Ramallahtik Jeninera joanez gero, ez dago ez ikusi egiterik toki izenak direla-eta palestinarrek eta Israelek duten gatazkari. Palestinako herri orori hebreerazko izena eman diote, eta han-hemen ikusten dira herri eta eskualdeen izenak hebreeraz agertzen dituzten kartelak. Palestinarrek, berez, ez daukate kontrolik Zisjordaniako hegoaldea eta iparraldea lotzen dituen errepidearen gainean, baina, hala ere, leku jakin batzuetan seinale txikitxo batzuk ikusten dira, tokiko agintariek ezarriak, jatorrizko arabierazko izenak agertzen dituztenak. Israelgo okupatzaileek ezarritako seinale batzuetan bertan ere, idazkera arabiarrean ageri dira hebreerazko izenak.
Israel jo eta ke ari da lanean Palestinako leku izen jatorrizkoak aldatzeko: aldatu, ez soilik kolono juduen buruan, baizik baita palestinarren buruan ere. Palestinarrek jaioterriko izenak ahaztea nahi du Israelek, eta okupazioko agintariek ezarritako izen berriez izendatzea beren herriak. Burua jateko prozesu bat ez ezik, historia ezabatzeko prozesu bat ere bada hori. Espero dute palestinarrek beren historia ahaztea eta beste kontakizun bat beretzea: existitzen direla ukatzen duen kontakizun bat. Errepidean joaki, nonahi ikusten dira halako seinaleak. Ez irakurtzerik ez dago. Eta, horren guztiaren atzean, helburu bakarra dago: pasaia judutzea, herrialdeak hebrearra izateko itxura izan dezan.
Gatazka honen beste alor bat Palestinako lurretan Israelek ezarritako kokalekuen izendapena da. Israelen okupazioaren agintariek, kokaleku berri bat izendatu behar duten bakoitzean, tokiko izen palestinarraren antza duen izen bat aukeratzen dute. Maiz, ahalegina egiten dute Testamentu Zaharrean izenen bat aurkitzeko, ordura arteko izen palestinarraren antzekoa. Bibliako izen zaharrak, jakina, Biblia bera baino zaharragoak dira, izen kanaandarrak baitzeuden Ibrahim Iraketik Kanaango lurretara iritsi baino askoz lehenago ere, Testamentu Zaharraren arabera. Hori dela eta, ohikoa da herri eta hiri batzuek oraindik ere antzinako izen bera izatea. Israelek, ordea, izen zahar kanaandarrak erabilita, izen zahar hebrearrak erabiltzen ari delako itxurak egiten ditu. Prozesu hori, bisitarien iruditeria engainatzekoa, Nakban ere baliatu zuten: palestinarrak desplazarazi eta haien lurra hartu zutenean, lurraldea judutzeko, hebreartzeko eta sionizatzeko prozesu zabal eta bizi bati ekin zioten.
Prozesu hori, bisitarien iruditeria engainatzekoa, Nakban ere baliatu zuten: palestinarrak desplazarazi eta haien lurra hartu zutenean, lurraldea judutzeko, hebreartzeko eta sionizatzeko prozesu zabal eta bizi bati ekin ziotenÂ
Palestinako mapa hebreartzea: huraxe izan zen Nakba kulturalaren eginbiderik ankerrenetako bat. Historialariz, arkeologoz, teologoz, kartografoz eta geografoz osatutako zenbait batzorde sortu zituzten herrialdeko herri, hiri, haran, ordoki, iturburu eta bide guztiei hebreerazko izena ezartzeko. Asmoa, bere garaian Ben Gurionek azaldu zuen bezala, izen arabiarrak ezabatzea zen: «Zeren, besterik gabe, ez dugu onartzen arabiarrek eskubide politikoa dutenik lurralde honen jabeak izateko, ezta eskubide espirituala dutenik ere lur honen eta izen horien jabeak izateko». Dena jatorriz hebrearra zelako itxura ematea zen judutze prozesu haren helburua. Jaffa, adibidez, Yafo bihurtu zen; Beitin, berriz, Beit El; Wadi Ali Bat, Eli; eta halaxe den-denean, izenak asmatuz, zer-eta izen horiei zahar kutsua emateko asmoz. Hala, zeharo suntsitu zuten leku haien memoria. Palestinako komunitate, herri eta hiri asko ezabatu egin zituzten, baina ez bakarrik haien lekuan kibbutzak eta hiri berriak jarriz, baizik eta baita zuzenean objektiboki eta zientifikoki ezabatuz ere geografo eta ikertzaile israeldarren ikerlan eta testuliburu akademikoetatik. Eremu hura jatorrizko biztanleen, jatorrizko jabeen nortasunetik askatzea izan da beti xedea. Akademiko israeldar batzuen liburuek berek ere uzten dute agerian itsuskeria hori. Adibidez, Meron Benvenisti-ren The Sacred Landscape: The Obliteration of the History of the Holy Land since 1948 liburuak (Paisaia sakratua: Lur Santuaren deuseztapenaren historia 1948az geroztik), nahiz eta lan hori nabarmen lerratua dagoen kontakizun sionistaren aldera; eta baita Shlomo Sand-en hiru liburu ere: The Invention of the Land of Israel (Israelgo lurraldea nola asmatu zen), The Invention of the People of Israel (Israelgo herria nola asmatu zen) eta Why I am No Longer Jewish (Zergatik jada ez naizen judua).

