Ukrainako gerra amaitzeko azken mugimendu diplomatikoen harira, Europako Batasunak batasun irudia erakutsi nahi du beste behin, baina bi ikuspuntu nagusi daude herrialdeen eta agintarien artean. Batzuen ikuspuntutik, bakea sekula baino gertuago dago Ukrainan, eta gerra bake negoziazioekin amaituko da, aurten, bai Ukrainari eta bai Errusiari negoziatzea interesatzen zaielako. Beste batzuek, ordea, esaten dute Putini ez zaiola interesatzen gerra amaitzea, baina negoziatu egingo duela armekin lortu ez dituen lurraldeak diplomaziaren bidez lortzen saiatzeko, Trump ez haserretzeko, eta gerran jarraitzeko denbora irabazteko.
Azken egunotako bilerek aurre-negoziazioak jarri dituzte martxan, eta mahai gainean zer egongo den erabakitzeko dago oraindik. Erabakitzen dutenean litekeena da publikoa ez izatea; diskrezioa da bake prozesu arrakastatsuen ikurra, eta baita aldeek kontzesioak egitea ere. Negoziazioak hasten direnean, hasten badira, Kiev eta Mosku bakea sinatzera bultzatzeko nazioartean dauden esku guztiak beharko dira; aurre-negoziazioen mahaian daudenenak, eta ez daudenenak ere bai.

Etxe Zuriko Ekialdeko Gelan batzartu dira Trump, Zelenski, Europako potentzia nagusiak, Europako Batasuna eta NATO, George Washington presidentearen erretratuaren azpiko mahai baten inguruan, aurre-negoziazioak egiteko. Bilera egitea bera arrakasta izan da Europako Batasunarentzat, Europak zeresanik izango ez zuela ziotenak isilarazi ditu, momentuz, bilerak. Azken ehun urteotan Europan piztu diren gerra guztien amaieran Ameriketako Estatu Batuen parte hartzea egon da, kontinente europarreko potentzia militarrik handiena delako. Baina negoziazioetan beti egon dira europarrak, europarren arteko borrokak izan direlako. Ukrainako gerra ere hori da, europarren arteko gerra bat. Gerra horretan Estatu Batuen gidaritzapean bakea noiz eta nola lortuko den ikusteko dagoen honetan, Europako aliatuek erabaki zailak hartu beharko dituzte; euren soldaduak Ukrainara bidaltzea, herrialdearen berreraikuntza finantzatzeko zorpetzea, gerrekin mugak aldatu daitezkeela onartzea, Errusiarekin harremanak berregitea, eta Gerra Hotzaren ondorengo segurtasun egituran aldaketak onartuko dituzten ala ez erabakitzea, besteak beste. Hilabeteak behar izan ditu, baina, azkenean, Trumpek ulertu du bere ustetan Bakearen Nobel saria irabazten lagunduko dion bake akordioa lortu nahi badu Europako tropek bakea zaindu beharko dutela, eta horretarako eskatzen dituzten baldintzak negoziatu egin behar dituela. Horregatik, segurtasun bermeen mahaian ere eseri beharko dute Ukraina ekonomikoki eta militarki sostengatzen duten aliatu europarrek. Aurre-negoziazio eta negoziazio mahai bat baino gehiago aurreikusten dira, jorratu beharreko gaiaren araberakoak.
Aurre-negoziazioen mahaian fisikoki ez daudenek ere gustuko ez dituzten hainbat erabaki hartu beharko dituzte bake negoziazioak akordio batekin amai daitezen; Txinak, esaterako.
Errusiari gerrarako armak saltzen eta Mendebaldearen zigor ekonomikoak gainditzen laguntzen ari da Txina, eta iritsi zaio garaia bake negoziazioen bidean ekarpenak egiteko.
Errusiari gerrarako armak saltzen eta Mendebaldearen zigor ekonomikoak gainditzen laguntzen ari zaio Txina, eta iritsi zaio garaia bake negoziazioen bidean ekarpenak egiteko. Ez da nahikoa esatea neutralak direla, elkarrizketa bultzatzen dutela eta gerrarekin zerikusirik ez dutela. Errusiaren aliaturik garrantzitsuenak eragin handia du Putinengan; horregatik, presioa egin behar dio Errusiako presidenteari Ukrainako inbasioa amaitzeko. Horretarako, Txinak uko egin beharko die Ukrainako gerrari ateratzen dizkion etekin ekonomiko eta politiko batzuei. Baina, batez ere, Txinak nazioartean duen pisu handia erakutsi behar du, gerrako gainontzeko potentziek bezala, negoziazio mahaian eseriko ez bada ere.