Olatz Arrieta

Serbian, Europako Batasuna eredu

2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Finantzaketa jasoko duten mineral kritikoen arloan, Europako Batzordeak hamahiru proiektu aukeratu ditu EB Europako Batasunetik kanpo; tartean dago Serbian Rio Tinto enpresa anglo-australiarraren litio meategi polemikoa; aurreikuspenen arabera, Europako autogintzaren beharren %90 aseko dituen proiektua. Txinarekiko litio mendekotasuna murrizteko proiektu estrategikoa da Bruselarentzat; Serbiarentzat, diru iturriaz gain, EBrekin harremanak hobetu eta sendotzeko aukera. Balkanetan EBrekin borroka geoestrategikoan murgilduta dauden Errusiarentzat, AEB Ameriketako Estatu Batuentzat eta Txinarentzat ere garrantzi itzela du meategiak.

Serbiako Jadar bailaran ireki nahi duten meategiaren berria zabaldu zenetik, herritarren eta oposizoaren protestak etengabeak izan dira; hain zuzen, meategiak ingurumenean ondorio kaltegarriak izango dituela salatu dute nekazaritzaz bizi diren bertako biztanleek. Serbia bere orbita geopolitikoan mantendu nahi du Errusiako Gobernuak, eta protestez baliatu da proiektuaren aurka desinfomazio kanpainak antolatzeko; Moskun bost axola zaizkie Serbiako herritarren nahiak eta kezkak, eta Bruselan? 

(ID_14164036) SERBIA LITHIUM MINING PROTEST
Rio Tintoren meategiaren aurkako protesta bat Belgraden, iazko abuztuan. ANDREJ CUKIC / EFE

Joan den urtean, Serbiako Gobernuak eta EBk mineral kritikoen, baterien eta kotxe elektrikoen ekoizpenerako akordio estrategikoa sinatu zuten. Akordioak jasotzen dituen bost puntuetatik bat ingurumenaren eta eskubide sozialen ingurukoa da: «Ingurumen, gizarte, eta gobernantza arau eta praktika gorenak aplikatzea erraztuko da», dio akordioak.

EBn bertan, ingurumen praktikak eta agenda berdearen hainbat helburu azken hilbeteotan nola malgutu —eta kasu batzuetan nola baztertu— dituzten ikusita, Serbian beste hainbeste egingo duten beldur dira asko. Europako Batzordeak nekazariei eta autogintzari araudi batzuk malgutu badizkie, zergatik ez du gauza bera egingo EBtik kanpo arituko den enpresa batekin? Horrez gain, Serbian, EBn sartzeko atea jota dauden Balkanetako beste herrialde gehinetan bezala, ustelkeriak eta zuzenbide estatuaren ahuleziak ez du bermatzen prozesua gardena izango denik. Hori dela eta, Europako Batzordeak gardentasunaren eta zuzenbide estatuaren eredu izan beharko luke litio meategiaren proiektuaren kudeaketan: proiektuaren azterketa independentea bermatuz, gizarte zibilaren parte hartzea sustatuz, eta araudi sozialak eta berdeak betetzen direla ziurtatuz.

Une honetan, gehiago dira Serbian meategiaren kontra daudenak Europako Batasunean sartzearen alde daudenak baino

Serbiako agintariek onura ekonomikoak azpimarratu dituzte, behin eta berriz, 2028an abian jarri nahi duten meategiaren inguruan: milaka lanpostu, BPGaren igoera, Serbia Europako Batasunaren industria produkzio katean sartzea... Onura politikoak ere baditu Belgradentzat: Alemaniako auto industriaren etorkizunerako giltza den proiektua babestuz, Berlin alboan izango du Belgradek EBren kide izateko bide luzean. Ingurumenari kalte egiten dioten proiektuetan historia luzea du Rio Tintotik, eta diote Serbiako eta EBko ingurumen araurik zorrotzenak beteko dituela meategiak. Azken inkesten arabera, hamar serbiarretik sei aurka agertu dira. Une honetan, gehiago dira Serbian meategiaren kontra daudenak EBn sartzearen alde daudenak baino. EBren laguntzarekin ez bada, Errusiaren, AEBen edo Txinaren babesarekin aterako dute lur azpitik serbiarren litioa. Bruselak erakutsi beharko luke serbiarren ongizaterako akordiorik onena berak eskain dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.