urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Zarata karrankari bat

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Madril gutxiago eta Eskozia gehiago» esanez sartu da nagusia erredakziora. Auzi ideologikoa ez eze, pragmatikoa ere bada: nekez egingo duzu Espainiako telebistek baino hobeto Madrili buruzko kobertura, haiek Euskal Herrikoa zuk baino hobeto egingo ez duten bezala (non eta ez den Ipar Euskal Herriko edozein bozketa, dena esan behar bada).

Asteartean alabaren bila joatean, ikastolako gurasoen hitz-aspertuko gaietako bat: zer gertatuko da gaur Madrilen? Ostegunean Eskozia ez zen hizpide. Madrilgo bozetan lehiatu diren hautagai guztiak zaizkio ezagun Hego Euskal Herriko herritar arruntari, hango biltzarrean sartu diren bost alderdietakoak, eta sartzerik lortu ez duenarena ere bai. Eskozian, Nicola Sturgeon edo Alex Salmond, gehien jota. Galesko egoera politikoaz hobe galdetu ere ez.

Edo Arlene Fosterri buruz, Ipar Irlandaren «sorreraren» mendeurrena baino astebete lehenago dimisioa iragarri behar izan zuena. Unionismoak brexit-aren ostean bizi duen ezinegonaren adierazle argia da. Britainiarretan britainiarren jokatu behar horrek aspaldiko zatiketa handiena azaleratu du Ipar Irlandan, baina baita Britainia Handian ere, eta Eskozia eta Ingalaterra dira horren adibide argienak. Iparraldeko nazioak herritarren babes soziala bermatzen duen programa aurrerakoi eta independentista bozkatu duen artean, Ingalaterrako udal hauteskundeen aurkako panorama erakutsi dute: geroz eta eskuindarragoa.

Aldeak alde, Madrilgo bozketak ere hori erakutsi du: Espainiarik eskuindarrenaren garaipena. Errealitate horren konstatazioak ekarri du askorentzat, brexit-aren eta ikuspegirik eskuindarrena daukan alderdi kontserbadorearen aurrean, Eskoziak independentea izatea beste biderik ez duela jabetzea (Galesen, konparaziora, askoz gehiago hazi da independentismoaren aldeko jarrera inkestatan, baina hauteskundeotan laboristak izan dira garaile nagusiak). Emaitza hauekin, ikusi beharko da noiz eta nola egin litekeen independentzia erreferenduma; Nicola Sturgeonek asteon egindako telebistako eztabaidan berretsi du ez duela Katalunian bezalako galdeketarik egiteko asmorik, eztabaida horrexetara, aldebakarreko erreferendumera, eraman nahi izan zuen ordezkari kontserbadorearen aurrean.

Badira independentismoaren baitan hori bera planteatzen dutenak, osterantzean Boris Johnsoni blokeoaren karta ematen zaiolakoan, galdeketari ukoan tematzeko, baina ezin uka hauteskundeotako gehiengo independentistak erraztu egiten duela, berehala ez bada, agintaldi honetan erreferendumaren deialdia gauzatzea, Downing Streetetik etorriko diren neurrien aurka.

Garrantzitsuena bozek agerian utzi duten borondate independentista hori baita, Ingalaterrako emaitzek ere hauspotutako polarizazioarekin: prozesu independentista arrakastatsuetan ohiko faktorea da, estatuko nazio nagusiaren eta lurralde independentistaren artean ezberdintasun etniko, erlijioso edo linguistikoaz gain, jarrera politikoak oso urrun egotea. Eskoziako bozek erakusten duten gizarte-ereduak oso urrun daude Ingalaterran nagusi den proiektu politikoarekin. Eta luzaroan bikote izan arren, bizitzako planteamenduak hainbeste urruntzen direnean, dibortzioa irtenbide zibilizatuena da.

Erresuma Batuan agerian geratu da hori, eta Espainian ere antzeko egoera dago: PSOEtik ezkerrera sintonia izan dezakezun ezker batek ilusioa piztu du azken urteotan, baina minoritarioa da. Pablo Iglesias presidenteorde egon izanak, eta euskal ordezkari batzuen isilpeko jardunak, zerikusia izan dezake azken hilotan askatzen ari den korapiloarekin (ezin aipatu gabe utzi horien guztien aurretik bakearen artisauen lan ordainezina.Agur eta ohore, Mixel Berhokoirigoin).

Katalunian baino onura handiagoa izan da Euskal Herrian, gurean bakegintzarako urratsak behar zirelako lehendabizi; badago zer landu Madrilen eremu horretan. Katalunian, aldiz, prozesu independentistarekin ziharduten buru-belarri, eta hor, gobernurik ezkertiarrenak ere ez du ahalbidetuko ez independentzia, ezta galdeketa demokratiko bat ere. Espainiako Estatuaren mugak aspaldi zaizkigu ezagun, Kataluniako beste sektore independentistak salatu izan duenez. Euskal Herritik begira, Pedro Sanchezek hauteskunderik ez aurreratzea ere onerako izan liteke, hasitako urratsak ez eteteko. CUPeko ordezkari batek Arnaldo Otegiren duela bost urteko bideo bat zabaldu du, Podemos inguruko jendeari esanez ezker independentista prest zegoela laguntzeko Estatuaren demokratizazioan. «Baina zintzotasuna eskatzen dizuegu; ezinezkoa dela ikusten duzuenean, zatozte independentismora». Espainiako estatu errepublikano eta ezkertiarra izateko, egungo estatua bera apurtu beharra nabarmentzen zuen Otegik.

Antzerako idatzi du The Guardian-en George Monbiot idazle ingelesak egunotan, «Hots karrankari hori? Erresuma Batua da, apurtzen hasita» izeneko artikuluan (That creaking sound? It's the United Kingdom starting to break apart): «Iruditzen zait berpizkunde politikoa batasuna apurtuz soilik egin ahalko dela. Handi izateko ahalegina uzten dugunean baino ez gara izango on».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.