mikel rodriguez
ANALISIA

Xake taula

2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
IS Estatu Islamikoaren harira sortutako gatazka xake partida erraldoi bat bihurtu da. Jokalari anitz eta boteretsuak dauzka, eta, mugimendu bakoitzeko, gatazka interpretatzeko ariketa are gehiago zailtzen da. Hain zuzen, mediatikoki bederen, badirudi partida mugimenduz mugimendu, ordenean ari dela garatzen: orain Mosuli begira gaude, gero Bagdadera mugitu gara, gero Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomora jo dugu, gero muga gurutzatu eta Siriako Raqqa hirira igaro gara, eta, orain, Siriako kurduen Kobani hirira begira gaude.

Partida taularen ertz batetik bertzera mugitu ahala, jokalari batzuek protagonismo gehiago hartzen dute bertze batzuen aldean. Horrela, Kobani dela eta, jokalari handi bat nabarmendu da berriz ere: Turkia. Partida, grosso modo, honela legoke: nazioartean kontsentsu handiz «gizateriaren etsai» izendatutako talde armatu batek hiri bat setiatuta dauka, konkistatu eta sarraski bat egiteko asmo deklaratuarekin. Hiri horretako herritarrak dauzkaten baliabide urriekin ari dira eusten, eta laguntza eskatu diete IS etsaitzat markatu duten herrialdeei. Iraken ere gertatu zen yazidiekin. Obamak «genozidioa» aipatu zuen. Hegazkinek bonbardaketak egin zituzten, lurrean ISren aurka borrokan ari zirenak YPG eta PKK gerrillak zirela axola gabe. 1+1=2, ezta? Kobanin gauza berak gertatu beharko luke.

Baina Kobaniko YPGei ez zaie laguntza hori ailegatu; edo ez, behintzat, espero zuten gisan. Eta, abuztuan Sinjarrekin ez bezala, Obama ez da kameren aitzinera atera Kobaniz azalpenak emateko. Moral bikoitz horren arrazoia badirudi Turkiarekiko harremana dela. Eta AEBek behin saltsan sartuta Kobaniko kurduak lagundu ez badituzte, erran nahi du ez direla uste bezain ahalguztidunak, eta zenbait pauso emateko bertze jokalariekiko dependentzia daukatela. John Allen Obamaren mandataria aste honetan izan da Turkian, estrategia bat negoziatzeko. Elkarrizketen ondoren, Hurriyet egunkariak zioen Turkiak «denbora irabazi» duela bilera horrekin. Denbora irabazi zertarako, hain zuzen, denbora izanik Kobanik ez daukana? Erdoganek disimulurik gabe adierazi du bere kezka iturri nagusiak zein diren: kurduak eta Baxar al-Assad. Kobani erortzen bada, bada, eroriko da. Gero sar liteke armada IS bidaltzera, jada kurduen soberania deuseztatuta dagoenean. Jokaldi horrek ahulune bat eduki lezake —etxeko kurduek pitz liezaioketen sua—, baina erreparo moralik ez dauka Erdoganek. Hori gertatuz gero, ordea, munduari lezio moralak ematen dizkion horrek eman beharko lituzke azalpenak.

Estatu Islamikoa estatu baten asmakizuna dela dioen teoria onartuz gero, geopolitikaren Kasparov horrek kalkulatu al zuen bere jokaldiak sortuko zuen erreakzio katea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.