Olatz Urkia

Ustelkeria, Xiren borroka bikoitza

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xi Jinping agintera iritsi osteko lehen urteetan, ohiko titularra izan zen hau: politikariren bat ustelkeria zela-eta heriotza zigorrera kondenatu zutela. 2012an hasi zen beldur hori, eta arazoa amaitzeko nahikoa zela zirudien; baina oraindik geratzen dira batzuk etxean, eta gobernuak noizean behin mezua argi eta garbi errepikatu nahi du: inork ez duela inpunitaterik.

Irailaren 28an Nekazaritza ministro ohi Tang Renjian kondenatu dute. Bi urteko epea izango du kondena bizitza osorako zigorrera aldatu ahal izateko. Ustelkeria kasuetan, guztia onartu eta damutzen direla diotenei ematen diete aukera hori.

Txinako ustelkeria ez da kasu bakanen kontua, kulturan, politikan eta negozioak egiteko moduan oso barneratuta dagoen zerbait baizik.

Alderdi Komunista maiatzean hasi zen Tang Renjian ikertzen, eta, emaitzen arabera, 2007tik 2014ra izan dituen karguetan botere abusua egin du, lizitazioetan eroskeriaren truke laguntza emateko.

Xi Jinping 2012an boterera iritsi zenetik, goi kargudun asko erori dira ustelkeria dela eta. Ezin da ukatu ustelkeria Txinan oso errotuta zegoen arazo bat zela, eta beldurraren bidez Xik egoera hobetu duela; baina batzuek zalantza dute ez ote den borroka hau arerio politikoak bidetik kentzeko ere erabiltzen.

Arazo sistemikoa

Txinako ustelkeria ez da kasu isolatuen kontua, kulturan, politika eta negozioak egiteko moduan oso barneratuta dagoen zerbait baizik. Ekonomiaren bat-bateko garapenak, administrazioaren tamaina izugarriak eta gardentasun faltak nahasketa perfektua sortu dute funtzionario txikiek lasaitasun handiz boterea diru bihurtzeko.

Txinan, guanxi deitzen dioten kontzeptua oso barneratua dago: harreman pertsonalen bidez funtzionatzen duen sare sozial eta ekonomikoa da. Beharrezkoa da guanxi edukitzea, eta sare hori garatzeko eguneroko ogia dira mesedeak edo opariak. Dirua ez da beti zuzenean ematen; opariak ere badaude, bidaiak, senideentzako lanpostuak, eta politikarien artean, askotan, zuzeneko diru transferentziak ere bai.

(ID_15355915) CHINA XINJIANG ANNIVERSARY
Xi Jinping alderdikideen aurrean Pekinen, joan den irailaren 26an. SHEN HONG / EFE

Oraindik landa eremuetan oso zaila da herritarren pentsaera aldatu eta opari eta eroskeria txikien sistema hori gatazkatsua dela ulertaraztea.

Eta, Txinan boterea oso zentralizatuta dagoen ustea nagusi den arren, azken finean eskualdeetan eta herri txikiagoetan funtzionarioek lan egiteko duten modua kontrolatzea ez da batere erraza.

Ustelkeriaren aurkako borroka horretan, azken urteotan ehunka mila funtzionario zigortu dituzte; baita horietako hainbat exekutatu ere. Hala ere, arazoa oraindik ez da guztiz desagertu: adituek diote borroka hori eramateko kontrol mekanismo independenteak falta direla, ze ez dago beti argi borroka horretan Xiren lehentasuna borroka bera den, edo zeharka arerioen kontrako instrumentu bihurtu den.

Heriotza zigorra eta gardentasun falta

Txinak datu ofizialak argitaratzen ez dituen arren, giza eskubideen defendatzaileek ziurtatzen dute Txina dela heriotza zigorra munduan gehien aplikatzen duen herrialdea. Hemen oraindik legeak ez ditu ondo babesten akusatuak, eta, gainera, heriotza zigorra ezartzeko krimen moten zerrenda oso luzea da; zehazki, 46 mota daude

Nazio Batuen Erakundearen arabera, delitu larriak beste pertsona baten heriotza eragiten dutenak dira; bada, Txinan, erailketa zerrenda luze horretako kasu bakar bat da. Adibidez, armak lapurtzeagatik, droga trafikoagatik edo, azken kasu honetan bezala, ustelkeria dela-eta ezarri dezakete heriotza zigorra.

Giza eskubideen defendatzaileek, gainera, salatzen dute oraindik torturaren bidez lortzen diren aitortzak froga bezala onartzen direla. Txinan abokatuek denbora daramate hori salatzen, eta, horregatik, 2013an prozesuan aldaketa txikiak egin zituzten, adibidez galdeketak grabatzera behartuz. Hala ere, oraindik akusatuen eskubideak babesteko bide luzea falta dela salatzen dute Txinan giza eskubideen defendatzaileek.

Xik marka pertsonal bihurtu duen ustelkeriaren aurkako borroka honek bi emaitza nagusi izan ditu: bata, ustelkeria murriztea; eta bigarrena, Xiren boterea areagotzea. Horregatik, bere kritikoek uste dute borroka honen atzean kalkulu politiko sakona dagoela. Kanpaina horren bidez, Xi Jinpingek bere aurkari politiko nagusiak bidetik kendu ditu. Alderdi barruan Xiren alternatiba izan zitezkeen buruzagi asko ustelkeriaz akusatuta desagertu dira, batzuetan froga argirik gabe.

Agian borroka honek ustelkeria ezabatuko du, bai, baina selektiboki, eta, azken finean, hedatu den beldurra bikoitza da: politikariak eroskeria onartzearen beldur dira; baina ez hori bakarrik: Xiren beldur ere badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.