adierazpenaz zernahi ebatzita ere, baliogabea izango da Katalunian. Parlamentua bihurtzen da, beraz, herritarren borondatearen adierazle bakar, eta ukatu egiten zaie haren aurkako beto-eskubidea Espainiako auzitegiei.

Kataluniatik Euskal Herrira etorrita: Espainiako Gobernu errepublikanoak euskal Estatutua onartu zuenetik 80 urte bete ziren atzo. Ostiralean beste horrenbeste beteko ditu lehen Jaurlaritzak, euskal estatu ia-independentea sortu zuen hark, bere diru eta gudarostearekin. Une egokia izan liteke euskal estatu haren legitimitatea aldarrikatzeko, eta Lauaxeta zein Txiki eta Otaegi fusilatzeko erabili ziren epaiak zein frankismotik eratorritako auzitegien legitimitatea indargabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.