Nepalen gertatu den azken tragediaren ondoren gorpuak kudeatzeko protokoloa aldatu behar izan dute. Forentse nagusiak, egoera aztertuta, beste herrialde askotan ohikoa den zerbait egiten hasi dira, ondo jakinda horrek kritikak eta gatazka eragingo zituela: gorpuak identifikatu gabe ehorzten hasi dira, infekzioak saihesteko.
Abuztuaren 26 goizean, glaziar baten talkak sortu zuen uholdeak erabat suntsitu ditu Katmandu iparraldean, Tibet eta Nepal arteko mugan, hamarnaka herrixka. Adituek azaldu dute glaziarra apurtu eta mendian behera egin zuenean ibai bateko ura harriekin eta lurrarekin nahastu zela eta horrela iritsi zela herrietara. Gune kaltetuetan milatik gora pertsona hil ditu uholdeak, eta, aste bat baino gehiago pasatu denean, beste milaka desagerturen bila jarraitzen dute erreskate taldeek. Baina tragedia honek hainbat fronte ditu. Alde batetik, hildakoak daude; bestetik, hasi berri den krisi humanitarioa: hamarnaka mila pertsona geratu dira etxerik gabe, eta beren bizitzak berreraikitzeko —batez ere baliabide nahikoa ez dituen herrialde batean— hilabeteak edo urteak behar izango dira, adituen arabera. Eta azkenik, tragedia honek Nepalgo kulturaren hainbat zauri ukitzen dituen egoera ere eragin du: gorpuen kudeaketa bihurtu da krisi honen gatazka nagusi.
Gorpuen ehorzketa
Oraindik hildakoen zifrak gora egiten jarraitzen du, eta gorpu gehienak oso egoera txarrean aurkitu dituzte. Trishuli ibaiak kilometroetan behera eraman ondoren, gorpuen deskonposizio prozesua asko azkartu da ura dela eta, eta horrek identifikatze lanak zaildu ditu. Ehunka gorpu Chitwanera iritsi dira, Trishuli ibaiaren ertzean, iparraldeko lehen herrixka kaltetuetatik 100 kilometro baino gehiagora, hain zuzen ere. Bertako ospitale eta gorputegiak segituan kolapsatu dira, eta osasun publikoko krisi bat izateko arriskua zela eta, Chitwaneko baso batean ehorzketa masiboak egiten hasi ziren joan den larunbatean, tragedia hasi eta hiru egun geroago.
Larunbatean 100 gorpu lurperatu zituzten normalean herritarren pasealeku gogokoena den baso batean. Igandean beste ehun inguru. Eta segituan haserrea sortu da, gehienak hinduak diren herri horretan ehorzketa ez baitago ondo ikusia. Herritarrak eta hainbat komunikabide hasi ziren salatzen senideen baimenik gabe ari zirela militarrak ehorzketa inprobisatuak egiten.

Chitwaneko arduradunek azaldu dute ehorzketak behin-behinekoak direla, eta prozesua ondo pentsatua dagoela: lehenengo, etorkizunean identifikatu ahal izateko, gorpuen DNA laginak edo argazkiak gorde dituzte: errekonozitu daitezkeen gorpuaren zatiak, tatuajeak, edo gainean zeramatzaten bitxiak eta abar. Ondoren, basoan masiboki ehortzi dituzte gorpu bakoitzari zenbaki bat emanez. Eta hurrengo fase batean senideei DNA laginak ematera deitu, argazkiak erakutsi, eta horrela identifikatzea dute helburu. Identifikatzen diren gorpuak berriz aterako dituzte, eta senideei eman beraiek erraustu ahal izateko, edo nahi duten itxiera emateko.
Gorpuen pribatutasuna
Katmanduko ospitale nagusietan forentse adituek azaldu dute protokolo hori berria dela, tragedia hau gertatu eta hiru egunera egin behar izan dituztela gorpuen kudeaketaren protokoloan aldaketak. Izan zuten azken tragedian, 2015eko lurrikaran hain zuzen ere —9.000 pertsona hil ziren—, gorpuak hondakin eta lur azpian harrapatuta geratu ziren, ez uretan, eta horrek deskonposizio prozesua aldatzen du. Horregatik, azken tragedia hau bestelako erronka bat izan da gorpuak kudeatzeaz arduratzen direnentzat.
Chitwanez harago, Katmanduko ospitaleetan ere ez dute jaso dituzten gorpuentzat leku nahikoa, eta identifikatze lanak azkartzeko modu desesperatuan muturreko neurriak hartzen hasi dira. Katmanduko Teaching ospitalearen sarreran pareta oso bat gorpuen argazkiekin bete dute. Argazkietan hildakoak ageri dira, lokatzetan aurkitu dituzten momentuan, edo gorputegietara iritsi bezain laster: gorputzaren zatiak galduta, aurpegia erabat deformatua, biluzik... Gorpua aurkitu duten lekuaren izena eta forentse departamentuaren telefono zenbakia ageri da. Desagertuen senideak pareta horretara gerturatu, argazkiak ikusi eta maite dutena bertan aurkitzen badute forentseari deitzea da helburua.
Askok salatzen dute, biktimen shocka eta trauma neurtu ezin direnean, identifikatze estrategia horrek muga etiko guztiak gainditu dituela. Beste batzuek, aldiz —biktimen senide asko barne—, diote dolua egin ahal izateko senideek gorpuak behar dituztela eta edozer onartzeko prest daudela.
Askok salatzen dute, biktimen shocka eta trauma neurtu ezin direnean, identifikatze estrategia horrek muga etiko guztiak gainditu dituela. Beste batzuek, aldiz —biktimen senide asko barne—, diote dolua egin ahal izateko senideek gorpuak behar dituztela eta edozer onartzeko prest daudela.
Katmanduko ospitale horren sarreran, ordea, senideak baino gehiago dira pareta horretatik begiak kendu ezinik dauden kuriosoak, eta inolako kontrolik gabe gorpuen bideoak eta argazkiak mugikorrarekin ateratzen egoten dira bertan. Hildakoen pribatutasuna eta duintasuna, tragedia honen erdian, bigarren planora pasatu dira erabat. Eta ezin da errudunik bilatu; muturreko egoera batean muturreko neurriak hartu behar izan dituzte.