Hollywoodeko pelikula edo telesail batean pertsonaia txinatar bat dagoela jakin bezain laster sinofobiarekin kritikoak direnek eskuak eramaten dituzte burura. «Ea ze ekartzen diguten oraingoan», eta ez da sorpresarik izaten. Hamarkadak pasatu eta Mendebaldean pertsonaia txinatar bat eraikitzean betiko aspaldiko topikora jotzen jarraitzen dute. Horregatik, The Devil Wears Prada 2 filmaren arrazismoarekin ez da sorpresa handirik izan.
Ostiralean estreinatu den filmean, protagonistaren laguntzailea Jin Chao da, Yale unibertsitatean ikasitako emakume txinatar bat: liburutegiko arratoia; betaurrekoak, estilorik gabeko arropa aspergarria, txikia, trebetasun sozialik gabekoa, jarrera otzanekoa. Filma estreinatu baino lehen eta pelikularen trailerra argitaratu bezain laster, sare sozialetan kritika oldea eragin du pelikulak, eta boikoterako deia egiten ari dira. Salatzen dute Jin Chaoren pertsonaiak aspaldiko estereotipo arrazistak errepikatzen dituela. Txina hain herrialde polifazetikoa izanik, 1.400 milioiko biztanleriarekin, salatzen dute txinatarra den pertsonaia bakoitza horrelaxe eraikitzeak errotuta dagoen arrazismo hori erakusten duela.
Atzean dagoen botere jokoa
Jin Chao pertsonaiaren izenarekin hasita, argi dago puntu arrazista: Mendebaldeko herrialde anglofonoetan Ching Chong hitza modu arrazistan erabili izan da txinatarrez aritzeko; atzean mandarinaren kontzeptu fonetiko sinple eta errespeturik gabekoa dago, eta salatzen dute Jin Chao fonetikoki Ching Chong-engandik gertuegi dagoela. Bestalde, pelikulako giro elegantearen erdian deigarriegia da pertsonaia txinatarraren koadrozko arropa, haren hitz egiteko modu neurotiko eta otzana ere bai. Ez da pertsonaia sakona, ez da sinesgarria. Argi dago, pelikularen gidoigileen artean txinatar bat balego, modaren munduan sartu nahi duen neska gazte bat ez luketela horrela eraikiko.
Eta egongo dira Txinan ere Jin Chao bezalako pertsonak, beste edozein herritan bezalaxe, baina zati txiki bat dira, eta behin eta berriz horrelako pertsonaia bera errepikatzeak txinatarren konplexutasun osoa ukatzen du. Horrelako irudikapenek errealitatea sinplifikatzen dute ikusleen buruan, eta horrela, txinatarrak bloke homogeneo bat bezala ikusten dituzte. Zinemak, batez ere zinema komertzialak, klixeetara jotzen du, erraz ulertzen direlako, eta horrek ordaindu beharreko prezioa dakar: talde oso baten deshumanizazioa, fikzioan ezkutatuta.

Urteetan zehar, Asiako eta bereziki Txinako pertsonaiak bi muturretan kokatu dira: edo jenio isil eta aspergarriak, edo arriskutsu hotz eta kalkulatzaileak. Kontraesanik ez duten pertsonaiak izaten dira, gizatasun arruntik gabekoak. Eta gainera, hori ez da izaten soilik errepresentazio arazo bat, boterea modu leunean bermatzeko modu bat baizik: zer pertsonaia sortzen duten konplexuago eta zer pertsonaia estereotipoz josia, hor erabakitzen da nor den «normala» eta nor den «bestea».
Hamarkadak pasatuta, gainera, badirudi arrazismo horren kontzientzia ez dela areagotzen. Are gehiago, azken urteetako Txinaren gorakadak narratiba gorrototsuak gogortu ditu.
Autokritika egin ordez, ofentsa
Nazioarteko pelikula batean madrildarra den pertsonaia sortu eta une oro siesta egiten edo flamenkoa dantzatzen jarriko balute, kritikak piztuko lirateke bai ala bai. Aldiz, pertsonaia txinatarra denean, Mendebaldean oraindik asko dira arrazismo hori ikusten ez dutenak. Hain errotua dago txinatarren gizagabetzea, ezen oraindik azaldu egin behar izaten den zergatik den arrazista Jin Chaoren moduko pertsonaia bat. 1.400 milioi biztanle dituen Txina bezalako herrialde aldakor eta multikultural bat hartuta beti ezaugarri psikologiko eta itxura berak errepikatzea ez da normala.
Ez bakarrik Txinan. Hego Korean eta Asiako beste hainbat herritan haserrea sortu du pelikula honek. Hala ere, Estatu Batuetan ofentsa hartuz erantzun dute. Hainbat telebista katetako debateetan, txinatarrena gehiegizko erreakzioa izan dela esaten agertu dira hainbat tertuliakide zuri. Beste behin, hor dago autokritika egin eta errotuta dagoen arrazismo hori onartzeko gaitasun falta. Hamarkadak pasatu dira, eta oraindik sinofobiaren kontzientzia Mendebaldean oso txikia dela dirudi; The Devil Wears Prada 2 filmak berriz erakutsi du arazo hori.
Hala ere, filmak sare sozialetan eragin duen kritika oldea bada horrelako jarreren aurkako borroka indartzen ari den erakusgarri. Kritikez gain, gainera, paraleloki badira aldaketak ekartzen dituzten zuzendari gazteak. Diaspora txinatarreko sortzaileak, Txinarekin gertutasuna dutenak edo koprodukzioak bestelako pertsonaiak ekartzen hasi dira pixkanaka: konplexuagoak, kontraesanez beteak, benetakoagoak. Ez da nahikoa estereotipo negatiboak salatzea, benetako pertsonaia txinatarrak sortu behar dira, eta ari dira bide horretan lanean.
Ikusteko dago Hollywood eta Europa erosotasunetik atera eta autokritika egiteko gai izango diren. Bestela, zinemak aurreiritziak indartzeko tresna izaten jarraituko du, eta lehenago edo beranduago atzean geratuko dira.