Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Txiletik ikasi, etxetik hasi

2025eko abenduaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko igandean eskuin muturra izan zen garaile Txilen, eta ezustekorik egon ez bazen ere, emaitzak jakinak zirelako, ezkerraren porrotaren tamainak oihartzuna izan du kontinentean. Mexiko ez da salbuespena izan. Biharamuneko agerraldian Claudia Sheinbaum presidenteak hizpide izan zuen auzia, eta «gogoetarako unea» dela esan zien Latinoamerikako mugimendu aurrerakoiei, muturreko eskuinek izan duten gorakada zergatik jazo den aztertzeko garaia dela, alegia. 

Txilen izandako porrota ez dela Mexikon gertatuko uste du agintariak: «Hemen batasuna dago, eta mugimenduetan batasunik ez dagoenean, orduan galtzen da herritarren babesa», ebatzi zuen. Aburuak aburu, Txilekoak ikasgai garrantzitsuak uzten ditu Mexikorentzat, agintean dagoen alderdiarentzat, noski, baina batez ere bere oposiziokoentzat, ultraeskuinaren garaipenean nondik nora jotzeko bidea ikus baitezakete.

Igandekotik eskuinak izan dezakeen egiazko ikasgaia kanpainako mezuei buruzkoa izan daiteke. 2021ean ez bezala —abortua, feminismoa eta sexu aniztasuna arbuiatzeko gogoz egin zuen kanpaina Kast ultrakatolikoak—, aurtengoan askoz ere eraginkorragoa zen mezua zabaldu zuen: Txile larrialdi egoeran dago, eragile kriminalen, hazkunde ekonomikorik ezaren, eta, nola ez, migrazioaren ondorioz, eta hortik atera beharra dago, nahi eta nahi ez. Arrakastatsua izan da, ezbairik gabe, estrategia aldaketa. 2021ean emakumeen botoek eman zioten garaipena ezkerrari, eskubide zibilen aurkako asmoak uxatuz. Oraingoan, berriz, emakumeek ez dituzte larrialdiaren inguruko mamu beldurgarriak baztertu, eta, gainera, mezua sakon sartu da langile kastakoen artean.

Jose Antonio Kast Txileko presidente hautatua Santiagon, aurreko astelehenean. ADRIANA THOMASA / EFE
Jose Antonio Kast Txileko presidente hautatua Santiagon, aurreko astelehenean. ADRIANA THOMASA / EFE

Bestela esanda, txiletarrek, Pinochet zenaren gogaiderik sutsuenaren eskutik, bat egin dute Javier Milei, Daniel Noboa, Santiago Peña eta Nayib Bukele presidenteek Argentinan, Ekuadorren, Paraguain eta El Salvadorren, eskuinera (edo eskuin muturrera) egindako ziabogarekin. Noiz eta, Donald Trump estatubatuarrak Monroe doktrina berpiztuko duela iragarri duenean, Segurtasun Estrategia Nazionalaren aitzakian. Hargatik, Kastek irabazi izana ez litzateke pentsamolde atzerakoien garaipen gisa ulertu behar, baizik eta balizko egia pragmatiko baten aitortza bezala: ezkerrak huts egin die boto-emaileen itxaropenei. Huts ezkerrekoei, batik bat eskuinaren bidea jorratu duelako, eta huts gainerako guztiei, ez duelako segurtasuna bermatzen asmatu.  

Eta bihar ez bada, etzi, horixe bera gerta dakioke Mexikoko ofizialismoari, antzeko bidetik doalako, ez Sheinbaumek gidatzen duen gobernu federalean, baina bai, gero eta nabarmenago, tokian tokiko administrazioetan. Oso sonatuak izan dira aspaldi honetan hainbat alkate eta gobernadore morenista —Morena alderdikoak—, ospetsu egin direnak beren gaitasun ezagatik, ustelkeriagatik eta, ez gutxitan, talde kriminalenganako utzikeriagatik. 

Egia da oraingoz Mexikon eskuinak ez duela asmatu, baina aurreko hilabetean Z belaunaldiaren pentsura egindako mobilizazio hartan larrialdiaren izua hedatzen saiatu ziren eragile kontserbadoreak, eta, geroztik, oso modu egoskorrean, eskuineko hedabide nagusiek marmarrari eutsi izan diote. Heldulekurik ez zaie falta, zoritxarrez, herrialdeko hainbat eskualdetan bizi duten segurtasun ezak beldurrez eta de facto larrialdi egoeran bizitzera behartzen baititu bertako herritarrak.

Hargatik, Kastek irabazi izana ez litzateke pentsamolde atzerakoien garaipen gisa ulertu behar, baizik eta balizko egia pragmatiko baten aitortza bezala: ezkerrak huts egin die boto-emaileen itxaropenei 

Sheinbaum presidenteak adarretatik eutsi nahi izan dio zezenari, eta ustekabeko kolpe bi eman ditu, bata bestearen jarraian. Batetik, etxera bidali du Gertz Manero, Lopez Obradorrengatik jarauntsitako fiskal nagusia, eta kargura ekarri du Ernestina Godoy, hiriburuko agintari zenean horrenbesteko atarramentua ekarri zion fiskala. Ikusteke dago, baina, horrekin eta talde kriminalei egindako erasoekin nahikoa izango ote den mexikarren beldur mina uxatzeko.

Bestetik, Uraren lege proposamena bidali zuen parlamentura, 1992. urteaz geroztik pribatizatuta egon den ondarearen jabetza eta kudeaketa publikoa izan zedin berriro. Lopez Obrador bera horretan ahalegindu zen aurreko legealdian, eta porrot egin zuen. Oraingoan bazirudien lortuko zutela, eta, neurri batean ur ondareak berreskuratzea lortu badute ere, Morenako diputatuak kikildu egin ziren azken unean, eta ura negozio bihurtu zutenen jukutriak hartaratuta lege proposamenaren edukia aldatu zuten, haren muina desitxuratuz. Etsaia, zenbaitetan, etxe barruan du Sheinbaumek.

Testuinguru korapilatsu honetan ezin ahaztu noski migrazioaren auzia, erabakigarria izan dena Txilen, nahiz eta ez izan egiazko arazo bertan. Kontuan izan behar dugu Ameriketako Estatu Batuetako muga itxi zutenetik gora egin duela Mexikon geratzen diren migratzaileen kopuruak. Orain arte, datuek ez dute erakusten haiekiko gaitzespena hazi denik, baina ezin da baztertu gorrotoan bizi den eskuin muturrekoaren kanpaina gaizto batek atzerritarrek herrialdean duten presentzia gero eta handiago hori modu erasokorrean kapitalizatzea.

Ez dago bidezidorrik. Sheinbaumek iradoki bezala Txilen jazotakoa etxean gerta ez dadin, bere gobernuak ez ezik, egiazko emaitzak lortu behar ditu ofizialismoak bere osotasunean, agintea duen administrazio maila eta toki guztietan. Eta horrek eskatuko dio, halabeharrez, etxe barrua ondo garbitzea, eskuinari eta, batez ere, muturreko kontserbadoreei marmarka aritzeko aitzakiak ematen dizkieten mitxelin horiek guztiak behingoz gainetik kentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.