Olatz Arrieta

Txartel horia Von der Leyeni

2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohikoa duen moduan, astelehenean «Long live Europe» esaldiarekin amaitu zuen Ursula von der Leyenek Europako Parlamentuan egin zuen hitzaldia. Hitzaldi hori, baina, ez zen ohikoa izan: europarlamentari talde batek Europako Batzordeko presidentearen aurka aurkeztutako zentsura mozioaren aurrean bere burua defendatzeko hitzaldia izan zen, hitzaldi kaskarra; ez zuen autokritikarik egin, bere lehen agintaldiko lorpenak goraipatu zituen —hauteskunde kanpainan erabilitako esaldi berak errepikatuta—, zentsura mozioa muturreko konspiraziotzat jo zuen, eta neurria bultzatu duten europarlamentariei Errusiaren panpinak izatea leporatu zien. Azken finean, meritua kendu zion zentsura mozioari: dena ondo egiten ari da, eta krisi garaietan batasuna da garrantzitsuena. Europako Batasuna baturik egotea gauza guztien gainetik jarri zuen, baita berak ustez hartutako erabaki okerren gainetik ere. 

Zentsura mozioak ez du politikari alemaniarra kargutik bota, baina parlamentuaren aurrean ahuldu egin du; astindu gogorra eman diote, bereziki, boterera eraman zuten alderdiek, inoiz baino gogorrago kritikatu dutelako bigarren agintaldian urtebete bakarrik daramala. 

Ursula Von der Leyen europarlamentuan hizketan, aurreko astelehenean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Ursula von der Leyen europarlamentuan hizketan, aurreko astelehenean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea aukeratua izan ahal izateko popularrekin batera babesa eman zioten taldeek, hau da, sozialdemokratek, liberalek eta berdeek, sudurra itxita bozkatu zuten ostegunean zentsura mozioa aurrera atera ez zedin. Gheorghe Piperea, Errumaniako eskuin muturreko eurodiputatuak aurkeztu du ekimena beste europarlamentari ultrakontserbadoreekin batera. Politikari alemaniarrari leporatu diote, besteak beste, gardentasun gabezia pandemiaren garaian, txertoak erosteko Pfizerreko buruarekin sakelakoarekin mezu bidez egindako negoziazioen inguruko informazioa ezkutatzeagatik; estatuen independentzia urratzea, Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetan Tiktok bidez eskuin muturraren hautagaiak ustez egin zuen manipulazioa ikertzeagatik; eta gastu militarra handitzeko maileguen ekimena onartzeko orduan parlamentuarekin ez kontsultatzea.

Kasu batzuetan, Von der Leyen karguan jarri zuten europarlamentariak kargutik kendu nahi dutenak baino haserreago agertu dira beren hitzaldietan

Europako Batasunaren aldeko indar politikoek ez diete hausporik eman nahi ultrakontserbadoreei, baina horiek bezainbeste kezka eta kexa dituzte batzordeko presidentearen aurka; kexu dira, bereziki, Von der Leyenen popularrek eskuin muturreko alderdiekin batera neurriak onartu dituztelako, agenda berdearen anbizioa ahultzeko eta migrazio neurriak gogortzeko. Gainera, alderdi horiek bat datoz eskuin muturrarekin: parlamentuaren iritzia kontuan hartu beharko litzateke gastu militarra handitzeko. Eta horregatik hain justu, parlamentuak batzordea salatu du epaitegietan. Kasu batzuetan, Von der Leyen karguan jarri zuten europarlamentariak kargutik kendu nahi dutenak baino haserreago agertu dira beren hitzaldietan. Eskuin muturraren ekimena ondo etorri zaie politikari alemaniarrari txartel horia ateratzeko. Hamaika urte dira, 2014tik hain zuzen ere, ez zela batzordeko presidentea kargutik kentzeko ekimenik aurkezten euroganberan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.