Apirilaren 16an Chihuahua eskualdean izandako auto istripu batean AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) bi agente hil zirenetik, mexikarrei ziztu bizian pilatu zaizkie buruhausteak iparraldeko auzokidearen aldetik. Mexikon bertan ari zirela ezkutatzeko eta sortutako kalapita ahantzarazteko, eraso bizian hasi zen Donald Trump presidentearen gobernua: Sinaloa eskualdeko hamar goi agintari atxilotzeko eskatu zuen apirilaren 28an, horien artean Ruben Rocha Moya gobernadorea bera, ustez narkoen esanetara zeudelakoan haien estradizioa eskatuko zutelako. Lehen oldarraldiak bete-betean harrapatu zituen mexikarrak, eta muturtu ere bai, eskaerarekin batera salatutakoen kontrako inongo frogarik ez baitzuten erakutsi estatubatuarrek.
Bigarren erasoa bere lurrean egin zuen Trumpek, maiatzaren 8an, Mexikok bertan dituen 53 kontsulatu ikuskatzeko agindua eman zuenean, baimenik gabe AEBetan diren mexikarrak lagundu izan dituztelakoan. Maiatzaren 12an helduko zen hurrengo atakea, oraingoan CNN telebista katearen eskutik. CIAk berak bat egin behar izan zuen egun horretan Mexikoko Gobernuarekin, eta biek ala biek gezurtatu egin zuten CIAkoek autoan zartagailua jarri izana Francisco Beltran El Payin narkoari, gizona hiltzeko. Albisteok atarramentu eskasa izan dute gerora, oposizioaren kasketa hauspotu, eta gobernuarekin kontent ez diren hedabideak marmarka ipintzeko balio izan badute ere.
Trumpen purrustadekin gogaitzen hasia denez, Claudia Sheinbaum presidenteak zuhurtziaz erantzun die oldarraldiei, ageriko esku hartzeari patxadaz ihardetsiz. Aurreko astean, hilaren 15ean, telefonoa hartu eta zuzenean hitz egin zuen Trumpekin, haren buruko korapiloak askatzen joateko. «Adeitsu eta bikain» jardun omen zuten biek, mexikarraren esanetan, eta, gizon laranjaren aurrean kikildu ordez, solasaldian segurtasun arloan egiten ari direna defenditu zuela azpimarratu zuen Sheinbaumek, telefonoa eskegi ondoren. Presidentea bera ez bezala, baina, Trumpek aztoratuta dauzka Sheinbaumen ondokoak. Oldarraldiak, oraingoan, ez dira iparraldetik bakarrik heldu, itsasoz bestaldetik lainezak hartuta etorritako agintari madrildarrak, Isabel Diaz Ayusok, hain zuzen, bere aletxo pozoitua ipini baitzuen giroa oraindik gehiago nahasteko. Sabina Berman idazle eta kazetariak, ezkerrekoa bera, «estatu kolpe bigun» baten zantzuak dakusa jazoera andana horren atzean.

Dena dela, atzerriko indar eta eragileen esku hartze horiek guztiek mexikarren aldartea ozpintzeko balio izan duten bezala, eraginkorrak izan dira Guerrero eskualdeko mendilerroetan jazotzen ari zen triskantza isilarazteko. Maiatzaren 6az geroztik, bertako nahua herri indigenaren kontrako eraso armatuak azkartu zituen Los Ardillos narko taldeari lotutako talde paramilitarrak. Drone bidez lehergailuak bota zizkieten airetik, eta 800 bat familia beren herritik aterarazi. Erasoak lehendik ez baziren, baina sarraskia areagotu egin da egunotan. Izua eragiteko asmoz, 2015. urteaz geroztik izan diren erasoetan 81 herritar erail dituzte sikarioek, eta 25 desagerrarazi.
Horraino ohikoa, odolustez odoluste bizi den herrialde batean. Gakoa, baina, korapiloz josia dator Mexikoko eskualderik txiroenetako bat den Guerrerotik. Izatez, bigarrena da pobreen artean, Chiapasen ondotik. Hango erakunde herritarrek, Hegoaldeko Mendilerroko Nekazarien Erakundeak (OCSS), esate baterako, lehergaien zarataren gainetik ahotsa altxatu, eta ozenki salatu du eraso paramilitar horien inguruan gobernu mexikarrak egindako irakurketa. Zergatik hori? Zergatik txarretsi bakea berreskuratzeko asmoz militarrak bidali dizkieten agintariak?
Dena dela, atzerriko indar eta eragileen esku hartze horiek guztiek mexikarren aldartea ozpintzeko balio izan duten bezala, eraginkorrak izan dira Guerrero eskualdeko mendilerroetan jazotzen ari zen triskantza isilarazteko.
Segurtasun agintarien esanetan, eskualdea nork hartuko bere menpe, borroka bizian dabiltza bi narko talde. Konponbidea? Erdian militarrak sartu, eta kito. Ohikoa bezain mingarria, zoritxarrez. Aipatutako erakundeko nekazariek, zeinek larrutik pagatu dituzten Los Ardillos taldeko sikarioen oldarraldi armatuak, baina, bestelako irakurketa egiten dute Guerreron bezala beste hainbat tokitan herri indigenen kontra gertatzen ari diren erasoen inguruan. Haien esanetan, atzerriko meatze enpresak daude hilketa horien atzean. Bestela esanda, Mexikon baliabide naturalak ustiatzeko emakidak dituzten Kanada eta AEBetako meatze enpresen esanetara ari dira narkoen talde paramilitarrak, eskualdeko mendietan diren baliabideak lasai eskuratzeko traba egiten dieten herri indigenak uxatu eta kanporatzeko. Izan ere, eskualdean 24 meatze kontzesio daude gaur egun, eta enpresa horiek Los Ardillos eta halako kriminalak baliatzen dituzte, trabarik gabe lurra nahi beste ustiatu ahal izango dutela bermatzeko.
Horregatik daude gobernuarekin haserre, Kontzeju Indigena eta Herritarra-Emiliano Zapata (Cipog-EZ) sartu dutelako eskualdea beren menpe hartzeko liskarretan ari omen diren talde kriminalen artean. Min handia egin zien maiatzaren 12an Omar Garcia Harfuch Segurtasun sailburu federalak egindako agerraldiak, Sheinbaumen konfiantza osoko gizonak, Guerreroko zapatistak «delinkuentzia antolatua» direla esan baitzuen. «Ez da gauza berria mundu hobe baten alde borrokatzen direnak delitugileak direla esatea; maiz egin izan da hori historian. Boteretik behi lapur, erasotzaile, bahitzaile, narkotrafikatzaile, terrorista, ayotzinapo eta beste deitu diete, autogestioa oinarri duten erakundeen kausak eta arrazoiak desitxuratu, eta egiten zaizkien erasoak zuritzeko», adierazi dute arestian aipatutako nekazarien erakundekoek.
Donald Trump presidentearen ateraldi eta mehatxuak gorabehera zuhur aritzea eskertzekoa den bezala, kezkatzekoa da, oso, haren atzean diren enpresariak zemaietatik haratago mexikarrei —oraingoan herri zapatisten— armaz oldartu zaizkien honetan biktimak eta borreroak zaku berean sartzea. Batek daki oposizioaren ametsak bete, eta, Venezuelan Maduro atxilo hartu zuten bezala, bihar edo etzi berdin egingo ote duten estatubatuarrek Lopez Obrador presidente ohiarekin. Dakiguna da gaur, orain, baliabide naturalak, lurrak, urrea, zilarra, eta armagintzan horren estimatuak diren mineral kritiko edo lur arraroak jukutriaz ustiatzeko, era kriminalean ari direla meatze enpresa gringo eta kanadarrak.