Europako Batasuna hedatzeko prozesuak indarra hartu du azken asteotan: Balkanetako herrialdeekin egindako azken goi bilera dela medio, aspaldiko partez, hainbat herrialdek proposamen konkretuak egin dituzte ez aurrera eta ez atzera dagoen prozesua mugitzeko.Â
Balkanetako herrialdeak kexu dira etengabe, hedapena oso luze jotzen ari delako eta 27en artean herrialde batzuek arrazoi politiko eta historikoengatik betoak jartzen dituztelako bidean aurrera egiteko —Bulgariak Ipar Mazedoniarekin eta Kroaziak Albaniarekin, esaterako—. Gainera, kide gehiago hartu aurretik, batasunaren funtzionamendua bermatzeko aldaketa instituzional sakonak egiteko beharra dago. Oztopo horiek guztiak, ordea, arinduz joan dira. Azkenean, idatziz jarri du Bruselak aspaldidanik argi zegoena; zabaltzea helburu geoestrategikoa dela. Hau da, Europako Batasunak inguruan dituen herrialdeak bere orbitan sartu behar dituela Txinaren eta Errusiaren eraginari aurre egiteko eta nazioartean pisu handiagoa izateko.
Alemaniak eta Frantziak batasunean pixkanaka sartzeko prozedura berri bat mahaigaineratu dute; bereziki, Balkanetako herrialdeentzat eta Moldaviarentzat. Parisek eta Berlinek proposatu dute kide izateak dakartzan onura guztiak batera jaso beharrean, eta horretarako urteak itxaron beharrean, hautagai diren herrialdeek eskatzen zaizkien erreformak egiten dituzten heinean onurak eskaintzea, berehala; esaterako, merkatu bakarrean sartzen hastea, Europako Batasuneko instituzioetako eztabaidetan parte hartzea bozkatzeko eskubiderik gabe, eta, azkenik, hainbat agentzia eta segurtasun programatan parte hartu ahal izatea. Hautagaiek, behin onurak jasotzen hasita, ez dezaten atzera egin erreforma demokratikoetan. Onurak kentzeko mekanismoak ere aurreikusten ditu proposamenak.
Europako Batasunak inguruan dituen herrialdeak bere orbitan sartu behar ditu Txinaren eta Errusiaren eraginari aurre egiteko eta nazioartean pisu handiagoa izateko
Zabaltze prozesuan pizgarriak sartu eta aldaketak egiteaz haratago, Alemaniak eta Frantziak, Belgikarekin, Herbehereekin eta Luxenburgorekin batera, proposatu dute hautagai diren herrialdeek, ofizialki EBko kide bilakatzen direnean, betoa erabiltzeko botererik ez izatea hainbat urtez. Orbanen Hungariarekin gertatu dena saihestu nahi dute etorkizunean. Proposamen horrek, ordea, zabaltze prozesuari kalte egingo lioke; hautagaia den herrialde bat, etxeko lan guztiak egin baditu eta aho batez Europako Batasunean ongietorria jaso badu, ezin da bigarren mailako herrialde bat izan. Kide izateak dakartzan eginbehar eta onura guztiak jaso behar ditu; gainontzeko herrialdeek bezala, beto eskubidea izan beharko luke aho batez hartzen diren erabakietan. Orbanek egindako urraketa demokratikoak saihesteko modua horretarako itunetan aurreikusita dauden zigorrak —europar funtsak izoztea eta bozkatzeko eskubidea kentzea— azkar eta irmotasunez erabiltzea da. Orbanekin ez zuten hori egin, eta funtsak izozten hasi zirenerako kaltea egina zegoen.Â

Kide izateko etxeko lanak zintzo-zintzo egiten ari da Montenegro, eta 2028rako 28. kidea izan beharko luke. Albania litzateke hurrengoa, 2030 aldera. Ordurako Ukrainako gerra bukatuta badago, herrialde hori ere bidean sendo legoke, Moldaviarekin eta Ipar Mazedoniarekin batera. Alemaniaren eta Frantziaren proposamena aurrera ateratzen bada, apurka-apurka ingurukoek pizgarriak nola jasotzen dituzten ikusita, beharbada Serbiak eta Bosnia eta Herzegovinak aurrepasoak emango lituzkete erreformetan, oso atzean baitaude.Â
2013ko uztailaren 1ean, Welcome Croatia zioen pankarta erraldoia jarri zuten Europako Batzordearen eraikinean. Kroaziak eta 28ek 2011n sinatu zuten kide izateko ituna, eta begirale estatusa eman zioten Balkanetako herrialde horri Kontseiluaren bileretan.
Europako Batasunaren hurrengo zabaltzea zazpigarrena izango da, baina ez da aurrekoak bezalakoa izango, ezin da izan, 2013az geroztik Europa eta mundua aldatu egin dira eta.