Olatz Urkia
Leku-lekutan

Taiwango hauteskundeak, gertu

2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

2024ko urtarrilaren 13an presidentetzarako hauteskundeak izango dira Taiwanen. Irlarentzat berebiziko garrantzia duen momentua da, emaitzen arabera, Taipeiren eta Pekinen arteko harremanak norabide bat edo kontrakoa hartuko du eta. Orain agintean dagoen Alderdi Demokratiko Progresistak boterean jarraitzen badu, Pekinen tentsioa handituko da: Lai Ching-te hautagai demokratikoaren promesen artean, lehen lerroan daude inbertsio militarra eta autonomia defendatzea. Aldiz, oposizioko alderdiek irabazten badute, albiste onak izango dira Pekinentzat; Kuomingtan alderdiak eta Taiwango Alderdi Popularrak diote beraiek irabazita Pekinekin hitz egin eta Taiwan beste Ukraina bat izaten amaitzetik salbatuko dutela.

Taiwandar gehienek gerra ere ez dute nahi, baina beren demokrazia babestu nahiko lukete. Pekinek, aldiz, bi nahiak betetzeko aukerarik ez die ematen. Aurten Xi Jinping presidenteak behin baino gehiagotan adierazi du Taiwanekin bateratzea nahitaez gertatuko dela. Eta ezin da zalantzan jarri, geroz eta bide autoritarioagoa hartzen ari den Xiren kontrolpean egonda, taiwandarrek arriskuan izango dutela beren askatasuna.

Lau aukera

Lau presidentegai nagusi dituzte taiwandarrek aukeran: hasteko, Lai dago, Alderdi Demokratiko Progresistaren hautagaia. Orain arte Tsai In-wen-en bidetik jarraitu nahi dutenen botoa izango du, eta, duela gutxi arte, behintzat, irabaziko zuela zirudien. Iragan abuztuan egindako inkestetan, taiwandarren %57k adierazi zuen bere alde bozkatuko zuela. Baina izan diren hainbat eskandaluren ondorioz, boto horien zati bat galdu du —batez ere, bere alderdikideen aurka hainbat salaketa egin dituzte Me Too mugimendukoek— eta zerbitzu militarra urte batera luzatzeko asmoa ere ez dute ondo hartu gazte askok.

Alderdi Demokratiko Progresistaren jarraitzaileen artean, gehienak gerraren aurkakoak dira, baina, Lairen arabera, autonomia babesteko bide bakarra Taiwanen indar militarra handitzea da. Uharteko derrigorrezko zerbitzu militarra lau hilabetetik urte batera pasatzeko erabakiak kritika asko sortu ditu. Hala ere, inkesten arabera, Alderdi Demokratiko Progresistak oraindik baditu botoen %38 inguru.

Beste aldean oposizioko alderdiak daude; koalizio bat egiten saiatu dira, baina hautagaiaren inguruan ez dira ados jarri, eta aliantza hautsi egin dute. Kuomintang alderdi tradizionalaren lehen lerroan Hou Yu-ih dago, Taipeiko alkatea; bestalde, berriagoa den Taiwango Alderdi Popularrean, Ko Wen-je alkate dago. Hor zegoen ere, laugarren postuan, Terry Gou, Foxconn enpresaren sortzaile milioiduna, baina azken unean ez aurkeztea erabaki du. Hou eta Kok indarrak batuko balituzte, irabazteko aukera izango lukete, baina, bientzat, ez da erraza izaten ari adostasun batera heltzea.

Kuomintang alderdiak duen tradizio luzea dela eta —beraiek bota zituzten komunistak Taiwandik—, oposizioko lider bezala ikusten du bere burua Houk, eta hauteskundeetara elkarrekin joatekotan presidente postua beretzat nahi du nahitaez. Hala ere, Alderdi Popularrak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta hainbat inkestatan Kuomintangak baino boto gehiago lortuko dituela aurreikusten da; horregatik, beraiek ere ez dute erraz onartuko bigarren planoan geratzea. Gainera, presidente eta presidenteorde postuen negoziazioaz harago, bi alderdi hauek ezer gutxi dute komunean, Pekinekiko gertutasuna izateaz gain. Alderdi Popularreko Ko Wen-jek publikoki behin adierazi zuen gehien gorroto dituen gauzen artean daudela moskitoak, labezomorroak eta Kuomintang alderdia.

Aldaketa iristen bada, zer?

Hauteskundeak pasatuta boterean indar politiko berak jarraitzen badu, aurrekontu militarra areagotu, estatubatuarrekin akordioak lotu eta Pekini aurre egiten jarraituko du Laik. Egoera horretan edozer gerta liteke. Aditu gehienen arabera, Pekin ez da eraso armatu bat egiteraino iritsiko, Txinako Gobernuak nahiago izaten baitu gauzak beste modu batera egin; zeharka, eta zarata handirik gabe. Gainera, bai Taiwanen, baita Txina kontinentalean ere gehienen iritzia da herri bera direla, eta gizarteak ez luke batere ondo hartuko taiwandarren aurka indarra erabiltzearen erabakia. Hala ere, Xik gero eta sarriago adierazi du Taiwanekin bateratzea nahitaez gertatuko dela; ikusteko dago nola egingo den, Taipeik hori onartzen ez badu.

Irudia erabat bestelakoa izango da boterera oposizioko alderdiak iristen badira. Batez ere Kuomintang da Pekinen aldekoa. Hauteskundeetan beraien promesetako bat izan da beraiekin Taiwan ez dela beste Ukraina bat bihurtuko. Harremana hobea izango da Txinarekin, eta horrek ekonomiari ere laguntza emango dio… Promesa horrek asko konbentzitu ditu, ez dutelako Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko gatazkan nahastuta jarraitu nahi. Denbora daramate horrela, eta batzuk hasi dira pentsatzen agian alde batera jotzeko ordua iritsi dela, eta gertuago dute, noski, Txina.

Baina Lairen alde bozkatuko duten —gutxienez— %38 horiek beldur dira. Hong Kongen beren autonomia babesteko protestak 2019an deskontrolatu ondoren kolonia britainiarra izandakoak nola amaitu duen ikusi dute: Pekinen ondo prestatutako mugimendu batean, Segurtasun Nazionalaren Legea indarrean sartu eta Alderdi Komunista txinatarrak gustuko ez duen edozein ekitaldi ilegalizatzea lortu dute. Ekintzaileek eta manifestariek herritik ihes egin edo kartzelan amaitu dute urte gutxian. Galdu dute Hong Kongen protestan ateratzeko eskubidea. Taiwan oraindik urrun dago horrelako egoera batetik, argi dago bertan demokrazia indartsua dutela; adibide askoren artean bat da 2019an ezkontza homosexuala onartu zuen Asiako lehen herrialdea bihurtu zela. Ez dute hori guztia galdu nahi, eta Pekinera gerturatuz gero, nork daki urte batzuk barru Taiwan nolakoa izango den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.