Igor Susaeta.
ANALISIA

Ñabardurak behar ditu diskurtsoak

2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Beharbada gehiegi esatea izango da, baina bai, esan esan daiteke Kataluniako prozesu subiranistak beste etapa bat hasteko aukera duela orain, nahiz eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente (2015-2017) eta JxC Junts Per Catalunyaren idazkari nagusi izandakoak (2020-2022)iazko urrian adierazi zuen prozesua «bukatu» egin zela, hain zuzen, JxCk Generalitatetik ateratzea erabaki zuenean ERC Esquerra Republicanarekin dituen desadostasunengatik. Baina Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetako emaitzek utzitako aritmetikak bide bat ireki du; noiz eta Kataluniako indar independentistak bozetan botoak galtzen ari diren honetan.

Hamarkada bat pasatu da prozesua abiatu zutenetik, eta, nagusitu den kontakizunaren arabera, indar politiko eta eragile sozial subiranistek elkar hartuta egin zituzten urratsak. Egia da. Aktoreen arteko gorabeherak handiak izan ziren, ordea; hori ere hor dago. «Kalean indartsu geunden, eta horregatik egin ahal izan genuen [erreferenduma]». JxCko iturriak dira. Kalea orain ez dago indartsu; ez, behintzat, indar horren termometrotzat hartuz gero ANCk Diadaren egunean Bartzelonan antolatu ohi duen mobilizazio independentista.

Eragile independentistei ohartarazten dietenean manifestazio horretan milioi bat lagun inguru bildu zirela 2018an —Bartzelonako Udaltzaingoarenak dira datuak— eta aurreko astelehenekoan 115.000 izan zirela, erantzuten dute Europan ez dela manifestazio handiagorik egiten. Hala da. Baina jaitsiera handi horrek zerbait erakusten du.

Mahai gainean jarri behar da, gainera, ANCren buru Dolors Feliuren eta Generalitateko presidente Pere Aragonesen arteko harremanak gaiztotuta daudela. Ika-mika bat izan berri dute. Feliuk oraindik esaten du Kataluniako Parlamentuak DUI Aldebakarreko independentzia deklarazioa gauzatu behar duela, hain justu 2017ko erreferendumaren ondorioz iritsi zena. Diadaren biharamunean elkarrizketa bat egin zioten Aragonesi, eta azpimarratu zuen DUI batek orain ez lukeela «ezertarako balioko», nazioartearen aitortzarik ez baldin badu. «Ez da aldarrikapen kontu hutsa. Hamabost aldiz ere atera gaitezke balkoira», erantsi zuen. Geroxeago, Feliuk beste elkarrizketa batean erantzun zion nazioarteko aitortza helduko dela Kataluniak bere burua independentetzat hartzen duenean. «Jendea kalera ateratzeko prest dago». Orain, gutxienez, kontrakoa erakusten du errealitateak, nahiz eta ANCk esan astearteko mobilizazioan 800.000 bat herritarrek parte hartu zutela... JxCko iturrientzat, kalea ez dago «mobilizazio une onenean»; hau da, ez dute bat egiten ANCren zuzendaritzak zabaldutako mezuarekin.

Horiek horrela, hau, agian, garai egokia izan liteke eragile sozialek diskurtsoari ñabardura batzuk egiteko. ANCk eta beste elkarte independentista esanguratsuek —dena ez baita ANC—, Omnium Culturalek, AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteak, Errepublikaren Kontseiluak eta Intersindical-CSCk, beste ia dozena bat erakunderekin batera, independentziaren aldeko herri mugimendua bultzatzeko hitzarmen nazionala hauspotu dute. Ostiralean azaldu zutenez, hitzarmenak eragina izan dezake mobilizazioaren bidez «Espainiako eta Frantziako estatuak konfrontatzerakoan». Uste dute, bide batez, paradigma aldaketa bat gertatu dela, etapa berri batean dagoela prozesua. Aldiz, neurri batean behintzat agortua den errezeta zaharrari ere heltzen diote: U-1ari. Ariketa demokratiko gisa aparteko balioa izanagatik, Marta Rovira ERCko idazkari nagusi erbesteratuak esan izan du ez zuela «behar besteko barne zilegitasunik eduki». Subiranisten artean, ez da gisa horretako planteamendu bat egiten duen bakarra. Urteak igaro ahala, ikusi da independentziaren promesa bete ez izanak —zeren hori agintzen zuten 2015ean, 2016an eta 2017an— eta ondorengo urteetako diskurtso behin eta berriz erabilia —U-1a gauzatu behar dugu— errealitate printzipioarekin ondo ez ezkontzeak nekea eta etsipena eragin dituela herritarrengan.

Atomizazio arriskua

Prozesuaren abiapuntutzat hartzen da Diadako lehen manifestazio masiboa, 2012koa. 1,5 milioi lagunek Bartzelona hartu zuten, eta «independentzia» ozen oihukatu zuten. Artur Mas Generalitateko orduko presidenteak (2010-2016) haren atarian adierazi zuen oso kontuan hartuko zuela mobilizazioaren mezua. Bi aste pasa geroago, hauteskundeetara deitu zuen, eta data bi urte aurreratu. «Herriari ahotsa eman behar zaio». Hau zen testuingurua: herritarrak hasiak ziren Atzeraldi Handia nozitzen; M-15a indartsu zegoen Katalunian; Moncloak esana zion ezetz Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalari; eta Kataluniako estatutu berria murriztua zegoen...

Gauza batzuk ez dira aldatu, baina hamar urte igaro dira, eta buruzagi kataluniarrek gogoan dute gertatutako guztia. Ibilian segitzen dute, baina pausoa lasaituta. ANCk presa sartzen die, eta ohartarazpen bat egin: Espainiako gobernabideari «lagundu besterik» ez badiote egiten, herritarren zerrenda gisa osatuko den hautesle elkarte bat hauspotuko du Kataluniako Parlamenturako hurrengo bozetara aurkezteko. Horrek boto independentistak atomizatzea eragingo luke, horrek dakarren arriskuarekin; edo, are, ANCren egungo zuzendaritzaren tesia ezerezean gelditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.