Euskal Herrian badakigu zer den kuadrilla batean egotea. Askotan eskolan sortzen da taldea, auzoan, edo interesen inguruan. Ez da beti harreman estuetan edo pentsatzeko modu berean oinarritzen; batzuetan, talde bateko parte izatearen sentimendua bera da garrantzitsuena. Eta horrelakoa da, funtsean, BRICS. Munduko potentzia berriek gure herriko kuadrillen kode berberak dituela argi utzi du joan den asteburuan nazioarteko taldeak izandako goi bilerak
Duela hogei urte Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak osatu zuten taldea, eta 2011n Hegoafrika batu zitzaien. Ordutik, kuadrilla handituz joan da. 2024an Egipto, Etiopia, Iran eta Arabiar Emirerri Batuak sartu ziren, eta Indonesia 2025ean. Gaur egun, 11 herrialdek osatzen dute BRICS, eta beste hamarrek bazkide estatusa dute. Taldea handitu ahala, ordea, gero eta zailagoa da guztiek norabide bera hartzea. Hala ere, bada elkarren ondoan mantentzen dituen hari bat: egungo nazioarteko sistemarekin duten desadostasuna.
Ez dituzte interes berak, ezta Mendebaldearekin harreman bera ere. Baina zera partekatzen dute, AEBek eta Europak nazioarteko erakundeetan duten pisua ez datorrela bat gaur egungo botere banaketarekin. Horrek azaltzen du, neurri batean, BRICSek eskaintzen duen erakargarritasuna. Taldean egoteak ahots handiagoa ematen die, eta nazioarteko politikan eragiteko aukera gehiago zabaltzen dizkie.
Hori argi ikusi zen irailaren 12an eta 13an New Delhin egindako goi bileran. 11 herrialdeek New Delhiko adierazpen bateratua onartu zuten, eta garapena, teknologia, merkataritza eta gobernantza globalaren erreforma izan zituzten hizpide. Baina adierazpenean ez zen kanpo politika komun baten arrastorik. Ekialde Hurbileko egoerari buruz, esaterako, tonu neutroa erabili zuten, eta ez zituzten Ameriketako Estatu Batuak aipatu, kideen arteko aldeak gainditzeko. Horrek erakusten du BRICS ez dela Mendebaldearen aurkako aliantza hutsa, eta kideek ez diotela kanpo politika jakin bati jarraitu behar.

India izan da aurten malgutasun horren erakusgarri nagusietako bat. BRICSeko presidentetza izan duen urte berean, New Delhik harremanak estutu ditu AEBekin eta Europako Batasunarekin. Azken batean, kuadrillan egoteak ez du beste kuadrilletakoekin ibiltzea eragozten. Europako Batasunarekin sinatutako akordioak teknologia eta azpiegitura digital publikoak bezalako gaiak jorratzen ditu, eta antzeko lehentasunak ageri dira BRICSen New Delhiko adierazpenean. Horrela, plataforma ezberdinetan, baita kontrajarriak diruditenetan ere, Indiak bere interesak aurrera ateratzeko aukera bilatzen du.
Baina kuadrilla guztietan dago erritmoa markatzen duen norbait, besteek baino pisu handiagoa duen kide bat. BRICSeko kasuan, hori Txina da. Bere ekonomiaren tamainak, merkataritzan duen pisuak eta gaitasun diplomatikoek gainerako kideek baino eragin handiagoa ematen diote. Taldea Txinaren kontrolpean egotetik urrun dago, baina Pekinek besteek ez duten gaitasuna du agenda markatzeko eta lankidetza-arlo jakin batzuetan bultzada emateko.
Hala ere, Indiak argi utzi du Txinaren eraginak mugak dituela. Bi herrialdeek lehia estrategikoa dute, eta azken urteetan lurralde eta merkataritza gaietan tentsioak izan dituzte, baina badirudi BRICSen barruan elkarlanean aritzeko interesa dutela. Xi Jinpingek zazpi urteren ondoren India bisitatu du taldearen aurtengo goi bileran parte hartzeko. Hau gerturatze bat hasi den seinale da, nahiz eta haien arteko lehia ez den guztiz desagertu.
Hor ikusten da aipatutako BRICSen erakargarritasuna: kideek ez dute denean bat egin behar. Herrialdeek gai batean aurrera egin dezakete eta beste batean urrundu. Baina hor dago arriskua ere.
Desdolarizazioaren auzian ere ikusten da muga hori. Txinak dolarraren erabilera murriztu eta renminbiaren —yuanaren— nazioarteko rola handitu nahi du. Indiak, berriz, dolarrarekiko mendekotasuna murrizteko interesa badu ere, ez du nahi mendekotasun hori Txinako monetarekiko bihurtzea. Horregatik, New Delhiko goi bileraren adierazpenak tokiko monetan egindako merkataritza bultzatzen du, baina ez du BRICSeko moneta edo ordainketa sistema komun bat sortu.
Hor ikusten da aipatutako BRICSen erakargarritasuna: kideek ez dute denean bat egin behar. Herrialdeek gai batean aurrera egin dezakete eta beste batean urrundu. Baina hor dago arriskua ere. Eskolan sortutako lagun taldeekin gertatzen den bezala, urteak igaro ahala kohesioa galduz joan daiteke. Hasieran elkartzen dituen horrek indarra gal dezake, eta taldeak gero eta zailago izan dezake norabide bati eustea. BRICSek antzeko erronka du. Taldea zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta handiagoa da haren pisua, baina baita interesen arteko distantzia ere.
Hurrengo urtera begira, Txinaren txanda dator. 2027an Pekinek hartuko du BRICSeko presidentetza, eta Xi Jinpingek dagoeneko «hirugarren urrezko hamarkada» baten alde egin du. Adimen artifiziala, merkataritza, hornidura kateak eta finantza lankidetza sakontzea izango dira, besteak beste, Txinak bultzatu nahi dituen arloak. Pekinek badu horretarako indarra, baina taldeko gainerako kideek ez dute zertan haren norabidea jarraitu.
Horrek ekarriko du BRICSen dilema, ea taldeak bere tamaina eta aniztasuna abantaila bihurtuko dituen, edo eskolan sortutako kuadrilla askori gertatzen zaien bezala, denborarekin elkartzeko indarrak ahulduz joango diren.