Jesuitek Mexikon duten Iberoamerikako Unibertsitateko adituen ustez, 2026ko Munduko Futbol Koparen ondarerik garrantzitsuena izango da munduari erakustea indarkeriatik eta narkoen atzaparretatik harago badela berton herri bat abegikorra dena, askotarikoa izatez eta kulturari dagokionez, eta auzolanean aritzeko gai dena. Alejandro Herrera Iberoko irakaslearen hitzetan, Koparen harira mexikarrek aukera dute Hollywoodek beren herrialdearen gainean irudikatu izan duen irudia ezerezteko; hau da, herri basatia, bortitza, pobrea, atzeratua, arriskutsua eta teknologiarik gabekoa den estereotipo toxiko hori gainetik kentzeko. Eta, neurri handi batean, lortu dute mexikarrek munduaren aurrean onik ateratzea, nahiz eta Mexiko Hirian izan zen Munduko Koparen irekiera ekitaldia mehatxupean egon azken-azken unera arte.
Claudia Sheinbaum presidenteak deia egina zien herritarrei baliatu zezaten Kopa batasuna lortu, elkarrekin jardun, bakea landu, berdintasuna zaindu, eta bazterkeriarik gabeko herria lantzeko. Eskuinetik bezala ezkerretik eman nahi izan zioten zaplaztekoa, baina, agintariari. Morena alderditik oso gertu dagoen El Soberano webguneak salatu zuenez, 2014ko Munduko Futbol Koparen ondoren Brasilen eskuinak Dilma Rousseffen kontra emandako estatu kolpea ahalbidetu zuen estrategia bera errepikatu nahi izan du oposizioak Mexikon: «Kopak iraun bitartean Brasilen gizarte eragileek piztutako protesta zilegi haiek guztiak eskuinaren operazio politiko, mediatiko eta judizial bihurtuko ziren berehala, ezkerreko gobernu baten aurkako kolpe parlamentarioa gauzatuko zuena».
Munduko Kopa Mexiko Hirian hasi zen, ekainaren 11n, irekitze ekitaldiarekin, eta Mexikoko eta Hegoafrikako selekzioen arteko irekiera partidarekin. Baloiari emandako lehen ostikadarekin batera, lasaitu ederra hartuko zuten agintariek aurreko egunetan jasotako mehatxu andana hutsean geratu zela ikusita. Ustez, Sheinbaumen ezkerretara dagoen ezkerreko maisu-maistren koordinakundeak Mexiko Hiria hankaz gora jarria zuen aurreko aste bietan, bere aldarri historikoak gauzatu zitezela exijituz. Bazekiten mundua Mexikori begira zegoela, futbolaren aitzakiarekin, eta jakinaren gainean zeuden egiten zutena egiten zutela gobernuak ez ziela egurrik emango. Pultsu bortitza egin zioten Sheinbaumi: edo eskatutako den-dena ematen zien, edo akabo futbol lehiaketa. Presidenteak pultsuari eutsi, eta abuztuan, eskolaz eskola, maisu-maistrekin zuzenean hitz egiten hasiko direla esan die koordinakundeko buruzagiei, hemendik aurrera beraiekin ez dutela hitz egingo azpimarratuz.
Ez zen mehatxu bakarra izan. Ekainaren 10ean Jalisco eskualdetik joandako ehunka ama bilatzailek Azteca estadiora eramango zituen bidea hartu zuten, desagertuta dauzkaten seme-alaben argazkiak paparrean zeramatzatela. Etxeko bilatzaileen atzetik, Sendi Migratzaileen Sarea osatzen zuten gurasoen beste zutabea abiatu zen estadiorantz. Karibeko eta Erdialdeko Amerikako gurasoak ziren, amets amerikarrerantz egindako bidaian desagertutako seme-alaben bila dabiltzanak. Ez batzuk eta ez besteak ez ziren helmugara ailegatu. Rosa Icela Gobernazio sailburuak, emakume eta guraso haien aldarriekin bat egin arren, argi eta garbi esan zien estadio barruan egitekoa zen ekitaldia ez zutela zapuztuko.

Horiek izan ziren mehatxurik argienak; ez bakarrak. Sheinbaumek hitza emana zuen protesta eskubidea bermatuta egongo zela egun haietan ere, inoren kontra ez zela errepresiorik erabiliko, eta Kopako lehen ekitaldi nagusia egin egingo zela. Eta hala izan zen, aldarriak entzun ziren, hezkuntzako langileenak bezala ama eta guraso bilatzaileenak ere; futbolaren festarik handiena festa giroan hasi zen, estadioaren barruan bai, baina baita aberaskume ez zirelako sarrera ordaintzerik izan ez zuten ehunka mila mexikarren topagune izan ziren Zocal-en eta herrialde osoko hamaika plazetan ere; eta, hori lortzeko, Poliziak ez zuen egurrik eman behar izan. Alde horretatik asmatu zuten Iberoko adituek.
Futbol Kopak, hala ere, utzi du lerro artean irakurri beharreko hainbat gogoeta eta pasadizo. Hasteko, Sheinbaumek aspaldi esana zuen bera ez zela Azteca estadioan izango hasiera ekitaldian, eta bete zuen. Berari emandako sarrera zozketan ipini zuen, eta Yolett Cervantes Cuaquehua Veracruz eskualdeko neskatoa izan zen estadioan, hura ordezkatuz. Oposizioak iseka egin zion presidenteari, estadioan izango ziren mexikarren erreakzioaren beldurragatik ez zela joan esanez.
Morena alderditik oso gertu dagoen 'El Soberano' webguneak salatu zuenez, 2014ko Munduko Futbol Koparen ondoren Brasilen eskuinak Dilma Rousseffen kontra emandako estatu kolpea ahalbidetu zuen estrategia bera errepikatu nahi izan du oposizioak Mexikon
Eta estadioa gainezka ipini zutenak ikusita, ez zitzaien akaso arrazoirik falta izan. Hasteko, gutxi askoren pribilegioa izan zen ekitaldirako sarrerak lortzea. Gutxi, aberaskumeak Mexikon gutxi direlako, batez beste; eta asko, mexikarren %3 izanda ere milioiak direlako —lau milioi inguru—. Estreinakoz sarreraren prezioa dinamikoa izan da, eta eskaintzaren eta eskariaren arabera aldatu da, inoizko lehiaketarik garestiena bihurtuz aurtengoa. Horren garesti, partida bukatutakoan ordaindutakoaz egindako kale galdeketan, gutxien ordaindu zuenak 30.000 peso ordaindu zuela esan baitzuen, eta batek estadiora sartzeko 164.000 peso ordaindu zituela aitortu baitzuen. Atera kontuak euroa, gutxi gorabehera, 20 pesotan badago. Irteeran, edanaren pozak hartaratuta, futbolaz gain bestelako aldarriak izan ziren zaleen ahotan, suabeenak Sheinbaum bera narkoekin lotzen zutenak. Eskuinaren akelarrea izan zen estadioaren barruko ekitaldia. Eta guztien buru Ricardo Salinas Pliego, Richi osaba, Ogasunarekin arazoak dituen enpresari ultra-aberatsa, eta ultra-ultraeskuindarra. Sheinbaumek Los Galeana kiroldegian ipinitako pantaila erraldoian ikusi zuen partida, milaka mexikarrekin batera.
Itsasoaren beste aldetik, azkenik, Felipe VI.a etorri zaigu belarriak makur, eta garai bateko laineza ondo irentsita. La Rojak Guadalajaran jokatu duen partida aitzakiatzat hartuta, eskala egin du Mexiko Hirian, Jauregi Nazionalean Sheinbaumekin elkartzeko. Presidenteak, ohi duen patxadarekin, Espainiako Erresumak Mexikoko herri indigenen kontra egindako bidegabekerien aitorpen historikoa eskatu dio, bere garaian Lopez Obradorrek gutun bidez egin bezala, baina oraingoan Espainiakoak ez dio iseka egin eskaerari, eta ezin izan dio ihes egin, aurrekoan egin zuen bezala.