Igor Susaeta.

Oihaneko legea

2026ko irailaren 24a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaila da norbait irudikatzea Donald Trump bezalako gizaseme bati publikoki eskerrak ematen, ez baldin bada koipea ematen ari zaiola dion beldurragatik. Gertatu izan da, ordea. Delcy Rodriguez izan da azkenekoa: eskerrak eman dizkio gaur goizaldean; nork eta Venezuelako presidenteak, zeina apirilera arte AEBek zigortua zegoen. Azken 25 urteotan, Caracasek Etxe Zuriari eskerrak ematekotan, sarkastikoki eman dizkio, Hugo Chavesen edo Nicolas Maduroren ahotik.

Chaves hilda dago, eta Maduro, AEBek bahituta, New Yorkeko kartzela batean. Handik hamabost kilometro ingurura irudikatu du Rodriguezek Trumpen aurreko amore ematea. Kito. Urte hasieran, mehatxuak betetzeko, AEBek indar erakustaldi bat egin zuten Venezuelan, eta Maduro gatibu hartu. Esan beharrik ez dago nazioarteko zuzenbidea urratu zutela. Trumpek, inongo eskrupulurik gabeko negozio gizon bat izaki, mundua bezain zaharra den lege bat aplikatu zuen: oihanekoa. Jarrera disruptibo bat hartuta, eremu horretara eraman nahi ditu nazioarteko harremanak. Ez dago argi hori zer den: tristea ote den, etsigarria, beldurgarria...

Rodriguezek ikusi zuen Trump jazarroia zertarako gai izan daitekeen, eta hari men egitea erabaki du; hau da, bakeagatik-edo, egonkortasunagatik-edo —beldurragatik, ziur—, Venezuelako ateak ireki dizkio AEBetako kapitalari. Latinoamerikan badakite zerbait horri buruz, bai, baita AEBek beren mesedetan egindako esku hartze militarrez (Nikaragua) zein diplomatikoez ere (Txile).

Chavista batzuekin hitz egin zuen BERRIAk duela urte erdi. Esaten zuten, besteak beste, «taktikoak» zirela AEBei egindako kontzesioak. Ematen zuen konformatzen zirela Trumpek Maria Corina Machado hauspotu ez izanarekin. Zertarako, ordea, eskerrak emango dizkion beste bat baldin badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA