Atef Abu Saif.

Tokiko administrazio berria Gazan: aurrera doa bake ituna?

2026ko otsailaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerrak iraun bitartean Gazatik irteteko modua izan zuten beste gazatar asko bezala, ni ere hasita nago prestatzen Gazarako itzulera. Izan ere, joan den astean Rafahko pasabidea zabaldu zuten, Gaza eta Egipto lotzen dituena, eta kanpoko mundurako ate nagusia ere badena. Oraingoz, egia da, Israelen mugak direla-eta egunean 50 lagun baino ezin dira irten Gazatik, eta beste hainbeste sar daitezke, baina esperantza badago luze gabe modu eraginkorragoan maneiatuko dutela pasabide hori.

Nire adiskide Saed-ek pozez eta ozen esan zuen: «Bukatu da». Ni neu, ordea, ez naiz sentimendu eta entusiasmo horretan lagun, nazioarteko eta eskualdeko eragileak ez baitaude batere ados zein izango den Gazaren etorkizuna eta nola erdietsi etorkizun hori. Saedek poza hartu zuen NCAG Gaza Administratzeko Batzorde Nazionala osatu dela eta, Trumpek prestatu eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2025eko 2803 ebazpenak babestutako «bake planaren» bigarren fasea hasteko. NCAGk egingo ditu tokiko administrazio lanak Gazan. Hamabost kide izango ditu, eta Ali Xaath Planifikazio ministro palestinar ohi eta ingeniari ondo trebatu eta eskarmentuduna izango da burua.

Nolanahi dela, palestinar guztiek ez dute iritzi bera Gazaren etorkizuneko administrazioaren inguruan jakinarazi dituzten neurrien gainean. Batetik, pozik daude tokiko nolabaiteko administrazio batek gidatuko dielako azkenik bizimodua, baina, bestetik, jabetuta daude Trumpen planaren arabera Estatu Batuen tutoretzapean geratu behar duela Gazak etorkizunean. Gerra amaitzen dela ikusi nahi dute, noski, baina, aldi berean, ikusi nahi dute horizonte politiko bat ere. Etxe Zuriak iragarritako planetan, ordea, NCAG sortzeko oinarri hartu diren horietan, ezarrita dago Estatu Batuak buru izango liratekeen tutoretza internazional baten mende geratuko litzatekeela Gaza. Eta Palestinak ez du sekula esperientzia onik izan halako administrazioekin: palestinarrek ondo gogoan dute nola britainiarrek, bertan Britainiar Agintearen bidez gobernatzen zuten garaian, kolono juduen esku utzi zuten lurraldea.

Praktikan, nazioarteko lau eragilek gainbegiratuko dute NCAGren Palestinako administrazioa. Trump bera buru duen Bake Mahaiak, batetik, bake plana nola betearazten den gainbegiratuko du, eta, beraz, baita NCAGk nola lan egiten duen ere; zaingo estrategikoan ariko da, eta baliabide internazionalak mobilizatuko ditu. Bestetik, mahai exekutibo bat jardungo da, diplomaziaren, garapenaren eta ekonomiaren arloetako adituz osatua, NCAGren eginbeharretan laguntzen. Beste mahai exekutibo bat ere arituko da, Gazarako berariaz eratua, gobernabide eraginkorrean eta zerbitzuen hornikuntzan laguntzeko eta bakea eta egonkortasuna sustatzeko. Eta, azkenik, mahai exekutiboko kide Nickolay Mladenov Bake Mahaiaren goi ordezkari gisa arituko da, eta haren lana izango da NCAGren lana gainbegiratzea, bitartekari jardutea tokiko administrazioaren eta nazioarteko Bake Mahaiaren artean, eta segurtatzea zibilen eta segurtasunaren oinarriak koordinatuta ariko direla. Palestinarrek, sare sozialetan, esan dute «goi mandataria» izango dela Mladenov, «ez goi ordezkaria», eta britainiarrek Palestinan 1920tik aurrera izandako agintaldiko goi mandatariarekin konparatu dute. Batzuek hura daukate Gazako benetako gobernadoretzat. Bestalde, lau eragile horietaz gainera, Nazioarteko Egonkortze Indarra ere jardungo da, Jasper Jeffers teniente nagusia buru izango duena, segurtasun aferez arduratzeko, desmilitarizazioaz besteak beste.

(ID_15759788) MIDEAST GAZA CONFLICT
Khan Yuniseklo errefuxiatu gunean janaria banatzen, aurreko astean. HAITHAM IMAD / EFE

Mahai eta mekanismo horiek denak hautatu dituzte Bake Planaren ikuspegia burutan ateratzeko. Trantsiziorako jokaleku esan zaion horrek uste baino gehiago iraungo du beharbada, iragarpenean ez baitute zehaztu zein den egutegi jakina, ezta zehazki noiz bukatuko den ere neurri horien indarraldia, hartara boterea erakunde palestinar independente baten esku gera dadin, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku. Nabarmena da ez dagoela etorkizunerako inolako planik palestinarren eta Israelen arteko bake elkarrizketa iraunkor bat abiaraztearen inguruan. Palestinarrak berak ofizialki kezkatuta daude Estatu Batuen iragarpen batzuetan NCAGz aritzeko erabili dutelako Palestinako Gobernua terminoa.

Itxuraz, eragile horiek guztiek ez dute egiten Gazaren etorkizun politikoaren gaineko ziurgabetasuna handitu baizik. Kontuan harturik nazioarteko lau erakunde horiek ariko direla NCAGren lana gainbegiratzen, espero izatekoa da organismo hori ez dela libre izango ez planak egiteko eta ezta dirua inbertitzeko ere. Hortaz, Gaza nork berreraiki eta nork garatu, hori dena jokoan izango da berriz. Hala eta guztiz ere, gazatar gehienak pozik daude, mekanismo berri hau indarrean sartzeak esan nahi baitu menia aurrera doala eta urrats gehiago egiten ari direla hura sakondu eta indartzeko. Ez dira auzitan jartzen ari nor aukeratu duten administrazio berrirako, ezta nork aukeratuak diren ere: besterik gabe, nahi dute administrazio hori lanean hastea Gazan, zerbitzuak emanez. Hots, bizi kalitatea eta baldintzak hobetuko dizkien norbait nahi dute.

Nik ezagunak ditut batzordekide gehienak, presidentea barne. Batzuk kide izan nituen, dela akademian, dela gizarte zibilean, dela gobernuan. Uste dut jende oso kualifikatua dela, eta eskarmentu handikoa. Ez daude izugarri politizatuta, eta mesede dute hori, zeren gazatarrek ez dute behar politikaz jardungo zaien norbait, baizik zerbitzuak emango dizkien eta bizimodua hobetuko dien norbait.

Mundu guztia bat dator NCAGk oraingoz zerbitzuen alorra baino ez duela hartuko bere gain, baina ez dago argi eginkizun horrek kutsu politikoa ere hartuko ote duen etorkizunean. PANek, adierazpen batean, begi onez hartu zuen NCAG eratu izana, baina, aldi berean, esan zuen kezkatuta zegoela, eta ohartarazi batzorde berriaren lanak ez lukeela emaitza gisa ekarri behar gaur egungoen paralelo izango liratekeen administrazio bat eta lege sistema bat sortzea.

Gazako herritarrak zain daude ea noiz hasiko zaizkien baldintzak hobetzen eta noiz hasiko diren nabaritzen administrazio berriak aldaketaren bat ekarri diela bizimodura

Berriz ere lehengo galdera: neurri hauek guztiak behin-behinekoak eta trantsiziozkoak dira, ala iraunkorrak? Gazarako propio prestatutako sistema politiko bereizi bat egongo al da? Aurrean daukaguna ez ote da Palestinako sistema politikoaren desintegrazioa eta sistema deszentralizatu baten sorrera, Gazako gerraren errautsetatik piztua? Bestela esanda: mekanismo hauek Gazari dagozkio bakarrik, ala bake ikuspegi zabalago baten parte dira, historia modernoko gatazkarik luzeenetako bat amaiarazteko helburua dutenak?

Oraintxe, inportanteena da Gazako bake itunari beste bultzada bat eman zaiola eta gazatarrei, berriz, bestelako esperantza bat. Egia da Rafahko pasabidetik datozen irudiak asaldagarriak direla, israeldarrak muga gehiago ezartzen ari baitira, eta handik igarotzen direnen lekukotzak ikaragarriak baitira —galdeketak eta torturak egiten ari zaizkie—, baina, hala eta guztiz ere, Gazako herritarrak zain daude ea noiz hasiko zaizkien baldintzak hobetzen eta noiz hasiko diren nabaritzen administrazio berriak aldaketaren bat ekarri diela bizimodura. Israelek ahaleginak eta bi egingo ditu palestinarrak are estuago hartzeko eta berreraikitze prozesua moteltzeko, administrazio berriak modurik izan ez dezan bere egitekoa betetzeko. Baina, hala ere, eskualdean eta nazioartean babes handiagoa bilduz gero, ikuspegi politiko argiagoa hartzen badu eta finantzaketaren aldetik ere babesten badute, administrazio berri honek modua izango du Gazako palestinarren bizimodua benetan aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA