Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Mexiko birkonkistatzeko askotariko asmoak

2026ko abuztuaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mexiko Hirian, bertan behera geratu da azken orduan Espainiako Koroarekiko mendekotasuna goratzeko konkistaren nostalgikoek abuztuaren 14an eta 15ean egin behar zuten Zutoihalaren Ibilketa. Antolatzaileek beraiek onartu dute amore eman behar izan dutela ekimenaren iragarpenak eragindako «polarizazio eta intolerantzia» giroagatik. Zutoihalaren Ibilketa erregeordetza garaian egiten zuten Mexiko Hirian, eta ospakizun zibikoa zen 1521ean Hernan Cortes kapitainaren soldaduek Mexiko-Tenochtitlan azpiratzeko egindako erasoan hildako espainiarrei gorazarre egiteko.

La Esperanza egunkari katoliko-monarkikoaren hitzetan, «Mexikoko lurretan benetako Jainkoarekiko eta zinezko Erregearekiko leialtasunaren erakustaldi publikoa da» aipatu ospakizuna. Independentziarekin batera ibilketa hura desagertu bazen ere, 2021. urtean berreskuratu egin zuten hiriburuan, eta, aipatu hedabidearen esanetan, ez litzateke folklore hutsa, «benetako Jainkoarenak eta Henrike V.a errege legitimoarenak diren lur hauek birkonkistatzeko lehen urratsa» baizik.

La Jornada egunkariak jakinarazi zuenez, aurtengoan eskuin muturreko hainbat erakundek bat egin zuten ibilketarekin, besteak beste, Batasun Nazional Sinarkista eskuin muturreko erakundeak, eta jatorri espainiarreko eta mugimendu karlistarekin lotutako Celedonio de Jarauta Zirkulu Tradizionalistak. Albisteak hautsak harrotu, eta antolatzaileak ekitaldia bertan behera uztera bultzatu ditu.

Izan ere, eskuin muturreko askotariko eragileak lehia bizian dabiltza Mexikon, Claudia Sheinbaum presidenteari opa dioten balizko porrotaren ondoren agintea hartzeko. Ez dira bakarrik uztailaren 16rako Washington hirian Marco Rubio estatubatuarrak deituriko batzarrean izatea nahiko zuketenak, badira baita joan den maiatzean Isabel Diaz Ayuso espainiarrari historiaren egiak desitxuratzeko alfonbra gorria jarri ziotenak ere. Itsasoaren alde bietako eskuin muturrekoentzat konkista lurra da gaur Mexiko.

Zutoihalaren Ibilketa Mexiko Hirian, artxiboko irudi batean. LA ESPERANZA
Zutoihalaren Ibilketa Mexiko Hirian, artxiboko irudi batean. LA ESPERANZA

Trumpek iaz AEBetako Segurtasun Nazionalerako Estrategia zehaztu zuenetik, argi dago zeintzuk diren Rubio estatu idazkariaren apetak Latinoamerikarekiko. Terrorismo Politikoaren Berpizkundeari buruzko bilera hartan, Rubiok komunismorik zurrunena, makartismoa eta gerra hotza berpiztu zituen munduko 66 herrialdetako mandatarien aurrean: «ezker erradikala» deitu zuena, hau da, marxistak, komunistak, sozialistak, anarkistak, antikapitalistak, antiinperialistak, antifaxistak, edota demokrata zentristak, guztiak «etsai» bihurtu zituen Europa, Asia eta Amerikako agintarientzat, eta argi esan zien haiei guztiei ezkerra biolentoa dela izatez, eta «Mendebaldeko zibilizaziotik» kanpo dagoela. Brasilen urrian izango dituzten hauteskundeetan zer jazoko zain, baliteke Mexiko bakar-bakarrik geratzea oldarraldi atzerakoi horren azpian. Alde horretatik, argiak dira oso mexikarrei iparraldetik datozkien mehatxuak. 

Itsasoz bestaldetik datozen haizeak, berriz, historia bera ukatzetik edo desitxuratzetik datoz. Ayusori ongietorria egin eta etxekotzat hartu zutenen artean, Juan Miguel Zunzunegui historialaria nabarmendu zen. Gizona aspaldi dabil egoskor, mexikartasunaren iruditeria hankaz gora jarri nahian. Haren aburuz, gaur AEBak diren lurretan britaniarrek egindakoa ez bezala, espainiarren kolonizazioa suntsitzailea baino gehiago integratzailea izan zen, eta, hortaz, ez omen zen genozidiorik egon. Ayusoren ondoan esan zuen Hernan Cortes ez zela izan umeek eskolan ikasitako bilau ikaragarri hura, eta irmo defenditu ohi du independentziak, Espainiatik bereizteak, hondamena besterik ez diola ekarri herrialdeari. Bere zuritasunetik, gainera, iragan indigenaren berrikuspena egiteko eskatzen du, europarrak iritsi aurretik ere jatorrizko herrien arteko harremanak odoltsuak zirela azpimarratuta.

Gogaideak badituen arren, Zunzuneguiren tesiak hutsalak lirateke ez balituzte Espainiako muturreko nazionalisten asmoak hauspotzen, ez balute elkar elikatzeko balio. Aldekoak bezala, arerioak ere baditu Zunzuneguik Mexikon. Pedro Salmeron historialariak ohartarazi du historiaren «manipulazio lotsagabean» dabiltzala batzuk itsasoaren alde bietan, egitasmo bateratuan. Apirilean argitara emandako idatzian, Salmeronek argi dakusa jazoeren desitxuratze horrekin Espainian gorrotozko diskurtso nazionalista bat indartu nahi dela, Espainia batu, handi eta librearen mesedetan ez direnen aurka. Egitasmo horiek zuritzen omen dabiltza Mexikon: «Eskuineko dibulgatzaile mexikarrak lotsarik gabe dabiltza gezurretan, iruzur historiografikoak legitimatzen».

Ayuso bera baino arinago, duela hilabete, Mexikon izan zen Cayetana Alvarez de Toledo diputatu espainiarra, eta hark esandakoek erresumin handia eragin zuten. Hernan Cortes eta Isabel Katolikoa bezalakoen jardunak sutsu defenditu zituen, eta historiaren hari horri heldu zion Claudia Sheinbaum presidentearen kontra gogor egiteko: «Herrialdeak subiranotasun arazo larri bati egin behar dio aurre, batez ere krimen antolatuaren indartzeari egotzi behar zaiona, eta ez kanpoko eragileei, eta are gutxiago bidegabekeria historikoei». Ez da kasualitatea ezkerrak gobernua erdietsi aurretik Mexikok izan zituen eskuineko azken presidente biak, Enrique Peña Nietok eta, batez ere, Felipe Calderonek Espainiako hiriburuan hartu izana aterpe.

Eskuin muturrekoak dira bai Trumpen gogaide itsuak, bai Ayusok eta Alvarez de Toledok ordezkatzen dituzten nazionalista espainiarrak, baina muturrekoak muturreko, muturka ere badabiltza euren artean azkenik Mexiko nork konkistatuko, baldin eta bihar edo etzi ezkerrak huts eginez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA