Nepalgo lehen ministro eta Alderdi Komunistako buruzagiak, KP Sharma Olik, dimisioa eman duela jakin dugu. Honezkero guztiok ikasi dugunez, gazteen protestek bultzatu dute agintarien galera, sare sozialak ixteko haiek hartutako erabakiari erantzunez. Orriotan irakurri dugunez, aste batzuk lehenago Tiktoken eta Redditen biral egindako bideo batzuk ezereztu nahi zituzten. Horietan politikarien eta enpresarien seme-alabak kritikatzen zituzten, eta leporatu harrokeriaz erakusten zituztela luxuzko ibilgailuak, edo, esaterako, oporretan nola ibili ziren; ustez, ustelkeriaren bidez lortutako diruarekin.
Bideo horiek Nepalen grabatuak izan ziren, baina berdin-berdin izan zitezkeen Mexikon eginak, orain hilabete bertako hedabide nagusien albisteei erreparatuz gero: «Badirudi Morenaren austeritate errepublikanoa ez zaiela guztiei egokitzen. Sergio Gutierrez Luna diputatuak eta haren emazte Diana Karina Barrerasek rockstar estiloko bizimodua erakusten dute sare sozialetan, luxuzko jantzi eta osagarriekin, eta hori ez dator bat alderdiaren diskurtsoarekin». Joan den abuztura arte Parlamentuko presidente zenari eta haren emazte eta PT Lanaren Alderdiko diputatuari soinean bost milioi peso —230.000 euro inguru— balio zuten arropa eta bitxiak eramatea eta luzitzea egotzi zieten.
Ez dira horiek izan uda parteko kulebroi bakarrak. Andres Manuel Lopez Beltrani, Lopez Obrador presidente ohiaren seme eta Morenako buruari, argazkiak atera zizkioten abuztuan Tokion, Japonian, luxuzko hotel batean. Horrenbestekoa izan zen harrabotsa, politikariak agiria kaleratu behar izan baitzuen bere jarduna zuritzeko. Bidaia bere diruarekin ordaindu zuela argitu zuen. Alderdiko Antolakuntza idazkari gisa hilero 79.000 peso —3.700 euro inguru— irabazten ditu.
Oso antzekoak izan dira ofizialismoaren beste zenbait goi karguduni gaitzetsitako jardunak. Mario Delgado Hezkuntza sailburua Portugalera egindako bidaiagatik seinalatu zuten, eta Ricardo Monreal Parlamentuko Morena taldeko koordinatzaileari errieta egin zioten uda Espainian pasatzeagatik. Monrealentzat, gainera, bigarren polemika izan zen epe laburrean, azaroan barkamena eskatu behar izan baitzuen helikoptero pribatu bat erabiltzeagatik Parlamentua uzteko. Bi horiek ez dira ofizialismoaren handiki bakarrak, baina bai alderdia desitxuratzen duten mitxelinetan zatarrenetakoak. Horrenbeste, Claudia Sheinbaum presidenteak berak hitza hartu behar izan baitzuen egun horietan «boterea xumetasunez eta apaltasunez» gauzatzen dela gogorarazteko.

Ez ziren hor bukatu, hala ere, udako hizkimizkiak. Abuztuan jakin genuen, ordura arte Senatuko presidente izan zen Gerardo Fernandez Noroñak 12 milioi peso —550.000 euro inguru— balio duen etxea erosi zuela Tepoztlan deituriko herri magikoan. Gizarte mugimenduetan zaildutako militantea, Noroñak irmo erantzun izan die beti eskuineko arerioei. Irmo eta lainezaz ere bai hainbatetan. Etsai ugari egin ditu bidean, baita etxe barruan ere. Eskuinak bortitz egin du Noroñaren kontra etxearen karira. Hain bortitza izan da eraso mediatikoa, arerioen artean batzuk, Denise Maerker kazetariak kasu, bere alde egin behar izan baitute, halabeharrez: «Noroñak badu 12 milioi pesoko etxea erosteko adina diru; hori horrela da Senatuan 200.000 peso inguru —9.200 euro— irabazten dituelako hilero, eta beste horrenbeste, baita ere hilero, Youtuben egiten dituen bideoei esker».
Noroñak ez du inoiz ezer ezkutatu, eta senatari den aldetik eman beharreko argibide guztiak, guzti-guztiak, eman ditu. Zalaparta piztu zenean, argi utzi nahi izan zuen ofizialismoak sustatzen duen laztasuna ondare eta diru publikoei dagokiela, eta ez norberak legez irabazitako diruarekin egiten duenari. Izan ere, egia da Noroña senatariak, karguagatik irabazitakoez gain, sos ederrak irabazten dituela egoera politikoaz egiten dituen gogoeta bideoekin. Eta egia da, halaber, transmisioen amaieran dirua eskatzen diela gogaideei, lan horri eusteko. Dirutza horren berri dakigu, eta beretzat gordetzen duela, Noroñak berak aitortuta. Bitxia gerta daiteke, eta beharbada ez lar bidezkoa, ezkerreko militante batek sakela betetzea herri xehearen pentsura. Zilegi agian ez, baina legezkoa bada.
Arestian aipatutakoak, gehiago edo gutxiago, guztiak izan dira egia. Gauzak horrela, Mexikokoek izango lukete antzekotasunik —kanpotik ikusita behintzat— Nepalen jazo denarekin. Munduko beste muturrean gertatu denaren kontra, baina, Mexikon egin diren salaketa guztiak txarretsitako luxu, bidaia eta bizimodu oparo horretara ohituta daudenen eskutik heldu dira. Nepalen ez bezala alegia, eskuina izan da, eskuin politikoa zein mediatikoa, gehiegikeria horiek agerian utzi eta salatu dituena. Gorroto diote Lopez Obrador presidente ohiari herritar xume eta pobreak lehenetsiz eskuratu zuelako agintea, eta ez dizkiote barkatzen galduarazi zizkien mozkinak.
Pitzadurak atzeman dituzte eraldaketa politikoa sustatu nahi duen mugimenduan, eta horiek baliatu nahi dituzte gogo askatzaileak zapuzteko.
Pitzadurak atzeman dituzte eraldaketa politikoa sustatu nahi duen mugimenduan, eta horiek baliatu nahi dituzte gogo askatzaileak zapuzteko. Herritarrenganako apaltasuna bezala, mugimenduko mitxelinak gainetik kentzeko zuhurtzia eta irmotasuna beharko ditu Sheinbaum presidenteak.
Oharra: auzi honetan aparteko aipamena mereziko lukete Beatriz Gutierrez Muller, Lopez Obradorren emaztearen eta bien semearen kontra idatzi eta esan diren guztiek, argi geratu baita hutsaren hurrengoak zirela. Aipamena ez ezik, horrek aparteko gogoeta mereziko du.