Eskozia. SNPren primarioak. ANALISIA

SNP, «sekulako anabasa»

Nicola Sturgeon, 2019ko abenduan, Dundeen (Eskozia), SNPren ekitaldi batean. ROBERT PERRY / EFE.
ander perez zala
2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren garairik arrakastatsuenaren arrazoia, besteak beste, hau dela esan daiteke: Alex Salmond (2004-2014) edo Nicola Sturgeon (2014-2023) buruzagi zuela ere, alderdi independentistak beti erakusten zuela, kanpora begira, batasun itxura ia hautsezina. Barnera begira ere, sentsazioa antzekoa zen; desadostasunak desadostasun —bigarren independentzia erreferendumerako estrategia, kasurako—, beti bat egiten zuten buruarekin, batez ere diziplina aldetik.

Sturgeonen ordezkoa aukeratzeko primarioek, ordea, agerian utzi dute badela barne zatiketa sakon bat SNPn, eta uste baino handiagoa. Michael Russell alderdiaren presidenteak egin zuen ohartarazpena, hilaren 19an, BBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean: «sekulako anabasa» gisa deskribatu zuen barne bozketari begirako kanpaina eta asteotan gertaturikoa. Russellek, azken finean, aitortu zuenSNPren oinarriak ez direla uste bezain sendoak; edo, gutxienez, horietan badirela pitzadura sakonak.

Kate Forbes Finantza ministro eta primarioetako hautagaia izan denaren jarrerak eman zion lehen kolpea Eskoziako alderdi independentistak urteotan eman duen irudiari. Forbes ebanjelikoa da, eta Sturgeonen gobernuak sustaturiko hainbat neurriren eta balio sozialen aurka agertu da kanpainan; kasurako, aborturako eskubidea, Londresek blokeatu zuen trans legearen proiektua, bigarren galdeketa egiteko bide orria eta klima aldaketari aurre egiteko proposamenak. Hau da, Finantza ministroak talka egiten du Sturgeonen ideia progresistagoekin.

Kide kopuruari buruzko eztabaidak eman zion bigarren kolpea SNPri. Hedabideen eta primarioetako hiru hautagaien presioen ondoren, alderdiak azkenean aitortu zuen 72.186 direla; hau da, orain arte jakinarazitakoak (104.000) baino gutxiago —2019an, 125.000 zituen—. Horren ondorioz, SNPren Eskoziako Parlamentuko komunikazioburu Murray Footek dimisioa eman zuen, eta esan zuen «egoitza zentraleko lagunek» behartu zutela kopuru horretaz gezurra esatera.

Hirugarrenik eta azkenik, Eskoziako The Herald egunkariak argitara atera zuen SNPren buruzagitzak ultimatum bat eman ziola Peter Murrell buruzagi exekutiboari —1999tik zegoen kargu horretan—, Sturgeonek talde horretan zuen kontrolarengatik—bikote dira—: dimisioa eman ala zentsura mozio bati aurre egin. Murrellek kargua utzita erantzun zuen, eta argudiatu beti izan zuela asmo hori.

Russellek deskribaturiko nahaspila sorta hori egun gutxiko kontua izan zen; hilaren 17tik 19rakoa, ostiraletik iganderakoa. Ondorioa zera izan da: orain, SNP barne gatazka betean dagoela, bataila ideologikoetan murgilduta. Ikusteko dago, beraz, Salmondek eta Sturgeonek alderdia zentro-ezkerrera mugitu izanak egiazko oinarriak dituen, eta bi politikari horiek gabe iraungo al duen, ala Humza Yousafek, buruzagi berriak, norabidea aldatzea lehenetsiko duen. Printzipioz, ez luke halakorik egingo, esan baitu karguan haren aurrekoak egiten zuenaren jarraitzailea izango dela.

Nolanahi dela ere, gidari berriaren lehen helburua alderdia berriz eraikitzea eta elkartzea izango da, eta herritarrak erakartzea ere bai. Ez da erronka erraza izango, are gehiago ikusirik primarioetako emaitzek barne zatiketa utzi dutela agerian; nabarmen, gainera. Bigarren preferentziako botoak kontuan hartuta, Yousafek babesen %52,1 bildu ditu, eta Forbesek, %47,9.

SNP, berez, gauza asko da, baina batez ere independentismoa da; independentista izatea. Azken aldiko joera, ordea, ez du aldeko: pixkanaka-pixkanaka, azken inkestek islatu dute aukera horren aldekoak gutxitzen ari direla, nahiz eta Erresuma Batutik ateratzearen aldekoak oraindik egoera onean dauden, %45 inguruan. Aldiz, boto emaileentzat, lehentasunak beste bi dira: osasun sistema eta egunerokoaren garestitzea.

Oro har, SNPrentzat, primarioak ezohiko prozesu bat izan dira. Eskoziarentzat, garai berri baten abiapuntua finkatu dute, eta agian horrek eragina izango du Erresuma Batuan ere; besteak beste, Alderdi Laboristari komeni zaio independentisten barne krisi hori, Eskozian gora egin eta 2024ko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak irabazteko.

Galdera bakarra dago orain Eskoziako alderdi independentistaren etorkizunari buruz: urteotan goia jo al du, ala badu oraindik are gehiago hazteko tarterik? Eta kontuan hartzeko beste aldaketa bat: Salmond, Sturgeon, Russell eta Murrell gabe, alderdiak —edo zuzendaritzak— pisu handiena zuten kide beteranoak galdu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.