Memoriaren eta kontakizunaren gerra: horra Israel Palestinako herriaren kontra egiten ari den gerra nagusietako bat. Eta gerra horrek ez dauka arrisku txikiagoa lurraren eta jendearen kontra egiten ari denak baino. Gerra horren helburua eskualdeko historia berregitea da, bat etor dadin juduek Lur Santuaren inguruan duten kontakizunarekin. Eta, horretarako, eremu kultural eta historikoak gabetzen ari dira, haran eta herriak berriz izendatzen, arrasto arkeologikoak ebasten, eta, laburbilduz, palestinarren existentziaren eta kontakizunaren zantzu oro desagerrarazten. Hala, bai Internet eta bai informazio webguneak gerrarako plataforma bihurtu dira orain. Hori dela eta, berriki, palestinarrek Wiki Palestine fundazioa sortu dute, nazioarteko online entziklopedia horretan esku hartzeko bide gisa. Izan ere, nire harrigarri, Palestinari buruzko arabierazko informazioa nork-eta Israelgo fundazioak berak sartua zuen aurrez, eta informazio horretatik gehien-gehiena Israelen beraren kontakizunaren aldera lerratuta zegoen. Joan den astean, bada, Wiki Palestineren bulegoan izan nintzen, Ramallahn. Baliabide eskaseko bulego koxkor hori ahaleginak eta bi egiten ari da aurre egiteko Israel nazioarteko entziklopedia hartan argitaratzen ari den kontakizunari. «Den-dena da borrokagai», kontatu zidan Wiki Palestineren zuzendari exekutiboak, zeina nire laguna ere bai baita. Ezer ez da gertatzeagatik gertatzen. «Gure lider nazional historikoen informazioa eta datuak berak ere, Yasser Arafaten ingurukoak barne, engainagarriak ziren». Fundazioak, horregatik, Zisjordaniako eta Gazako dozenaka editore trebatu ditu Palestinaren inguruko edukiak edita ditzaten. Horren ondorioz, bulegoko editore nagusia, Batol, jomugan jarria du Israelgo prentsak, terroristatzat jota eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak finantzatzen duela leporatuta; mehatxuak ere egin dizkiote telefonoz, zenbaki ezezagunetatik deituta. Irribarrez, kontatu zidan nola norberaren herriaren inguruko datuak aldatzea bera ere ekintza terroristatzat hartzen den, eta berretsi zidan bulegoan zera baizik ez direla egiten ari: informazio okerra eta engainagarria editatzen, betiere iturri sinesgarri eta zientifikoetan oinarrituta. Raedek begiratu zidan orduan, eta erantsi zuen arabierazko informazioa zuzentzen ari direla, ezin izan dutela oraindik ezer egin ingelesezkoarekin eta beste hizkuntza batzuetan idatzitakoarekin.
Borrokaren beste alderdi bat baino ez da hau, baina badira gehiago. Sionismoak urteak eta urteak eman ditu akademiaz eta ikerketaz baliatzen errealitatea desitxuratzeko eta Palestinaren historiari dagozkion egia batzuk aldatzeko. Kultura ministro izan nintzenean, palestinarren kontakizuna gainbegiratzeko sail bat sortu genuen ministerio horretan bertan, eta ohartu ginen ezen, Palestinako hamazazpi unibertsitateetan, inon ere ez zegoela Palestinaren historia lantzeko departamenturik. Horregatik, gure sailaren helburuetako bat da, hain zuzen, bidea ematea Palestinaren historia azter dadin, baita Palestinaren historiaren eskola bat garatzea ere. Gogoan dut nola An-Najah-ko Unibertsitateko irakasle batek esan zidan europarren historian oinarrituta irakasten zutela ia dena, eta historia horretan, jakina, eragin handia duela sionisten kontakizunak. «Geure kontakizuna behar dugu». Halaxe da, bai: laburbilduz, geure kontakizuna askatu beharra dugu.

Bulegotik irten eta autoan Yasser Arafaten ehorztokiaren ondotik pasatzen ari nintzela, buruan oihartzun egin zidan Raedek esandakoak, den-dena borrokagai delako horrek. Palestinarrek, baiki, borroka horietan guztietan jardun behar dute ezinbestean, Israelen okupazioa eta egoera ekonomiko zail hau sufritzen duten bitartean.