Esaldi batean laburtu nahi bagenu zeinen garrantzizkoa den azken hilabeteotan Kurdistanen eta Turkian gertatutakoa —2024ko abenduaren 28an DEM alderdiaren ordezkari batzuk Abdullah Ocalanengana bildu zirenez geroztik gertatutakoa—, hau esan genezake beharbada: PKK desegitea ez da bukaera, baizik eta beste abiapuntu bat.
Datozen egunetan, aztergai izango dira PKK-k maiatzaren 5etik 7ra egindako biltzarrean ondu dituzten dokumentuak. Honela dio bukaerako adierazpenak: «PKKren borrokari esker, indarrik gabe geratu dira gure herriari inposatutako ukatze eta deuseztatze politikak, eta, borroka horri esker, orain politika demokratikoaren bitartez konpon daiteke kurduen auzia. Beraz, PKK-k lortua du bere zeregin historikoa. Hori kontuan harturik, 12. Biltzarrak erabaki du PKKren erakunde egitura desegitea eta amaitutzat ematea borroka armatua, eta Abdullah Ocalanek kudeatu eta gidatuko du horretarako prozesua. Beraz, amaitu dira PKKren izenean egindako jarduera guztiak».
Biltzar berezia izan da Ocalanek otsailaren 27an egindako deialdiaren ondorioz antolatua. Besteak ez bezalako biltzarra izan da, baina, PKK-ko batzorde eragileko kide Duran Kalkan-ek bere mintzaldian esan duen bezala,«lehenbiziko biltzarraren antzekoa. PKKri bukaera historikoa emateko antolatu da, orain dagokion tokian jartzeko. Hau ez da behin betiko amaiera, ordea. Fase bat itxi, eta bidea zelaituko da beste abiapuntu bat izateko: abiapuntu sendo eta anbiziotsuago bat».
Orain ekingo diote bide horri, baina aspaldi ari dira preparatzen. 47 urteotan, PKK-k eta haren lider Abdullah Ocalanek koherentziaz jokatu dute, ikuspegi argi batez, eskuzabal, gaitasun militarrez eta odol hotzean —baita garairik zailenetan ere—, beti beren helburua lortzeko lanean: bakea.
Azken hilabeteotan, mugimendu kurduak pazientzia handiz lan egin du, isil-isilik, AKP-MHPren gobernuak «nahitaez» bultzatu behar izan duen irekitasun politikoaz baliatzeko —gobernuak ezin baitzien ez ikusiarena egin herrialdeko krisi ekonomikoari eta sultanaren ospe galerari—. Eta arrakala hori aprobetxatu du Ocalanek, etorkizun baketsu baten alde egiteko duen kemenaz. Hark sinatua da otsailaren 27ko deklarazioa, baina bistan da lider kurduak badakiela alde duela jendea: PKK-koak bai, jakina, baina baita bere herriaren parterik handiena ere. Mugimendu kurduak bere egin du molde asanblearioa eta horizontala, eta horixe garatu eta sendotu du azken bi hamarkadetan —ez Turkian bakarrik, baizik eta baita Rojavan eta Iranen ere—; horri esker, modua izan dute probatzeko —ederki probatu ere— Ocalanek proposatutako eredua, hau da, konfederalismo demokratikoa. Bestela esanda, halako guneak (udalak, gazte erakundeak, eskolak, unibertsitateak, kultur elkarteak, emakume erakundeak, haurren mundukoak, eta abar) probaleku egokiak izan dira «bestelako mundu posible horrentzat», etengabeko zapalkuntza gorabehera. Turkiak eta beste indar batzuek gerra eta zapalkuntza besterik ez dute erabili, baina mugimendu kurduak, sekula bere herria defendatzeari utzi gabe —armak hartuta ere defendatuz—, martxan jarri du bere autonomia demokratikoa maila guztietan, irtenbide baketsu baten alde beti.
Otsailaren 27ko bere deklarazioaren bidez, Ocalanek berretsi egin du gatazka esparru politiko eta sozialera eramateko borondatea. «Sistema politiko bat aurkitu eta mamitzeko orduan, demokraziak ez du alternatibarik. Adostasun demokratikoa da bide nagusia», idatzi du, jakinik bere ingurukoek begi onez ikusi dutela egin dien proposamena, bide horretatik abiatuak dira eta. Alde horretatik, PKK desegitea ez da bukaera, baizik eta beste abiapuntu bat. Mugimendu kurduak beti esan izan du gatazka armatua ez zela helburu nagusia —ezta horretarako gai izanagatik ere—.
Hasi den fasea zailtasunez eta oztopoz betea egongo da, dudarik gabe, baina orain Turkiako Estatuari dagokio hurrengo pausoa ematea.