Igor Susaeta.

Zer saritzen duten sariek

2026ko apirilaren 24a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduan aspaldi ez bezalako giro gerrazale bat dagoenean, gatazkarik eza aldarrikatzen duten egitasmoek nolabaiteko kontrapisu bat egin dezakete. Gernika sariek, kasurako. Gernika-Lumoko Udalak banatzen ditu 2005az geroztik, eta, hark dioenez, bake eta berradiskidetze ahaleginak aintzatestea du helburu. Harpa doinuak beharrean gerra danborrak entzuten dira batez ere munduaren luze-zabalean, baina ezin sariak entregatu gabe utzi. Aurtengoak etzi emango dituzte: bat, Gazara laguntza humanitarioa eraman nahi duen Global Sumud nazioarteko flotillari; bestea, Armeniari eta Azerbaijani, «bake akordioagatik», «bide diplomatikoen aldeko apustua» egin dutelako eta bide hori aukeratu dutelako «gatazka enkistatuak gainditzeko tresna gisa».

Kontua da, ordea, Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak iazko abuztuan Donald Trumpek erdi bultzatuta Washingtonen sinatutako dokumentua ez zela, formalki, bake akordio bat, horri bide egiteko adierazpen bateratu bat baizik. Eta bat eta bestea, teknikoki behintzat, ez dira gauza bera. Oraindik ez dago bake itunik; orduan, gutxienez eztabaidagarria da iragartzea bake akordio bat saritu dutela. Hori batetik.

Bestetik, aintzat hartuta Gernika sariek «elkarrizketa, memoria, eta gatazken konponbide baketsua» sustatzen dituztela, komeni da memoriaren irratia piztea eta gogoratzea zer dela-eta heldu diren Armenia eta Azerbaijan nolabaiteko elkar ulertze batera ia hiru hamarkadaz gerran egon ondoren, eta ea bide horretan gertatutakoek bat egiten duten bake ahaleginak aitortzen dituen sari baten espirituarekin. Eta, bide batez, zerikusi zuzenik ez du testu honen muinarekin, baina ez dator gaizki gogoratzea Trump negozio gizonak Hego Kaukasoko lurretarako lehentasunezko sarbide bat lortu duela abuztuan Etxe Zurian hitzartutakoaren bidez. Just for the record; jasoa gera dadin, alegia.

ALIYEV ETA PASHINIAN. TRUMP. ARMENIA-AZERBAIJAN.
Azerbaijango presidente Ilham Aliyev eta Armeniako lehen ministro Nikol Paxinian, abuztuaren 8an, Etxe Zurian. Bien artean, Donald Trump. NATHAN HOWARD / EFE

Izan ere, zer saritzen den beti izan daiteke zalantzan jartzeko modukoa; are, kritikagarria. Zeren, beharbada inkontzienteki, baina neurri batean amore emate bat saritzen ari da Gernika-Lumoko Udala. Ezin bestela definitu Armeniak Karabakh Garaiko auzian hartu behar izan zuen jarrera. Bai, egia da, gatazka baten konponbidean batek besteak baino gehiago irabaziko du; nekez egongo da berdinketa teknikorik. Besterik da, baina, K.O. bat saritzea; finean, horixe izan baitzen 2023ko irailean gertatutakoa: Azerbaijanek airez egindako erasoaldi labur bezain bortitz batek hainbat lagun hil zituela Karabakh Garaian, eta han, beren lurretan, bizi zirenak —armeniarrak ia denak, denak ez esatearren: 100.000 pasa — exodo batera behartu. Azerbaijanek urratutako tregoengatik eta Laçingo korridorea itxiz ezarri zuen blokeo humanitarioagatik —Karabakh Garaia, teknikoki, Azerbaijanen lurretan baitzegoen 1991n Sobietar Batasuna desegin zenetik—, Armenia erdi lelotuta zegoen ordurako. 2023ko danbatekoak errematatu egin zuen, eta Karabakh Garaiari uko egin behar izan zion: ez zioten beste alternatibarik utzi. 

Noski, nagusitasun militarrak eraman du Azerbaijan negoziazio mahaian indar posizio bat edukitzera. Turkia aliatu estrategikoak, ahaide historiko-kulturalak, Armeniaren auzo boteretsuak lagundu zion, eta, gainera, petrolio salmentaren irabaziak baliatu zituen nagusitasun hori areagotzeko. Izan ere, Errusiak, bien artean arbitro lanak egin behar zituenak, beste aldera begiratu zuen duela hiru urte. Nahikoa lan Ukrainan, eta kalkulatu zuen ezer gutxi irabaz zezakeela beste gatazka batean esku hartuz. 

Gainera, ezin aipatu gabe utzi Armenia herrialde pobrea dela Azerbaijanen aldean. Horrek ere, horretarako logika manikeoagoa izanagatik, baldintzatu dezake saritzen den akordioaren zilegitasuna. Dena den, eta analogiak egitea arriskutsua den arren, fikzionatzera jolas gaitezke, eta irudikatu Libanok eta Israelek bake akordio bat sinatzen dutela, sari bat ematen dietela aldeei horregatik, eta itun horretan jasoa dagoela Libanok, Israelek eskatu bezala, bere hegoaldeko lurren zati handi bati uko egin behar izan diola gaitasun militarrik ez duelako horiei eusteko. Beraz, ez ote den, nahi gabe ere, logika eta inertzia batzuek bultzatuta, nagusitasun militar baten emaitza den prozesu bat saritzen, ahalegin diplomatiko orekatuago batena beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA