Ziaboga da estropadetako ariketarik konplikatuena, eta, tentsioaren eta itsaso zakarraren ondorioz, batzuetan ziabogaren arrauna puskatu izan da. Berlinen ez da itsasorik, eta are gutxiago estropadarik, baina ziabogarenak metafora gisa balio dezake Friedrich Merzi zer gertatu zaion ikusteko. Egoera politiko eta ekonomiko konplikatu batean, ziaboga politikoa egin du CDUko buruak joan den otsailaren 23an hauteskundeak irabazi zituenetik, eta gaurko lehen bozketan ikusi da ez dela onik gabe irten hain mugimendu bortitzetik. Arraun puskatuarekin gobernatu beharko du.
Azken urteetan —eta kanpainan ere, ñabardura batzuekin—, Merzek defendatu egin zuen zero defizitaren edo zorraren galga deitutako politika. Bi hitzetan, Alemaniako Estatuak ezin zuela zergetan jasotzen zuena baino gehiago gastatu. Angela Merkelen ekimenez, konstituzioa ere aldarazi zuten, austeritatea betikotzeko. Baina zuhurtziak kostu ekonomiko eta politiko handia izan du: nahiko dirurik ez da jarri azpiegiturak eguneratzeko, inbertsiorik ez da egin digitalizazioan eta sektore berrietan, eta gainbehera horren etekin politikoa AfD eskuin muturrak patrikaratu du.
Horregatik —eta Donald Trumpek Europa militarki babesteari utziko ziola iragartzeagatik—, hauteskundeak irabazitakoan, Merzek osoko zuzenketa bat jarri zion CDUren azken urteetako mezu politikoari, eta defizit bidezko gastuaren alde egin du. SPD sozialdemokratarekin gobernua osatzeko, gastu militarraren zati handi bat defizita kalkulatzeko sistematik aterako dute, eta azpiegituren berritzea zorraren bitartez finantzatuko duen bilioi erdiko inbertsio plana negoziatu du SPD sozialdemokratarekin. Konstituzioa ere aldatu dute, berdeen laguntzarekin.

Baina, iritzi politikoz bortizki aldatzeak bere kostua izan dezakeela erakutsi du gaurko lehen bozketak. Sekretua zenez, ezin da jakin zehazki nork ez duen lehen bozketan Merz babestu nahi izan, baina, dirua inon jarri behar izatekotan, CDUko diputatu batzuen protesta botoa izan dela uler daiteke, haientzako dogma izandakoa hain erraz zakarrontzira botatzeagatik. «Hauek dira nire ideiak; ez badituzu gustuko, baditut beste batzuk», esaldi marxistak ongi laburtzen du egoeraren zigorra.
Gainera, koalizioa osatze aldera, Merzek alde batera utzi behar izan ditu bere zenbait promesa —errenta zerga jaistea, gastu publikoa asko jaistea...—, eta SPDren politika batzuk irentsi behar izan ditu —gutxieneko soldata handitzea eta berriztagarrien aldeko apustuari eustea, esaterako—. Ondorioz, CDUko sektore bat beldur da kantziler berria ez ote den Merkel berri bat izango, «zentrista» bat eta ez AfD ultraeskuindarrari aurre egingo dion eskuindar peto bat.
Horri batuz gero pertsonalki Merz ez dela bereziki maitatua eta ahoa berotu ohi zaiola, arbuio baterako koktela osatuta dago.
Koalizio ahula
Bigarren bozketak auzia bideratzeko balio izan dio CDU-SPD koalizioari, eta dagoeneko Merz da kantzilerra. Baina hasieratik argi geratu da Grosse Koalition edo koalizio handia ez dela hain handia, eta, batez ere, ez dela oso sendoa.
Ezein erabaki hartu aurretik, Merzek ongi neurtu beharko du Bundestagek onartuko duen ala ez, eta hori ez da formularik onena erabaki ausartak edo arriskutsuak hartzeko, noiz eta Alemaniak bizi duen krisi politikoak eta ekonomikoak horrelakoen behar handia izan dezakeela iradokitzen dutenean.
Europatik begira ere, ez da hasiera ona izan. Barne egoera bideratzea lortzen ez badu, zaila izango du Merzek Europako Batasuneko beste bazkideek espero duten lider sendoa izatea. Eta horren beharra du Europak trumpismoaren haize zakarrari eta zatarrari aurre egin ahal izateko.