1967an Zisjordania okupatuz geroztik, Israelek atergabe segitu du eskualde hura kolonizatzeko neurriak hartzen eta palestinarren bizimodua amesgaizto bilakatzen, hala herritarrei alde eginarazteko esperantzan. Besteak beste, lurrak konfiskatu dituzte, kokaleku eta kolonia juduak eraiki, herriak suntsitu, jendearen eta gaien joan-etorria mugatu, apartheid erregimen bat ezarri, eta jendearen eta haien ondasunen kontrako gerra sistematikoan aritu, baita Palestinako gune eta monumentu arkeologikoaren kontra ere. Hori dena, isilpean eta modu gradualean.
Prozesu hori bizkortu egin da azken urteetan, eta 2026ko otsailean jo du goia, iragarri dutenean plan estrategiko bat abiaraziko dutela Zisjordania okupatua de facto anexionatzeko eta anexio hori formalizatzeko. Planaren parte funtsezkoetako batzuk dira Palestinako lurrak «estatuaren jabetza» gisa erregistratzea, kokalekuak hedatzea, eta autoritate administratiboa militarrei kendu eta zibilei ematea. 1967tik lehen aldia da Israelgo Gobernuak halako neurri bat onartu duena Zisjordaniako lurrak Israelgo Estatuaren lur gisa erregistratzeko. Horrek erraztu egiten du palestinarren jabetza pribatuak bereganatzea eta milaka palestinarri beren lurrak kentzea, elkarrengandik bereizitako eremuetan egotera behartuz —A eta B eremuetan— eta baliabideak lortzea oztopatuz. Ahalik eta lur gehiena, ahalik eta arabiar gutxienak: horra Israelek betidanik darabilen leloa. «Diseinuzko anexio» edo «lurraren mega-harrapaketa», horrek «de facto anexioa» ekarriko du ezinbestean. Pauso horiek, edozein bake itun posibleri azpijana egiteaz gainera eta bi estaturen konponbideari oztopo gaindiezinak ezartzeaz gainera, oinarrizko giza eskubideak urratzen dizkiete israeldarren okupaziopean bizi diren palestinarrei.
Aldi berean, Israelgo Gobernuak boteretu eta indartu egin ditu kolono israeldarrek Zisjordanian sortutako bandak, are indarkeria handiagoa erabil dezaten palestinarren kontra, batez ere herrietan eta nekazari eremuetan. Estatuak ofizialki babestutako halako ekintza biolentoetan, palestinarrak tirokatu eta haien jabetzak erre edo lapurtu izan dituzte. Palestinarrak nekazari eremuetatik kanpora azkarrago desplazatzeko bide gisa ari dira areagotzen kolonoak, hain justu, palestinarren kontrako indarkeria. Zisjordania okupatu gehienean, palestinarrek mugatuak dituzte joan-etorriak, eta kolonoen biolentziari eta jazarpenari, berriz, ez ikusi egiten zaio.
Gazaren kontrako gerrako lehen 27 hilabeteetan, hots, 2023 urriaren 7tik 2025eko abenduaren 31ra bitarte, 1.102 lagun baino gehiago hil zituzten Zisjordanian, eta 9.034 baino gehiago zauritu. Horietatik, 242 hil zituzten 2025ean bertan. Gazan genozidioa egin bitartean, Zisjordanian ere politika erasokorrak ezartzen ditu zuen Israelek. Hala armada nola kolonoak palestinarren herri eta hiriei erasotzen ari zaizkie gau eta egun.
Gazako gerrako azken 30 hilabeteetan, inork ez du interes handirik izan Zisjordanian gertatzen ari zenaren berri emateko. Gazatik zetozen albisteei begira-begira zegoen mundu guztia, baina, berez, Zisjordanian ere egunero ari ziren sufritzen armadaren eta kolonoen erasoak. Nazioarteko tentsioa hortxe zegoen, Golkoan, eta horren erdian eman zen Zisjordaniako gertakarien berri. Kolonoen erasoak eta operazio militarrak atergabeak izan dira Zisjordania okupatuan. Gaur egun, hedabideek Irango gerran jarria dute arreta, eta Israel horretaz baliatzen ari da Zisjordaniako politikak gogortzeko. Azkeneko plana, lurralde hartako lurrak anexionatzekoa, Israelek Palestinako lurra menderatzeko daukan politika zabalagoaren parte da. Bide horretan, Israelgo armada, Israelgo administrazioa eta Israelgo kolonoak elkarlanean ari dira Zisjordaniako jendearen kontra beste Nakba bat egiteko.

Martxoaren 15eko goizean, Israelgo armadak bi senar-emazte eta haien bi haur hil zituen, eta haien beste bi ume larri zauritu, Tammun-en, Tobas hegoaldean, Zisjordania iparraldean. Israelen indar bereziak hirira sartu ziren ezkutuan, militarren babesean, eta tiroka hasi zitzaizkion ibilgailu bati; hantxe hil zituzten Ali Khaled Bani Odeh (37 urte), Waad Othman Bani Odeh (35 urte), eta haien bi ume, Mohammed (5 urte) eta Othman (7 urte). Beste bi haurrak, Mustafa (8 urte) eta Khaled (11 urte), metrailaz zauritu zituzten buruan eta aurpegian. Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi du Israelgo indarrek ez zietela utzi barruan zeuden zaurituak artatzen, eta alde egitera behartu zituztela. Palestinako tokiko albisteetan, hain zuzen, egunero agertzen dira halakoak: armada hiriak inbaditzen eta errugabeak hiltzen, kolono taldeak herriei erasotzen, etxeak eta etxaldeak erretzen, herritarrei tiro egiten eta jabetzak suntsitzen.
