Herenegun RTP Portugalgo telebistako albistegia jarri nuen. Badu halako lilura berezi bat niretzat herrialde hurbil horrek—«gure» estatuetatik kanpo dugun atzerri gertuena, Gasteiztik lau ordura—, Espainian —eta ez han soilik— sortu ohi duen ezinikusi xenofoboaren neurri berekoa. Katalanek edo euskaldunek zer izan nahi dugun galdetzean, Eskandinavia erantzun ohi da; Flandria ere Gaztelaren atzaparretatik libratu zela ere aipatzen du norbaitek, baina inor gutxik Portugal.
Iberiar penintsula oso desberdina zatekeen Gaztelak dena bere menpe izan balu. Lortu zuen, ia ia. Baina une historiko batean, zirt edo zart egin behar, Bartzelona bonbardatzea erabaki zuen, eta Lisboak bere bidea aurkitu zuen. Duela hamar egun ospatu zuten portugesek independentzia berrezartzearen 376. urteurrena. Horren ondorioz, penintsularen eremuaren % 15ean eta sei biztanletik batek, gutxi gorabehera, ez dakite espainieraz. Edo bai, zerbait jakin ohi dute—alderantziz baino nabarmen hobeto—, bisitariak hartzeko lain, edo mugaz bestaldera doazenean erabiltzeko —ez derrigor Espainiara bidean, Europarako bide nagusi ere badute, historikoki harreman gehienak itsasotik garatu izan badituzte ere, Mendebaldeko estatuaren menpe ez egoteko. Baina egunerokotasunean, ez dute behar.
Portugalgo albistegian ez dira bikoizten espainierazko adierazpenak. Azpidatzi bai. Alepori buruzko albiste batean, arabieraz, errusieraz eta ingelesez egon dira adierazpenak, eta hala entzun ditugu RTPn. Umeentzako marrazkiak baino ez dira bikoizten Portugalen, egia esan; gainontzeko saio guztiak, kultuko telesailak, dokumentalak, filmak, musika kateak zein Jersey Shore eta antzeko telezabor saioak, dena azpidazten da (Brasilen, aldiz, bietara jokatzen dute). Grezian telesail bat euskaraz emitituko zutela albiste izan da berriki gurean, Atenasek inork ez badu ere horrela ikusten: «AEBetako telesail arrakastatsuenetan ere ez badugu xahutzen kapitulu bakoitzerako behar den dirutza, zelan gastatuko dugu horrenbeste Euskal Herriko saio baten?»
Hamaika milioi biztanle ditu Greziak. Portugalek, antzera. 10,5 milioi portuges hiztun penintsulan (galizieraz dakitenak aparte utzita). Katalanak antzeko kopurua du. Eta eredu ideala da hizkuntza gutxituentzat, lortu ezineko ideal hori. Ez dago Europa osoan antzeko indarra daukan hizkuntza gutxiturik. Baina badira urteak katalanek hizkuntza gutxituen foroak utzi zituztela. Egoten direnean, eskuzabaltasunez dihardute, baina badakite begirada beste nonbait jarri behar dutela. Eskandinavian, Herbehereetan. Edo Portugalen. Albert Pla i Nualartek zioenez, «askoz kosmopolitagoak izan behar genuke —suediar edo holandar erara—, eta etorkizuneko katalanek askoz ingeles gehiago jakin beharko dute (eta frantsesa, errusiera, txinera, eta abar) eta pixka bat gaztelania gutxiago». Argiago esateko: zein estatus beharko lukeen espainierak Kataluniako errepublikan? Penintsulako beste errepublikan, Portugalen daukan berbera. Ez ohi du arazo handirik izaten espainiera hiztunak Portugalen ibili eta bere burua ulertarazteko, baina estatuak bertako hizkuntzan egiten du herritar zein enpresekin, noski. Hizkuntzaren ezagutza unibertsala izatetik oso hurbil dago Katalunian, eta ondo dakite hori ez dela inola ere normalizazioa, ordura arte hizkuntza hegemonikoak estatus berari eusten badio.
Euskal Herrian ikus liteke Portugalgo telebistaren nazioarteko katea. Portugalen ere TVErennazioartekoa. Baina gainontzeko kateak, ez. Hegemonia etxean hasten baita. RTPn azken erreportajea Olivença herriari buruz da. 600 herritarrek portuges herritartasuna eskatu dute azken hilotan. XIX. mende hasieratik Espainiaren menpe dago herria, Extremaduran, baina Portugalek ez dio subiranotasunik aitortzen. Harremana ahalik eta naturalena izanda ere, ondo dakite norengandik libratu ziren independentzia lortzean. Eta errezeloa hor egongo da beti.

LEKU-LEKUTAN
Portugalera begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu