Donald Trump AEBetako presidentearen migrazio politika hertsia oztopatzeko bi neurri hartu dituzte azken orduan. Batetik, epaile federal batek eskatu dio administrazioari ez dezala ezarri AEBetako presidenteak sinatutako agindu bat, zeinak gogortzen dituen ikasle eta kazetari atzerritarrei bisak emateko baldintzak. Eta, bestetik, demokratak agintean dauden 21 estatuk demanda bat jarri dute, eta eskatu bertan behera geratzeko Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren arau federal bat, argudiatuta migrazio funtzionarioen irizpidekotasuna areagotuko litzatekeela, laguntza publikoa behar duten migratzaileei bizileku baimen iraunkorra eman edo ez erabakitzeko orduan.Â
Massachusetts estatuko F. Dennis Saylor epaileak ebatzi duenez, «ohiz kanpoko era batean ahula» da administrazioak emandako justifikazioa —uztailean aurkeztu zuen proposamena—, murrizteko ikasleek eta kazetariek AEBetan igaro dezaketen denbora. F (unibertsitateko ikasleak), J (truke programetan ari diren ikasleak), eta I (atzerriko hedabideen kazetari atzerritarrak) bisak eskatzen dituztenei eragingo lieke administrazioak, «segurtasun nazionalaren izenean», hartutako neurriari.
Irailean zen indarrean sartzekoa, baina irakasleen elkarte eta sindikatu batzuek osatutako koalizioaren salaketari erantzunez, behin-behinean blokeatu du Saylor epailearen ebazpenak. «Arauak planteatzen ditu galdera zilegiak: ea bere benetako asmoa ez den segurtasun nazionala eta mugak babestea, baizik eta beste helburu batzuk lortzea; hala nola, gobernuak instituzio akademikoen gaineko kontrol handiagoa edukitzea», argudiatu du. Haren esanetan, arauaren promulgazioak ez du bete Prozedura Administratiboen Legeak jasotakoa.
Arauak jasotzen du F eta J motako bisak dituztenek ezingo dutela AEBetan egon lau urte baino gehiagoz onartuak diren bakoitzean, eta I bisa duten kazetariek 240 egun gehienez, baimena luzatzea eskatzeko aukerarekin —Txinakoek, 90 egun gehienez—.
«Aukeratzera» behartuta
Eta horrekin guztiarekin lotuta, aurrerapauso esanguratsu bat eman dute AEBetako 21 estatuk —horien artean daude Colorado, Kalifornia, Massachusetts, Michigan, Nevada eta Mexiko Berria, esaterako—. Izan ere, iruditzen zaie migratzaile askorentzat zailagoa izango litzatekeela bizileku baimen iraunkorra lortzea —Green Card delakoa—, horretarako prozesuan migrazioko funtzionarioei esaten badiete laguntza publikoa jasotzen dutela —elikagaien edo osasun arretaren bidez, esaterako—, edo funtzionario horiek ondorioztatzen badute etorkizunean jaso beharko dutela. Araua ostiralean da indarrean sartzekoa.
New York hiriak ere, gehiengo demokratako beste hiri batzuekin batera, antzeko demanda bat jarri du, eta atzo arratsaldean —gaua Euskal Herrian— hirietako eta estatuetako ordezkariak agerraldi bat egin zuten New Yorken. Hango fiskalburu Letitia James aritu zen bozeramaile, eta azpimarratu zuen administrazioa «beldurraz» baliatzen dela, eta administrazioa badakiela horregatik familiek uko egingo dietela laguntza horiei. Haren esanetan, behartuko ditu familiak laguntza eskatzearen edo bizileku baimenaren artean «aukeratzera».