Nazioarteko hainbat hedabidek Alemaniako indar armatuek hezurmamitu duten plan militarraren berri eman dute. Bundeswehr-ek 1.200 orrialdeko Oplan Deu dokumentua idatzi du Errusiarekin gerra piztuz gero zer egin behar den erabakitzeko. Vademecum horretan, The Wall Street Journal-en arabera, 800.000 soldadu NATOren ekialdeko mugara eramatea aurreikusten du Berlinek. Hamabi agintari militarrek idatzitako dokumentu horretan, argibide zehatzak ematen dira, eta, lehentasunen artean, zera agertzen da: ekipamendu militarra lekualdatzeko erabiliko liratekeen portuak, zubiak eta errepideak berritzea; alegia, azpiegitura zibilak erabilera militarrerako egokitzea. Azkenaldian, Alemaniako Gobernuak behin baino gehiagotan nabarmendu du herrialdeko azpiegitura askoren egoera kaskarra. Hamarkada luzeetako inbertsio publiko mugatuaren ostean, autobide, zubi eta pasabide dezente ez dira gai ibilgailu handien pisua jasateko. Hori horrela, Friedrich Merzen gobernuak bilioi bat euro arteko inbertsioak onartu ditu —denak zor bidez— azpiegitura horien egokitzapena finantzatzeko.

Alemania paradigma aldatzeko aro batean da, eta testuinguru horretan ulertu behar da zerbitzu militarraren itzulera ere. Berlinek ez du zuzenean onartu derrigorrezko soldaduska, baina baldintza zehatzak ezarri du, ustezko helburuak lortzen ez badira derrigortasuna ezartzeko. 2026an, 18 urte betetzen dituzten gazte guztiek, neskek eta mutilek, galdetegi bat bete beharko dute, eta nahi dutenei borondatezko zerbitzu militarra egiteko aukera emango zaie. Exekutiboak pizgarri ekonomikoak iragarri ditu borondatezko errekrutamendua egiteko prest daudenentzat, eta hilean 2.600 euro gordin emango dizkie. Halere, araudi berrian argi geratzen da borondatezko errekrutamenduarekin espektatibak betetzen ez badira derrigortasuna ezarriko dela. Galdetegia beteko duten mutilen artean egingo litzateke hautaketa hori. Merzek Europako armadarik indartsuena sortu nahi duela dio, eta Defentsa Ministerioak 180.000 soldadutik 255.000 soldadura iritsi nahi du datozen hamar urteetan. Bestalde, erreserbista kopurua ere bikoiztu egingo dute 200.000ra iritsi arte. Armada profesionalizatzea eta lanbide bihurtzea da helburua, exekutiboaren iritziz.
Lehentasunen artean, zera agertzen da: ekipamendu militarra lekualdatzeko erabiliko liratekeen portuak, zubiak eta errepideak berritzea; alegia, azpiegitura zibilak erabilera militarrerako egokitzea
Nolanahi ere, Alemania ez da herrialde bakarra. Europa iparraldean, Danimarkak, Finlandiak eta Norvegiak derrigorrezko deialdi partzialak ezarri dituzte. Lituaniak, Suediak, Letoniak eta Kroaziak, berriz, derrigorrezko soldadutza berrezarri dute; Belgikak eta Herbehereek borondatezko sistemaren aldeko apustua egin dute eta Frantziak antzeko eredua onartu du. Eta Italiak? Giorgia Meloniren gobernua araudi berria prestatzen ari da. Baina Alemanian zerbitzu militarraren itzulera protesten artean jaso dute milaka gaztek, eta grebak eta manifestazioak antolatu dituzte herrialdea zabalean. Zerbitzu militarraren derrigortasuna aktibatuz gero, zenbatek esango du ezetz kontzientzia-objekzio eskubidea besarkatuz?