Udaberriarabiarrak Egipto harrapatu zuenean, Recep Tayyp Erdoganek ez zuen dudarik egin Hosni Mubaraken jarrera gaitzesteko, eta diktadoreak amaitzen ari ziren herrien etorkizun demokratikoarentzat Turkia eredugarria izan zitekeela esaten hasi ziren Mendebaldeko nahiz Ekialdekoak — demokristau eta islamiko—,oparotasuna eman baitio herrialdeari AKPk, bere burua demoislamikotzat jotzen duen alderdiak. Hantxe, bi munduen erdian jarrita dago, haiek biak bat egiten ditu, eta hazkunde ekonomikoagatik eta lehen ministroaren beraren botere goseagatik —Europaren ezintasuna aukera bilakatu du, gainera—, diplomazia lanean jarri du, denak berera ekartzeko ahaleginean, eremuan hegemonia lortzeko.
Ahalegin horretan ari da; ikusi besterik ez dago orain arte aliatu izan dituenak kili-kolo daudenean hartzen ari den jarrera. Libiaren eta Siriaren etorkizunaren parte izan nahi du, eta, gertatzen denaren arabera, demokratikoago edo islamikoago jokatzeko agertokia behatzen ari da.
Gaddafiren Libia ez du Mubaraken Egipto bezala gaitzetsi, baina azkenean NATOren esku hartzea onartu du, eraikuntza negozioan ari diren 200 enpresak 15.000 milioi dolar ematen dizkiolako urtean —30.000 langile atera behar izan dituzte handik—.
Siria, berriz, Turkiaren lehentasunetako bat izan da orain arte, iaz kide estrategikoa izendatzeraino —ordura arte Iranek zuen soilik ohore hori—, besteak beste, kurduak kontrolatzeko. Eta kostata, baina basakeriak egitea eta gizatasunik gabe jokatzea leporatu dio Bashar al Assadi, hark Turkiari agindutakoa ez duelako bete, militarrek eta kaleko jantzitakoek jendea izutzen jarraitzen dutelako; horrenbeste, milaka ume, emakume eta gizon Turkiako mugara heldu baitira. Orain arte mugarik ez zegoen pasabidean, eta armada jarri du iheslariei datuak eskatzen, Siriatik kurduak Turkiara heltzea besterik ez baitu behar, handinahi erraldoiaren irudia kaskartzeko. Horregatik, kurduen «etxeko arazoa» zena ezkutatzeko estrategiarekin aldatu du orain. Ez bada ikusten, ez da zertan onartu.
Indarkeria erabiltzea gustatzen zaien terroristak dira kurduak, ez gehiago, eta gogor erantzutea besterik ez dago, herri baten izan nahia aitortu ordez. Gizagabe jokatzea leporatzen jarraituko du Erdoganek mugazgaindi, eta, barruan, bien bitartean, indarkeriarekin zerikusirik ez duten kurduak espetxeratzen eta hiltzen gizagabe bezain lotsagabe. Bozetan igoera handia iragarri diete legez kanpo utzi ez dituen kurduei, baina udaberria arabiar herrietara iritsi dela gehitxo esatea den bezala, uda ere igaroko da Kurdistanen. Negua hotza da hango mendietan.
Turkiako hauteskundeak. Analisia
Uda kurdua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu