Pekinen nabari da ekitaldi handi bat datorrela, kalean kontrolak eta poliziak edonon daude... Datorren asteazkenean, irailaren 3an, Japonia faxistaren aurkako garaipena ospatuko dute. Estatubatuarrek garaipena irailaren 2an jakinarazi zuten, baina Txinara albistea hurrengo egunean iritsi zenez, egun horretan ospatuko dute 80 urte geroago gerra luzearen amaiera.
Desfile militar horretan Txinak indar erakustaldia egingo duela espero da, milaka soldaduren martxa perfektua eta teknologia militar aurreratuena Tiananmenera aterata. Hala ere, desfileaz harago, egun horrek nazioarteko diplomaziarentzat ezinbesteko garrantzia izango du, ez hainbeste Mendebaldeko blokearentzat, pixkanaka Ameriketako Estatu Batuen parean indartzen ari den bloke alternatibo horrentzat baizik.
Txinak denbora darama eraiki behar den «mundu multipolar» horretaz hitz egiten, eta ideia hori forma hartzen ari da: desfilean egongo dira Xi, Putin eta Kim, beste hamarnaka liderrez gain. Zehazki Putin eta Xiren harremanak emango du zeresana, Errusiak Txinara egingo duen bidaia ofizial luzea Mosku eta Pekinen arteko gertutasunaren erakusgarri baita.
Bloke alternatiboa bat
Asteazkeneko desfilea baino lehen, Vladimir Putin gaur da iristekoa, eta Tianjinen Shanghaiko Kooperazio Erakundearen goi bilkuran parte hartuko du. Erakunde hori Txinak eta Errusiak sortu zuten, hasieran segurtasun eta lankidetza ardatz hartuta, baina azken urteotan gero eta dimentsio geopolitiko handiagoa hartu du: ez da soilik hitzarmen formal bat, bloke alternatibo baten eraikuntza da. Hasieran txikia bazen ere, aurten Eurasiako hogei bat lider izango dira bilkuran, Mendebaldearen eragin esparru tradizionaletik kanpo harremana estutzeko.
Aurten izango diren liderren artean Narendra Modi Indiako lehen ministroa ere badago. Hori ez da nolanahiko datua: India Mendebaldearekin harreman estua duen herrialdea da, eta hamarkadetan Ameriketako Estatu Batuekin gertuko harremana izan du; baina azkenaldian hori zertxobait aldatu da eta India Txinarengana gerturatu da.
Mendebaldean, sarritan, gure narratiban, ahaztu egiten dugu gainontzekoen sakrifizio hori. Europak bere tragediak gogoratzeko eskubidea aldarrikatzen duenean inork ez du zalantzan jartzen.
Muga luzea partekatzen dute India eta Txinak, eta gatazka sakonak badituzte ere, azkenaldian Indiarena ere bihurtu da, pixka bat, Txinaren etsai nagusia: izan ere, Trumpek Indiari %50eko muga zergak ezarri dizkio: hain zuzen ere, Errusiari petrolioa erosteagatik. Zerga horiek selektiboak izan dira; zehazki, Indian lanpostu gehien sortzen dituzten sektoreetara zuzenduak —ehungintza edo bitxigintza—, eta kolpe hori Modik ez du batere ondo hartu.
Shanghaiko Kooperazio Erakundearen arrakastak argi uzten du: gero eta gehiagok ez dute Mendebaldearen baldintza eta ikuspegietara mugatu nahi.
30 milioi pertsona
Mendebaldeari beldurra ematen dio berak kontrolatzen ez duen festa batek —batez ere Ameriketako Estatu Batuei—, eta jarrera hori Mendebaldeko komunikabideetan islatzen da. Desfilearen eguna iristen denean, Mendebaldeko hedabideen titularrek ez dute sorpresarik eragingo: ziurrenik, beti bezala, ohiko diskurtsoetara joko dute: «erakustaldia, nazionalismo txinatarra, Taiwani mehatxua...». Izan ere, Mendebaldearen ikuspegitik desfilea botere erakustaldi huts bat da, baina txinatarrentzat esanahi historiko eta emozional sakona dauka. Komunikabide batzuek agian azalduko dute hori, aipatuko dituzte japoniarren aurka hil ziren txinatarrak, baina ez da hor egongo arreta jarria, eta betiko tonu dramatiko horrek itzal egingo dio guztiari.
Mendebaldean, sarritan, gure narratiban, ahaztu egiten dugu gainontzekoen sakrifizio hori. Europak bere tragediak gogoratzeko eskubidea aldarrikatzen duenean inork ez du zalantzan jartzen. Indar erakustaldia egiten dutenean ez zaio garrantzi handiegirik ematen: Frantziak desfile ikusgarria egin du maiatzaren 8an Bigarren Mundu Gerraren amaiera ospatzeko. Trumpek armada estatubatuarraren urteurrena ere desfile handi batekin ospatu du aurten, bere urtebetetze egunean.
Dirudienez, Mendebaldearen indar erakustaldietara ohituago gaude; aldiz, Txinak hori egiten duenean dena da beldurra eta kritika. Agian eskoletan Bigarren Mundu Gerraren ikuspegi mendebaldezentrista ikasi izanak ere badu bere eragina gaur egun egiten diren irakurketekin: askok ahaztu egiten dute Txinak gerra horretan jokatu zuen rola: Europarentzat lau urtekoa izan zen borroka, eta Asiako potentziarentzat askoz luzeagoa. 1931tik borrokatu ziren txinatarrak Japonia faxistaren aurka, eta, batez ere, 30 milioi txinatar baino gehiago hil ziren japoniarren aurkako borroka luze horretan. Irailaren 3a txinatarren ospakizuna da.