Mexiko izan zen diktadura biribila, Vargas Llosa zenaren hitzetan, Lopez Obrador presidente ohiak sortutako mugimenduak PRI alderdiaren ondare politikoa lurperatu zuen arte. Halakorik gerta zitekeenik pentsatzea ere ezinezkoa zirudien Mexiko bezalako herrialde kontserbadorean, orain hogeita hamar urte. Gaurkoak ikusita, kanpotik batez ere, xelebre samarra suerta daiteke jakitea garai haietan ezkerreko eragile politikoek kasik ez zutela eraginik Mexikon. Hiriburuan bai, eta Chiapas, Oaxaca eta Guerrero bezalako eskualde ezin txiroagoetan ere bai, baina hortik kanpo ia ezer ez. Horregatik da askorentzat miresgarria Lopez Obradorrek lortu zuena 2018ko hauteskundeak irabazi zituenean. Tematia gizona, hamarkadak zeramatzan Mexikok bizi zuen egia aztertzen. Horregatik jakin zuen, Televisaren egiek besterik bazioten ere, aldaketa gauzatzeko baldintzak benetakoak zirela.
Garaipena lortzeko, Andres Manuel Lopez Obradorrek, AMLOk, garai bateko ezkerrari bizkarra eman, eta Morena sortu zuen, bere beharrizanetara egokitutako fronte zabalaren antzeko zerbait, alegia. Frankenstein sortua izan zen antzera, handik eta hemendik hartutako indar, eragile eta lagunekin sortu zuen mugimendua. Bertan sartu zituen, atzora arte ezker muturrekoak izandakoekin batera, hain ezkerrekoak ez zirenak, eta baita gizarte gaietan aurrerakoiak izanik arlo ekonomikoan liberalak ziren mordoxka bat ere. Ahaztu gabe, noski, PRIkoa izan zenean AMLOk egindako lagun minak. Neguko jauregiari azken erasoa egiteko, gainera, aliantza oso bitxiak egin behar izan zituen gizonak, eskuin ultrakatolikoari iparraldeko eskualdeak lehiatzeko batez ere. Euskal Herritik hobeto ulertzeko, aipatu diktadura biribil haren kiratsa gainetik kendu ezinik dabiltzan mitxelinak ugari eta eroso daude Mexikoko 4. Eraldaketaren, 4E bezala ezagun den mugimendu politikoaren erakunde eta administrazioetan.
Garaipena lortzeko, AMLOk, garai bateko ezkerrari bizkarra eman, eta Morena sortu zuen, bere beharrizanetara egokitutako fronte zabalaren antzeko zerbait, alegia
Mitxelin horietatik ezagunenak, agian, Adan Augusto Lopez Hernandez eta Ricardo Monreal dira, Morenak Senatuan eta Parlamentuan dituen talde parlamentarioen koordinatzaileak, hurrenez hurren. Biek hauspotu zuten AMLOren presidentetza, eta biak izan dira erabakigarriak bide eraldatzailean. Lopez Hernandez erabateko piztia politikoa da. Berak lortu zuen Konstituzioa aldatu eta Botere Judiziala hauteskunde bidez berriztatu ahal izateko Senatuan falta zen boto bakarra ofizialismoaren atzaparretara eramatea. PRI barruan ikasitako trikimailu ez oso txukunak baliatu zituen, baina horri esker lortu zen iraganari gotortuta zegoen azken boterea, epaileena, demokratizatzea.
Biak ala biak, Lopez eta Monreal, ondoan nahi izan zituen AMLOk beti, badaezpada ere. 2024ko hautagaia aukeratzeko prozeduran parte hartu zuten biek, garaipena ezinezkoa bazuten ere, Claudia Sheinbaum zelako presidentearen kutuna eta oinordeko politikoa. Hauteskundeen aurretik hausturarik ez zela izango bermatzeko, lehian izan ziren guztiei kargua agindu zitzaien, prozeduran lortuko zuten onespenaren araberakoa. Horregatik daude biak dauden tokian, daukaten boterearekin. Lorenzo Meyer historialariak ohartarazi bezala, «Makiabelok gomendatuko ziokeenaren alde eginez, AMLOk biak bereganatu zituen, neutralizatzeko. Orain oztopo bihurtzen ari dira, bai, baina duela gutxi arte probetxu handia atera diete biei».
AMLOk haustura ekiditea lortu zuen orduan. Ez dago batere argi Sheinbaumek lortuko ote duen orain. Adan Augusto Lopez Hernandez senataria albiste izan da asteotan, orain jakin dugulako Tabasco eskualdeko gobernadore zenean Segurtasun sailburu izendatu zuen Hernan Bermudez komandanteak La Barredora deituriko talde kriminala sortu eta gidatu zuela. Bermudez ihes eginda dago. Lopez jakinaren gainean bazegoen, zegoelako, eta ez bazekien… inor gutxik sinisten du hori. Lopezi oldarraldia etxe barrutik etorri zaio, Morenako ezkerreko eragileen partetik. Liposukzioa egin, eta mitxelinaren txitxiak gainetik kentzeko aukera paregabea.

Mugimenduaren hausturaren mamua, baina, Ricardo Monreal diputatuak berpiztu du asteon, 2027an izango diren hauteskundeetako hautagaiak hizpide. Edo bere gogaideak sartzen dituzte lehian, edo agur. Hori izan da, gutxi gorabehera, mehatxua. Morena barruan Monreal arbuiatzen dutenek ondo dakite zer jazo zen Mexiko Hirian 2018ko hauteskundeetan. Ezkerraren tradizioa izan da Mexiko Hiriko gobernu burua izatea hurrengo presidentegaia. Hori jakinik, bere burua nahi zuen karguan, baina AMLOk hiribururako Sheinbaum aukeratu zuenean, kasketa hartu eta hiriguneko kale saltzaileen artean zuen predikamentua baliatu zuen Cuauhtemoc udalerria, handienetako bat, oposizioaren esku uzteko. Hiria bitan zatituta geratu zen, garai bateko Berlin hura bezala, Mexiko Hiriaren erdia ezkerrarentzat, eta beste erdia, aberatsena, eskuinaren esku. Morena barruko ezkerrekoek ez diote hura barkatu.
Etxe barruko liskarrak nahikoa ez, eta Claudia Sheinbaum presidenteari areagotu egin zaizkio, urtarrilaz geroztik, iazko kanpainan hasitako erasoaldiak. Narkohautagai zena narkopresidente ei da gaur, eta narkogobernuaren ingurukoak aitzakia izan dira Pam Bondirentzat, Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusiarentzat Mexikori mehatxu egiteko. Morena barruan ezkerreko aitortzen direnek ondo dakite zenbaterainokoa den arriskuaren tamaina, eta badakite arestian aipatutako bi horiek ez direla 4. Eraldaketaren ibilbidea zapuztu dezaketen mitxelin bakarrak. Edo liposukzioan asmatzen dute, edo litekeena da hurrengo presidente mexikarra eskuinekoa ez, eskuin muturrekoa izatea.