Khaled Said 28 urteko blogariaren irudia erruz ikus daiteke egunotan Kairon. Tahrir plazan pankartetan paratu dituzte haren irudiak, eta herritar ugarik haren argazkia eraman dute eskuetan. Egiptoko Che Guevara bilakatu da, eta, harekin bezala, iraultzaile honekin ere negozioa egiten ari dira Kairon; kamisetak, biserak, afixak... Tahrir plazan landatu dituzten zuhaitzetan, paperezko ehunka mezuren artean, haren irudia da gehien ikus daitekeena. Heroitzat daukate iraultza honetako lehen martiria. Azkena zein izan den jakiterako, berriz, denbora beharko da, eta akaso azkenekoa izango dena ez da oraindik hil.
Iraultzaren garaipena azaleratzeko beharra dute egiptoarrek egunotan. Eta letra eta marrazkiekin egiten ari dira hori. Mohamed Mahmud kalean, hogei metro luzeko paretan, grafitilariek dozenaka marrazki egin dituzte iraultza ardatz hartuta. Gizako piramideen marrazki baten alboan, iraultza zuriaz mintzo dira kaleko pintura horietako batean. Ukabila itxita duen grafiti bat ere ikus daiteke, barruan 25 zenbakia duela, iraultza hasi zen egunarena.
Plazan egunotan elkarretaratu diren herritar askok eta askok ere kartelak eraman dituzte eskuetan euren mezuak helarazteko. Letra arabiarren artean latinoak ere ikus daitezke tarteka, beti ere, ingeleraz. Mubarakek eramandako money-ari egiten diote erreferentzia gehienek.
Plaza garbitzen eta txukuntzen aritu diren gazteak ere umorez aritu dira lanean. «Tahrir inoiz baino ederrago utziko dugu gaur», esaten dute garbitzen ari diren gazteek eskuetan erratzak eta pintura potoak dituztela. Mezu serioagoak eta mezu ironikoagoak irakur daitezke. «Koldarra dena koldarra da, eta ausarta dena ausarta», dio horietako batek. Mubaraki itzultzeko eskatzen dio beste batek: «Lasai egon zaitez, hau kamera ezkutua zen».
Tahrir plazatik
Martirien zuhaitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu