Trumpek hitz politak, Xik zuhurtzia

Olatz Urkia
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi aste, bigarren agintaldia hasi zuenetik atzerrian egin duen bidaia luzeena egin zuen Donald Trumpek: sei egun pasatu zituen Asian. Lehen egunetan irribarretsu eta lasai agertu zen, baina, bidaiaren amaieran, Hego Korean Xi Jinpingekin aurrez aurre biltzekoa zenean, tentsioa sumatzen zitzaion aurpegian. Izan ere, bidaia horretako lehen egunak sinbolikoagoak izan ziren, protagonismoa eta arreta jasotzekoak, baina ez dago zalantzarik AEBetako presidentearen kezka nagusia bere arerioarekin duen gerra komertziala dela.

Xik eta Trumpek ehun minutu pasatu zituzten aurrez aurre, bakoitza bere delegazioarekin. Eta bilkura amaituta, Trump zuzenean bere hegazkinean sartu zen, APEC goi bilkuran geratu gabe, argi utzi nahian zer duen lehentasun. Hegazkinean, AEBetako presidente zoriontsu agertu zen berriz, eta kazetarien aurren jakinarazi zuen Xirekin akordio bat lortua zuela, eta bilkura oso arrakastatsua izan zutela. Pekinek ere baieztatu zuen bi potentziek elkarlanean aritzea erabaki dutela; hortaz, deseskalatze txiki bat hasi da, berriro, bi potentzien artean, baina ikusteko dago zenbat iraungo duen.

Txinari men egitea eskatu ezin

Donald Trumpek azkenaldian gizon bakezalearen itxura eman nahi du, eta berari esker amaitu diren gatazken zerrenda luzatzea du helburu. Asiako biran hori nabaritu zen: hasteko, Thailandiaren eta Kanbodiaren arteko bake sinatzean egon zen, Malaysian, eta bere sare sozialetan bakea berak lortu balu bezala idatzi zuen, lehen pertsonan «bakea sinatu dut» eta «milioika bizitza salbatu dira» bezalakoak esanez. Protagonista bera, eta, ohiko estiloan, esajerazio apur bat. Thailandiaren eta Kanbodiaren arteko gatazka armatua laburra izan da, udan aste batez baino gutxiagoz alde bateko eta besteko militarrek elkarri eraso egin zioten mugan, eta 43 hildako izan ziren. Gatazka aspalditik dator, eta adituek ez dute uste bakea sinatuta arazoa errotik moztu denik, baina batez ere Trumpek gatazka honen protagonismoa hartu izana gehiegizkoa da. Hala ere, Asia hegoaldean ere, muga zergekin beldurtuta, eskatzen duen protagonismo hori eman diote.

Hurrengo geltokian, Japonian, antzera: Takaichi lehen ministro berriak irribarreak besterik ez du izan AEBetako presidentearentzat, opariak ere bai: 250 gereziondo, Shinzo Abe lehen ministro ohiaren golf makila, eta urrezko golf pilota bat, besteak beste. Eta garrantzitsuena, Trumpek entzun nahi zituen hitzak esan ditu Takaichik: eskertzen diola munduan eta Asian bakea bermatu izana.

(ID_15470937) EEUU CHINA
Trump eta Xi, urriaren 30ean, Busanen (Hego Korea). EFE

Deigarriagoak agian, Hego Korean jaso dituen kondekorazioa eta koroa, ehunka hegokorearrek No Kings lelopean protesta egiten zuten bitartean. Hego Korean pentsaera ezkertiarragoa duen alderdia berriz boterera itzuli den arren, eta herrialde horretan tradizionalki gertutasun handiagoa duten arren Txinarekin Japoniarekin baino, ezin izan diote ezezkorik eman AEBetako presidenteari.

Hala ere, hori guztia azken bilkura horretan amaitu zen. Xirekin aurrez aurre, Trumpek egia entzun behar izan zuen: Txinako presidenteak ezer esajeratu gabe esan zion «zoriontzen» zuela Kanbodiaren eta Thailandiaren arteko bake sinaduran lekuko izan zelako. Eta haren arerio estatubatuarra horrekin ere oso pozik geratu zen, ez baitago gehiago eskatzeko moduan; bilkuraren ostean, adierazi zuen Xi herrialde ikusgarri baten sekulako liderra dela.

Zuhurtziari eutsi behar

Bi potentziek oraingoz tentsioa baretzea adostu zuten: Trumpek fentaniloaren muga zergak %10era jaitsi ditu; trukean, Pekinek agindu du AEBetako soja berriz masiboki erosten hasiko dela, eta lur arraroen esportazioen kontrolak malgutuko dituela. Pekinentzat, %10eko jaitsiera hori sinboliko xamarra da, eta hortaz Txinak ere ez du promesa handirik egin. Izan ere, oraindik ez dute ezer paperean jarri, eta guztia elkarlanean akordio baten bila jarraitzeko promesak dira. AEBetako presidenteak, bere ohiko estiloan, akordio ezin hobea lotu zutela eta halakoak esan zituen, baina Pekinek nahiago izaten du zuhurtzia, eta oraingoan ere emozio handirik gabe erreakzionatu du. Trumpen lehen agintaldian hasi zen gerra komertziala, eta zaila da sinestea tirabira hori benetan amaituko denik: udaberrian akordioa egin zuten, udazkenean berriz tentsioa hasi da…

Xirekin aurrez aurre, Trumpek egia entzun behar izan zuen: Txinako presidenteak ezer esajeratu gabe esan zion «zoriontzen» zuela Kanbodiaren eta Thailandiaren arteko bake sinaduran lekuko izan zelako.

Hala ere, Pekin tirabira horretan gero eta erosoago dagoela dirudi. Ez bakarrik eroso, Washingtonek eraso egin duen bakoitzean Pekinek konponbide alternatiboak bilatu ditu, eta orain sektore estrategikoenetan autonomia lortzea ezarri dute helburu nagusi gisa. Aldi berean, Estatu Batuek eraso egin duten bakoitzean, Txina ez da ezer egin gabe geratu, eta eraso egiteko modu desberdinak probatu ditu. Horrela, azkenean Pekinek bere estrategia defentsiboa eta ofentsiboa indartu ditu. Orain badaki Trumpen puntu ahulenak non dauden: adibidez, AEBetako presidenteak ez du ezkutatu bere kezka nagusia lur arraroak direla azkenaldian. Txina sektore teknologikoak beharrezko dituen lur arraroen esportazioa kontrolatzen hasi denean, AEBetako presidentea panikoak jota agertu da: orain badaki Pekinek hori erabili dezakeela. Antzera sojarekin: hasieran produktu horri garrantzi handirik ematen ez zioten arren, Txinak Estatu Batuetako soja erosteari utzi dionean kezka handia sortu da nekazarien artean. Txina aspalditik izan da-eta produktu honen erosle nagusia.

Asiako bira amaituta, Donald Trumpek gutxienez fronte horretan lasaiago egoteko aukera du; Xi Jinping, zuhurtziaz, hurrengo gatazkaren zain geratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.