Alemaniako ekonomiak bizi duen egiturazko krisia ulertzeko adibide anitz azaleratu dira azkenaldian. Errusiatik iristen zen gas merkearen iturria debekatu zenetik, herrialdeak, energia krisi sakona ez ezik, produktibitate krisi nabarmena bizi du. Gaur egun, Alemanian ekoiztea inoiz baino garestiagoa da, eta bertan egindako produktuek lehiakortasun gaitasuna galdu dute.
Volkswagenen Wolfsburgeko egoitza nagusian, 2023an, automozio industriako soldatarik handienak zituzten; hots, ordua 62 euro ordaintzen zitzaion muntaketako langile bati (hilero 4.500 euro inguru gordinik). Baina tarifa horiek argalduz joan dira taldearen egiturazko krisia agerikoa egin den heinean.
Azken hilabeteetan, automozio sektoreko kaleratzerik handienak iragarri ditu Volkswagenek; alegia 50.000 lanpostu murriztuko ditu, lehenik adostutako beste 50.000 murrizketekin bat egingo dutenak. Partzuergoak adierazi du denak ez direla kaleratzeak izango, aurretiko jubilazioak eta borondatezko erretiroak bultzatuko dituztela diote, baina ez dute datu zehatzik eman.
Testuinguru horretan, Volkswagenek hiru fabrika ixteko intentzioa erakutsi du; eta ez hori bakarrik: Cabriolet autoak ekoizten dituen OsnabrĂ¼ckeko fabrika saldu dio Israelgo Aurelius Capital inbertsio funtsari eta Saxonia Beherea estatuari. Aurrerantzean, Israelgo Iron Dome aireko defentsa sistema mugikorra hornitzen duen Rafael enpresarekin batera, misilen aurkako sistemen osagarriak ekoizteari ekingo diote. Erabakiak polemika handia sortu du; izan ere, taldeko inbertsore qatartarrak aurka agertu dira. Horregatik, fabrika saltzea erabaki du Volkswagenek; eta, beraz, Alemaniako industria birmoldaketaren eredurik argigarriena bilakatu da OsnabrĂ¼ck.

Halere, kaleratzeen inguruko negoziazioak sekretupean egiten ari dira taldeko buruzagitza eta IG Metall sindikatu nagusia. Uda guztia negoziatzen pasatu ostean, iragan astean ikuskaritza batzordeak argi berdea eman zion Oliver Blume zuzendari nagusiak proposatutako berregituratze planari. Langileek oso ordezkaritza indartsua dute Volkswagenen; alegia, ikuskaritza batzordea osatzen duten hogei eserlekutatik hamar langileentzat dira (zazpi taldearen barrukoak eta hiru IG Metallekoak).
Azken hilabeteetan, automozio sektoreko kaleratzerik handienak iragarri ditu Volkswagenek; alegia 50.000 lanpostu murriztuko ditu, lehenik adostutako beste 50.000 murrizketekin bat egingo dutenak.
Horiek horrela, Volkswagen taldeak oraindik ez du berregituraketa plana ofizialki ezagutzera eman. Buruzagitzak edo langileen ordezkariek beren interesen arabera filtratutako informazioa da hedabideek jaso ohi dutena. Oliver Blume 2022an iritsi zen Volkswagenen buruzagitzara, bizitza guztia taldearen barruan lan egin ostean; eta hasieratik ekoizpen eredua aldatzearen aldekoa izan da.
Orobat, azken iragarpenek Seat markari eragiten diote; bada, baieztatu gabe dauden aurreikuspenek diote 2029tik aurrera Volkswagenek Seat ekoizteari utziko liokeela, eta Cupra marka lehenetsiko duela. Blumek ez du albistea baieztatu, ezta ezeztatu ere. Baliteke azken urteotako ekintza burutuen politikari jarraitzea.