Olatz Arrieta

Orain bai, Errusiarekin deskonexio energetikoa

2025eko maiatzaren 11
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasunak Errusiatik inportatzen du erabiltzen duen gasaren %13 eta petrolioaren %3, eta uranio aberastuaren %38. Batzordeak iragarri berri duen bide-orri energetikoaren arabera, Errusiarekin harreman energetiko guztiak 2027an amaituko dira. Betirako, Ukrainan bake akordioa egon ala ez, Errusiako Gobernuan Putin egon ala ez, edo energiaren prezioa igo ala ez.

Errusiarekiko Europako Batasunaren dependentzia energetikoa askatzeko konpromisoa 27 gobernuburuek Versaillesen egin zuten goi-bileran adostu zuten 2022an, Ukrainako inbasioaren ondoren. Orduan, orain bezala, bazekiten ez dela helburu erraza izango eta deskonexioa apurka-apurka egin behar dela, kalte ekonomikoak eraginda Errusiako energia baita merkeena, baina ez seguruena; gogoratu behar da gasaren esportazioak etetea Errusiako Gobernuak erabaki zuela; kasu gehienetan presio egiteko arma ekonomiko bezala erabili du, aldez aurretik abisatu gabe.  

Deskonexioarekin kaltetuenak Moskurekin harreman onak dituzten Hungaria eta Eslovakia izango dira. Bi herrialde horiei orain arte Errusiatik petrolioa eta gasa ekartzeko baimena eman zaie, porturik ez dutelako eta jasotzen duten energia errusiar merkea saltzen irabazi oparoak lortzen dituztelako. Batzordeak adierazi du haiek ere eten egin beharko dituztela inportazioak, debekatu egingo duelako Bruselak Errusiatik energia inportatzea. Gainera, debeku horri ezin izango diote betorik jarri, erabakia hartzeko aukeratuko duten formula legalak ez duelako aho batez onartzea eskatuko. Horrekin batera, laguntzak agindu dizkie Hungariari eta Eslovakiari. Viktor Orbanen eta Robert Ficoren gobernuak haserre agertu dira batzordearen bide-orri energetikoarekin, eta ez betetzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute. Gauzak horrela, Bruselarekin beste borroka fronte bat ireki da ekialdean.

(ID_14885031) NETHERLANDS USA ENERGY
AEBetatik EBra gas likidotua garraiatzen duen ontzi bat Herbehereetako uretan, aurreko apirilean. OLIVIER HOSLET / EFE


Beste herrialde batzuek, bereziki Espainiak, Belgikak, Frantziak eta Herbehereek, gas likidotu kopuru handiak erosten dizkiote Errusiari prezio onean, Ameriketako Estatu Batuetatik datorrena baino merkeago. 

Trumpen muga-zergek mundu mailako ekonomia moteldu duten honetan, Txinakoa bereziki, gasaren eta petrolioaren prezioak jaitsi egin dira, eta hori onuragarria izango da deskonexio energetikoa egiteko. Horrekin batera, muga-zergen negoziazioetan AEBetako gas likidotu gehiago erostea eskaini dio Bruselak Washingtoni, eta, beraz, Errusiatik etorriko ez den gasaren zuloa beteko dute Ozeano Atlantikoa gurutzatzen duten gas itsasontziek. Gas likidotuaren inportazioak handitzeko eta hornitzaile berrien produktuak jasotzeko Europan zehar eraikitzen ari diren azpiegiturak ere bukatuta egongo dira 2027rako.

Muga-zergen negoziazioetan AEBetako gas likidotu gehiago erostea eskaini dio Bruselak Washingtoni, eta, beraz, Errusiatik etorriko ez den gasaren zuloa beteko dute Ozeano Atlantikoa gurutzatzen duten gas itsasontziek

Errusiarekin betirako harreman energetikoa amaitzeko prozesua hasi besterik ez da egin, ekainean aurkeztuko baititu batzordeak proposamen legal zehatzak. Estatuekin ez ezik, enpresekin ere negoziatu beharko dute erabakia, eurak baitira gasa, petrolioa, eta uranioa erosten dutenak. Errusiar produktu energetikoak erosteko Bruselak jarriko dituen kontrol, debeku eta oztopoen ondorioz, Nord Stream 2 gas hodia berpiztu nahi duten enpresek ez dute horretarako aukerarik izango.

Sobietar Batasunaren garaietatik azpiegitura energetiko guztia Europara begira eraiki dute Moskuko gobernuek. Ukrainaren inbasioa gertatu zenetik, Asiara begira jarri da, gasbide berriak eraikitzen eta Artikoan itsas pasabideak irekitzen. Moskuk ere deskonexio energetikoa martxan dauka: Europako Batasuna eta Errusia lotzen duen harreman ekonomikorik handiena da energetikoa, horregatik harremana betirako apurtzea erabaki historikoa da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.