Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Tiktok eta gerra teknologikoa

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Kongresuan, harrigarria den zerbait gertatu zen, ostegunean: lehen aldiz, erabat ados egon ziren errepublikanoak eta demokratak; lau ordu eta erdiko saioan, batuta egin zioten eraso etsai amankomunari: Tiktoki. Etsai amankomuna da bi alde elkartzeko modu onena; bereziki,arerio hori Txina denean. Mendebaldean hain modako bihurtu den aplikazioa Douyin aplikazio txinatarraren nazioarteko bertsioa da, eta Byte Dance erraldoi teknologiko txinatarra du jabe. Azken urteotan hainbat izan dira AEBetan zerrenda beltzean sartu dituzten enpresa txinatarrak: Huawei batez ere, eta, orain, Tiktok-Byte Dancen txanda da.

Txinako erraldoi teknologikoari Alderdi Komunistarentzat espioitza lanak egitea egozten diote; hau da, erabiltzaileen datuak jasotzea —besteak beste, lokalizazioa—, eta horiek agintariei pasatzea. Ez dute horretarako froga handirik. Batetik, horrelako aplikazioekin erabiltzaileen datuen babesa ziurtatzea ezinezkoa dela argudiatzen dute, eta, bestetik, Tiktok enpresa txinatar batek kontrolatzen duenez, Alderdi Komunistak eskua erraz sartu dezakeela. Argudio horri jarraituta, Txinakoa den edozein enpresa jo daiteke segurtasun nazionalerako arriskutzat.

Bidenek akusazio hori egin zuenean, AEBetako sistema juridikoak berak jarri zizkion debekurako prozesuari oztopoak, hasiera batean. Espioitza akusazioa egiteko frogarik ez zegoela argudiatu zuen. Baina pixkanaka Tiktok debekatzen hasteko modua bilatu dute: otsailean Bidenek jakinarazi zuen gobernuan lan egiten duten guztiek edo zeharka gobernuarentzat lan egiten duten enpresa azpikontratatuen langileek ere hilabeteko epea izango zutela beraien mugikorretatik Tiktok ezabatzeko. Orain, hurrengo pauso batean, modako bideo motzen aplikazioa herrialdean erabat debekatzeko saiakerekin jarraitzen dute.

Pribatutasuna «arriskuan»

Tiktokeko buru Zi ChewkAEBetako politikarien galdeketa jasan zuen, ostegunean. Kongresuan, alde batekoek eta bestekoek, akusazio orokorrak egin zizkioten, zehaztasunetatik urrun, oso tonu subjektiboan eta galderei erantzuteko denborarik eman gabe.

Adibidez, Buddy Carter Georgiako diputatuak: «Txinako Alderdi Komunista Tiktoken bidez AEBetako gazteak kontrolatzeko gerra psikologiko bat egiten ari da». Edo Cathy McMorris Rodgers batzordeko buruak: «Gaur seguruenik hemen esango duzu Tiktokek ez duela gure seme-alaben aurka ezer egiten, eta Alderdi Komunistarekin duzun lotura mitoa besterik ez dela. Ez dugu sinesten». Gazteen babesa arriskuan dagoela da, hortaz,gehien erabili duten argudioa.

Diputatuek Chewi galdetu zioten zergatik ez duten bere seme-alabek Tiktok erabiltzen. Bere erantzuna: Singapurren bizi direla, eta herrialde horretan ez dagoela adin txikikoentzako aplikazioaren bertsiorik; AEBetan biziko balira, gustura onartuko lukeela aplikazioaren erabilera.

Chewksalatu zuen datuen babesa gerra teknologikoa egiteko aitzakia bezala erabiltzea hipokrita xamarra dela, batez ere, Mendebaldeko erraldoi teknologikoek kontu horretan izan dituzten iskanbilak ikusita. Adibidez, 2018an gatazka sortu zen Facebookek Cambridge Analytica Erresuma Batuko kontsultore politikoari eta beste hainbat elkarteri erabiltzaileen datuak pasa zizkiola argira atera zenean.

Beijingek behin eta berriz salatu du guztia boikota dela eta Tiktok Huawei bezalaxe Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra teknologikoaren erdian harrapatuta dagoela. Ostiralean, Atzerri Ministerioko bozeramaileak erabat ukatu zuen gobernuak atzerriko erabiltzaileen datuak eskatu dizkiela Txinako enpresei.

Konponbide proposamena

Tiktokek konponbide proposamen bat egin zuen gatazka hasi zenean: Texas projektua, erabiltzaileen datuak AEBetan gordetzeko egitasmo bat, hain zuzen ere. Erabiltzaileen datuak babesten direla ziurtatzeko, OracleAEBetako enpresak hartuko zituen horien kontrolerako ardura. Proiektu hori ez dute erabat martxan jarri oraindik, baina ostegunean Chewk berriz egin zuen formatua abian jartzeko promesa.

Proposamenak, aldiz, ez ditu AEBetako ordezkariak konbentzitzen. Litekeena da Byte Dance enpresa txinatarra behartzea Tiktok aplikazioa AEBeetako enpresa bati saltzera, hala egin ezean aplikazioa erabat debekatzeko mehatxuarekin. Pekinek argi utzi du ez duela halakorik onartuko.

Azkenean, Tiktok debekatzen badute, irabazle aterako diraAEBetako hainbat erraldoi teknologiko: Snapchat eta Meta Platforms; azken hori, Facebook, Whatsapp eta Instagramen enpresa nagusia, hain zuzen ere.

Baina bideo motzen aplikazioa modan dago Mendebaldean, eta milioika erabiltzailek agian ez dute onartuko bideo motzak betirako galtzea. Txinatarrek VPN sare pribatu birtualak erabiltzen dituzte zentsuratuta dauden aplikazioak eta webguneak eskura edukitzeko; VPNek egiten dutena erraza da: ordenagailuen edo mugikorren lokalizazioa aldatzen dute —horrela, erabiltzaileek munduko beste herrialde batean baleude bezala bidaltzen dute seinalea, eta Txinako zentsura saihesten dute—. Agian, Mendebaldean ere gazteek horrelako tranpak egin beharko dituzte etorkizunean Tiktok erabiltzen jarraitu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.