urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

PENen bilerako lezio batzuk

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Mexikarrak eta australiarrak eta kroaziar bat eta euskaldun hau geunden afalostean Puneko (India) hoteleko whiski bat hartzen; literaturaz, musikaz, idazle honetaz eta poema hartaz berbetan. Jennifer Clement mexikarra izan zen datuari erreparatu zion lehena: «Idazle eta kazetari eta editore garrantzitsuak daude egunotan hemen, eta asko da euren guztien presidente izatea —PEN Internationalek lehen aldiz dauka emakumezko presidentea, duela hiru urtetik—, baina hori guztia apaldu egiten da William Nygaard aurrean duzula». Pareko mahaian zegoen William; burua jaso eta irribarre egin zigun. «Hiru bala ditu gorputzean, literaturaren eta adierazpen askatasunaren alde egiteagatik!».

Duela mende laurden izan zen, urriaren 11n. Salman Rushdieren The Satanic Verses (Bertso Satanikoak) lana norvegieraz argitaratu zuen Williamek Aschehoug bere argitaletxean, handik gutxira tirokatu zuten etxe atarian, eta, hilda zegoelakoan, alde egin zuten erasotzaileek. Astebete lehenago Ettore Capriolo italierazko itzultzailea labanaz zauritu zuten Erroman, eta handik gutxira Hitoshi Igarashi hil zuten Tokion. 1988an argitaratu zenetik piztu zituen integrista musulmanen protestak, eta 1989ko otsailean Khomeini Irango aiatolak heriotzara zigortzen zuen fatua kaleratu zuen.

75 urte ditu orain William Nygaardek eta The New York Times-i berriki esan dioenez, ez du damurik argitaratu izanaz, «ez nuen probokatzailea izateko egin, elkarrizketa eraikitzeko baizik». Liburua argitaratzeko hartutako erabaki hori «gure garaiko adierazpen librearen aldeko defentsarik handienetakoa» izan zela esan zuen Rushdiek berak duela ez asko.

Duela 30 urte zurrunbilo haren erdian eratu zen euskal PEN taldea bigarren aldiz; lau hamarkada lehenago Andina Ibiñagabeitiak, Txomin Peillenek, Jon Mirandek, Jokin Zaitegik eta enparauek Parisko erbestean sortutakoak legez, ez zuen luze iraun. Orain hirugarrena daukagu 2004tik, Kataluniatik Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera nazioarteko foroetara eraman eta gu ere taldea sortzera gonbidatu gintuztenetik. Urteetan katalanek emandako babesa geuk itzultzeko unea da orain; Bartzelonan egon ginen martxoan ospatu zuten urteurrenean, eta datorren hilean berriz joateko eskatu digute, erakunde zibiletako buruzagien aurka etorriko diren epaiketen aurka antolatu dituzten literatur ekitaldietan.

Hitzaren bidezko zubi lana izan du PENek beti ardatz, mundu osoko 90 taldetako 200 lagun biltzera iritsi gara aurten Indian. Ganesh Devy hizkuntzalaria izan du sustatzaile handiena —BBCk «708 hizkuntza deskubritu zituen gizona» deitu zion—; Indiako hizkuntzen zerrendatze zehatza egina baitu, azpikontinentean bazterrik bazter ibilita.

Ez zen harritzekoa, beraz, hizkuntzek eta aniztasunak garrantzi berezia izatea aurtengo kongresuan, eta halaxe ageri zen «aniztasuna» afixa, euskaraz, beste hainbat hizkuntzaren artean gureari ere lekua eginda. Euskararen azken mende erdiko lana azaldu dugu, hizkuntza batzetik, ikastoletatik, hedabideetan, Protokolora, Euskaraldira... herriz herri eta arloz arlo egiten den lana, eta Euskal Herri osorako egiten dena. Eta nazioartera begira elkartasunaren paradigma berria dakarren Garabideren esperientzia, edo joan den udan Gasteizen bisitari izan ditugun HIGAko dozenaka gazteak.

Hizkuntzak eta literatura batzen diren lekuan, bada azken urteotako Nobelaren kinieletan nabarmendu ohi den egile bat: Ngugi wa Thiong'o kenyarra; ilusio berezia egiten zidan Afrikako hizkuntzei eta literaturei buruz ideia argiena duten idazleetako bat ezagutzeak: badira 40 urte ingelesez idazteari utzi eta kikuyueraz, bere hizkuntzan, idaztea erabaki zuela. Tamalez, bisa arazoak izan dira eta ez du etortzerik izan.

Annek, Londresen bizi den kenyarrak, aitortu zidan kikuyueraz hitz egiteko arazorik ez badu ere oso zail egiten zaiola bere hizkuntzan idatzitako liburuak irakurtzea. Mari Peeta estoniar kazetariak, berriz, «gakoa estatua izatea» zela ziostan. Hori ere ez dela formula matematikoa diotsat: Irlanda aipatu ohi dugu gehiegitan, baina Sobietar Batasunetik bereizitako estatu gehienetan errusieraren diglosian bizi dira. Aitortu zidan berak ere errusieraz egin behar duela saltoki batzuetan. Baina estatuak badakar berme bat: Tallinngo zinemek azpidatzi bikoitzekin ematen dituzte filmak. «Eta liburuak estonieraz irakurtzen ditugu, sekula ez errusieraz. Asko itzultzen dugu gure hizkuntzan bizi ahal izateko».

Horra gurekiko aldea: minutu batez egongo garen saltzailearekin euskaraz egin ahal izateari deritzogu euskaraz bizitzea, etxetik kanpoko jardunari. Eta natural hartzen dugu bestsellerrak espainolez irakurri beharra, espainolezko dozenaka telebista kate izatea, Azpeitia, Lekeitio zein Tolosako zinemetan asteburu honetan umeentzako filmak espainolez ematea, eta gure diruz ordaindutako zine jaialdiek, Donostiako Zinemalditik Bilboko Zinebira eta tarteko jaialdi txikiagoek, euskaldunok sistematikoki baztertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.