Garaipena «erabatekoa» izan da, «egun handia munduko bakearentzat». Donald Trump AEBetako presidenteak bere administrazioaren lorpen moduan aurkeztu du Irango su etena. Akaso, iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik «konpondutako» bederatzigarren gatazka izango da. Ekainean jada «lortu» zuen Israelen eta Iranen arteko hamabi eguneko gerra amaitzea —Irango hainbat azpiegitura nuklear bonbardatuta, bide batez—. Orain, beste gerra bat geldiarazi du. Hain justu, AEBetako presidenteak berak otsailaren 28an Iran bonbardatzea erabaki arte existitzen ez zen gerra bat.
«Bakea» lortzea nahikoa ez, eta Teheran «behartu» du Ormuzko itsasartea irekitzera. Mehatxuka aritu da: pasabidea ireki ezean Irango energia instalazioak suntsituko zituela esan zuen lehenik, Teheranek «infernua» ezagutuko zuela gero, eta «zibilizazio oso bat» hiltzeko prest agertu zen atzo. Hiru aldiz luzatu du ultimatuma, eta Iranek men egin dio azkenean. Kontua da AEBen eta Israelen erasoaldia hasi arte irekita zegoela itsasarte hori. Iranek erakutsi du gai dela pasabide hori blokeatzeko eta nazioarteko ekonomia hankaz gora jartzeko.
Teheran horren jakitun da. Irango telebista kate nazionalean meniaren berri eman dutenean, adierazi dute AEBen porrota «ukaezina» izan dela, eta Washingtonek onartu egin beharko duela Iranek proposatutako hamar puntuko plana. Trumpek berak esan du plan hori «oinarri bideragarri bat» dela.

Irango programa nuklearra mugatzeko negoziazioak abian ziren Washingtonek eta Tel Avivek erasoaldia hasi zutenean. Orain, elkarrizketak Teheranen eskakizunen gainean egin beharko dituzte. Horien artean daude, besteak beste, Iranek uranioa aberasteko modua izatea eta Ormuzen gaineko subiranotasuna Teheranena dela aitortzea. Baita Irani ezarritako zigor guztiak bertan behera uztea, bere aliatuak diren milizia guztien aurkako operazioak etetea, eta AEBetako armada Ekialde Hurbiletik ateratzea ere. Negoziazioetan eskakizun horiek apaltzen saiatuko da Etxe Zuria, baina oraingo partidan Teheran da esku.
Oraindik ez dago argi erasoaldiak zer helburu zituen. Programa nuklearra etetea, «beste erregimen bat» ezartzea, irandarren giza eskubideak «babestea»... Horiek guztiak aipatu ditu Etxe Zuriko maizterrak, baina, aldi berean, esan izan du «suntsitu» egin dituztela Iranen gaitasun nuklearrak, eta herrialdean «agintari berriak» daudela. Baina erasoak egiten jarraitu du.
Hortaz, zer xede du AEBen eta Israelen erasoaldiak? Irango herritarren giza eskubideak babestea, behintzat, ez. Otsailaren 28tik, gutxienez 3.600 lagun hil dituzte Iranen; eta «zibilizazio oso bat» hiltzeko prest agertu da azken hilabeteetan Bakearen Nobel saria eskatzen aritu den agintaria. Tira, jada ez zaio «interesatzen» sari hori.