Zisjordania zatituta dago, lurralde uharteak han eta hemen, denak ere ehunka kokalekuz, kontrolgunez eta postu militarrez inguraturik. Palestinako lurraldea gero eta zatituago dago, eta herriak eta hiriak hain daude bakartuta orain, ezen herri bateko palestinarrak ezin baitira ondoko herrira joan Israelen kontrolgune batetik pasatu gabe. Bideak eta errepideak ere modu jakin batean diseinatu dituzte, armadak palestinarren joan-etorriak monitorizatu eta kontrolatzeko moduan. Ondorioz, herritar asko ezin dira beren lursailetara ere joan Israelgo armadaren baimen berezi bat izan gabe.
Horren guztiaren erakusgarri, normalean ordubete edo bi ordu inguru behar izaten dira Hebrondik Ramallahra joateko, baina orain, berriz, egun osoa ere behar izaten da batzuetan. Jeningo palestinar batek Ramallahra joan behar badu ordu erdiko bilera edo elkarrizketa batera, egun osoa eman beharko du joan-etorrian. Izan ere, autoa hainbat eta hainbat kontrolgunetan geratuko diote helmugara iritsi aurretik, eta errepideak kolonoek blokeatuta ez badaude ere, gaitz erdi, maiz ixten baitituzte Palestinarren herrietarako bideak hainbat orduz, tokiko nekazariak etxetik atera ezin izan daitezen. Zisjordanian barna bidaiatzea amesgaiztoa da, bidaldi arriskutsu bat, bizia galtzeko modukoa. Horregatik, ezinbestekoa denean baino ez da joaten jendea norabait oinez zein autoz, eta betiere kontuz-kontuz. Herri eta hiri bakoitza presondegi txiki bat bihurtu da, Israelgo armadak sarreran jarritako ateek itxia.

Historian lehen aldiz, Jerusalemgo meskita santuan ez zen gaueko eta ostiraleko errezorik izan ramadanean. Palestinarrek ez dute baimenik ez meskitan errezatzeko, eta ezta hilabete santuko errituak egiteko ere. Zenbait eskualdetan ezarritako muga militarrek hauspoa eman diete kolonoei zenbait krimen egiteko, armadak babesturik.
Gainera, armadaren babesa izateaz gain, kolonoek estatu propio bat sortu dute Zisjordanian. Zenbait banda eratu dituzte, eta, taldean eta modu antolatuan, palestinarren herriei erasotzen diete. Bi urteotan, normal bihurtu da kolono armatuen taldeak ikustea palestinarren herriak inbaditzen eta hango etxeei erasotzen. Sarri, jende armagabea bere burua babesten saiatzen da, baina halakoetan indarkeria eta suntsipena gailentzen dira. Kolonoek, palestinarren etxaldeak suntsitu ez ezik, ardiak lapurtu eta bizilagunak kokalekuetara deportatu ere egiten dituzte. Sarri ematen da Zisjordanian kolonoek palestinarrei egindako erasoen eta lapurreten berri: palestinarren kontrako eguneroko jazarpenaren parte dira ebasketak.
Zisjordaniako nekazari herri eta herrixketan palestinarrak izutzen segitzen dute. Martxoaren 8an, israeldar bandek Abu Falah herriari eraso zioten —Ramallah ipar-ekialdean—, eta hiru herritar hil eta beste asko zauritu zituzten. Ohi bezala, Israelgo indarrek babesa eman zioten talde horri, eta, kolonoak geldiarazi ordez, hainbat herritar atxilotu zituen. Martxoaren 2an, berriz, Dumatik gertu, kolonoek bi anaia hil zituzten. Bideo batean grabatuta, zenbait kolono agertu ziren palestinarren etxeetara zuzenean tiroka, eta biolentzia hartaz gozatzen gainera, itxura guztiaren arabera. Gauean palestinarren herrietan erasoak egitea ere ohi-ohikoa bihurtu da eskualde hartan.
Zisjordanian denak daude jomugan: jendea, zuhaitzak, etxeak eta animaliak. Zisjordaniako palestinarren kontra Israel egiten ari den gerraren parte bat, bestalde, haien historiaren eta gune arkeologikoen kontrakoa da. Esparru arkeologiko oro konfiskatu dute, eta hango arrastoak eta aurkikuntzak lapurtu eta Israelgo museoetara eramaten ari dira: Jerusalemgo eta Hebrongo tenplu sakratuetatik hasi eta Betleemgo eta Sabastiakoetara —Nablustik gertu—, eremu guzti-guztiei eraso egin diete, eta guztiak konfiskatu. Palestinarren historia erasopean dago etengabe. Eta Israelgo armadak palestinarren etxaldeak eta zuhaitzak ere baditu jopuntuan; besteak beste, milaka olibondo erauzi ditu erro-errotik, batzuk erromatarren garaikoak.
Mundu guztia Golkoko, Irango, Tel Aviveko eta Gazako albisteei begira dagoen honetan, apenas ematen den Zisjordaniako jendearen sufrimenduaren berri.