Indiaren eta Pakistanen arteko aspaldiko tentsioak eztanda egin du maiatzaren hasieran. Apirilaren 22an, bi herrialdeen arteko mugan, Kaxmirren, 26 turista hindu hil zituzten atentatu batean, eta Kashmir Resistance talde independentistak hartu zuen bere gain erasoa. Indiak salatzen du talde horrek Pakistanekin lotura duela, eta bere laguntza jasotzen dutela. Horregatik, auzo herrialdearen aurkako hainbat neurri hartu zituen New Delhik; besteak beste, Indian bizi ziren diplomazialari pakistandarrak kanporatzea. Pakistanek beste neurri batzuk hartuz erantzun zuen, eta koskak estutzen jarraitu zuen gatazka militarrera iritsi arte. Apirilaren 24aren eta maiatzaren 10aren artean mugaren alde batetik bestera misil eta drone erasoak egin dituzte. Azkenean, maiatzaren 10ean, su etena adostu zuten bi herrialdeek; baina gatazkak, sakonean, bere horretan jarraitzen du.
Orain, adituek gertatutakoa aztertzean, gatazka armatu laburrak beste maila batean ere eragina izango duela diote; nazioarteko arma industriaren arloan hain zuzen ere.
Txinaren gerra hegazkinak
Maiatzaren 6ko gauean, Indiak 23 minutuko misil eraso bat egin zuen Pakistanen aurka. Indiaren arabera, helburua base terroristak izan ziren, eta gutxienez 100 militar hil zituztela ziurtatu du Indiako Defentsa Ministroak. Pakistanek, aldiz, salatu du eraso horretan zibil pakistandarrak izan zirela biktima nagusi, erasoak batez ere meskiten aurka egin zirela, eta gutxienez 31 pakistandar hil zituztela. Horregatik, erantzuteko, Pakistanek maiatzaren 10ean Indiako base militarren aurka erasoa egin zuen, droneak eta baita gerra hegazkin txinatarrak erabiliz ere. Eta hor dute arreta jarria aditu askok orain; izan ere, gatazka hau Txinako armak probatzeko aukera izan da zenbait hamarkadatan lehen aldiz, eta arma industrian sorpresa hartu dute.
Adituen arabera, Txinak, gatazka horren harira, sektore honetako Deep Seek momentua bizi du orain. Deep Seek aplikazio txinatarrak adimen artifizialaren arloan Asiako potentzia Mendebaldeari aurrea hartzen ari zaiola erakutsi duen bezalaxe, Pakistanek erabili dituen arma txinatarrek sektore honetan ere hobekuntza handia izaten ari direla erakutsi dute. Indiak erabat onartu ez duen arren, Pakistango militarrek ziurtatzen dute Txinak saldutako hegazkinek Indiaren sei hegazkin bota zituztela, hiru gerra hegazkin frantses barne.
Pakistanek lehen aldiz J10-C hegazkin txinatarrak erabili ditu; hauek dira, hain zuzen ere, Rafale hegazkin frantses famatuak suntsitu dituztenak. J10-C hegazkina ez da arlo honetan Txinak sortu duen modernoena —orain bertsio hobetuak ditu—, eta, aldiz, Rafale bai, Mendebaldean gerra abioi onenetakotzat daukate. Horregatik, J10-Cen arrakastak sorpresa sortu du sektorean. Erasoa egin eta gutxira, hegazkin horiek ekoizten dituen Chengdu Aircraft Companyren akzioak %40 igo dira.
Pakistanek lehen aldiz J10-C hegazkin txinatarrak erabili ditu; hauek dira, hain zuzen ere, Rafale hegazkin frantses famatuak suntsitu dituztenak. Erasoa egin eta gutxira, hegazkin horiek ekoizten dituen Chengdu Aircraft Companyren akzioak %40 igo dira.
Orain Txina da Pakistanen arma hornitzaile nagusia, eta Pakistan da Txinari arma gehien erosten diona, sektore honetan Txinak esportatzen duen guztiaren %63ren atzean dago, hain zuzen ere. Beste hainbat herrialdek ere erosten dizkiote Txinari armak, batez ere droneak: adibidez, Saudi Arabiak Yemenen eta Afrikako hainbat herrialdetan erabili ditu dagoeneko).
Ameriketako Estatu Batuekin alderatuta, Txina urrun dago oraindik armen salmentan, baina hartu duen erritmoa ikusita, hori etorkizunean asko alda liteke.
Gatazka amaitu gabe
Su etena adostu eta hamar egun geroago, Pakistango Atzerri ministroak Txinara bidaia ofiziala egin zuen, eta keinu horretan etorkizunera begira Txinarekin armen erosketa areagotzeko intentzioa duela ikusi dute adituek.

Su etena adostu ondoren gatazka militarra etetea lortu duten arren, tentsioa aspaldikoa da, eta bere horretan jarraitzen du. Indiaren arabera, Pakistan eraso terroristaren erantzulea da, arerioak hori erabat ukatzen jarraitzen duen arren. Maiatzaren 12an izan zituzten negoziazioetan su etena urratu izana leporatu zioten batak besteari. Gatazka armatua eten ondoren ere emandako hainbat pauso sinbolikok erakutsi dute Indiak mendekua hartzen jarraitu nahi duela. Adibidez, maiatzaren 18an Indiako Gobernuak Jyoti Malhotra bidaien inguruan bideoak egiten dituen youtuberra atxilotu zuen, Pakistanentzat espiatzea leporatuta. Giza eskubideen arloan salatu dutenez, youtuberra gatazkaren prezioa ordaintzen ari da, besterik ez. Gatazka benetan konpontzea zaila dirudi.
Pakistanek eman dituen pausoetan ere etorkizunerako prest egon nahi duela ikusten da; besteak beste, Txinarekin sektore horretan harreman komertziala estutuz. Ikusteko dago Indiak eta Pakistanek tentsioa kontrolpean mantentzea lortzen duten; ez bada horrela, sektore horrentzat probak egiteko eremu interesgarri bihurtuko da; eta bestela, maiatzeko borroka laburrak kapitulu berria ireki du nazioarteko armen sektorean.