Palestinarren eta israeldarren artean inoiz etorkizun politikorik izango dela pentsatzea nekeza den honetan, eta bakea erdiesteko elkarrizketei berrekiteko dinamikarik batere ez dagoen honetan, Zisjordaniako herritarrei jasanezin bihurtzen ari zaie bizimodua, egoera ekonomikoa dela eta. Ekonomia beti erabili izan da jendea azpiratzeko tresna gisa. Militarrek, eguneroko erasoetan, maiz suntsitzen dituzte azpiegiturak, hala nola errepideak, ur bideak eta sare elektrikoak. Gainera, herri eta hiri asko blokeatuta dauzkate, eta jende askori ez diote uzten lanera iristen; ondorioz, bizimodua oztopoz josia dago, eta ekonomia, berriz, guztiz desorekatuta. 2023ko urriaz geroztik, Israelen lanean ari ziren 100.000 palestinarri bertan behera utzi diete lanerako baimena, eta, hortaz, diru sarrerak ere apaldu dizkiete. Bestalde, joan-etorriei egunero jartzen dizkieten mugen ondorioz, ehunka kontrolgune barne —793, zenbait kalkuluren arabera—, inbutu izugarriak sortzen dira hala salerosketan nola ondasunen joan-etorrian.
Israelen politiken, erasoen eta mugapenen mende daudenek lanak dituzte oinarrizko premiak betetzeko. Langabezia tasa %28 inguru da, gobernua finantza krisi bati buru egin beharrean da, eta asaldura nabarmenak daude arlo ekonomikoan; horren guztiaren ondorioz, gero eta okerrago dago dena Zisjordanian.
Palestinako egoera ekonomikoa latza da, izugarri latza, eta atzeraldia Zisjordaniako bizimoduaren alderdi guztiei eragiten ari zaie. PAN Palestinako Aginte Nazionalari nabarmen gutxitzen ari zaizkio baliabide ekonomikoak; nagusiki, Israelek ez dizkiolako konpentsazioko diru-sarrerak ordaintzen Palestinako Finantza Ministerioari. Eta atxikitako zerga horiek Palestinaren diru sarreren bi heren dira. 2019tik 2026aren hasierara bitarte, hain zuzen, 6,93 bilioi shekel-en funtsak atxiki dituzte (bi bilioi dolar inguru).
Hori nahikoa ez, eta nazioarteak PANen aurrekontuak osatzeko bidaltzen duen laguntza ere nabarmen apaldu da azken urteetan. PANek, finantza krisia dela medio, zailtasunak ditu langileei soldata ordaintzeko, eta haietako asko soldataren %20 jasotzen ari dira gehienez. 2026ko urtarrilean, PAN jardunean hasiz geroztik lehen aldiz, 2.000 shekel baino ez zizkieten ordaindu sektore publiko zibil eta militarreko langileei, haien gradua edo postua edozein zela ere, eta hori, langile batzuentzat, ez da nahikoa errenta ordaintzeko. Aurten arte, PANek soldataren erdia pagatu ohi zuen hilero. 160.000 lagunek jarduten dute PANen mende, eta, duela zazpi urtetik, Israel PANi zor zizkion zergetatik milioika dolar kentzen hasi zenetik hilean, langileek ez dute soldata osoa jaso. Hori, noski, Zisjordaniako bizimoduari eragiten ari zaio, alderdi askotan. Sektore publikoko soldatak hain apalak izanik, dirua motel mugitzen da merkatuan, eta horrek, aldi berean, sektore pribatuari eragiten dio.
PANek, finantza krisia dela medio, zailtasunak ditu langileei soldata ordaintzeko, eta haietako asko soldataren %20 jasotzen ari dira gehienez
Prezioak goraka ari dira. «Garesti dago dena», esan zidan lehengoan nire lagun Alik. Joan den hilean, 18 shekel pagatu omen zuen kilo bat tomateren truke (4,5 euro), eta 10 shekel kuiatxo batzuen truke (2,9 euro). «2.000 shekel pagatzen badizute [578 euro], nola ailegatuko zaizu seme-alabentzako jana erosteko?», galdegin zidan. Iaz, adibidez, 150 shekel ordaindu nion taxilari bati Ramallahtik Jerikora eraman nintzan, eta aurten, berriz, 250 shekel ordaindu behar izan dut bidaia beragatik (72 euro). Nire beste adiskide batek, Maherrek, esaten du bizimodua amesgaizto bihurtu dela. Den-dena garestitu baita: jana, garraioa, arropa. Langabezia ere goraka doa, eta BPG barne produktu gordina, aldiz, sekula ez bezala erortzen ari da, per capita BPGa barne. Pobrezia gero eta handiagoa dago, eta errepidean ezarri dituzten mugak ondasunen eta produktuen joan-etorriari eragiten ari zaizkio, bai eta, ondorioz, industriari kalte egiten ere.
AEBetako dolarra nabarmen erori da Israelgo shekel berriaren aldean: gaur egun, dolar bat 2,9 shekel berri da. 1995etik ez zen hain apal egon. Hilabete bukaeran Europara joateko asmotan nabilenez, lehengoan truke bulegora joan nintzen, dirua trukatu eta 300 dolar eta 300 euro hartzera, baina, nire harrigarri, ez zeukaten dolarrik. Beste bost bulegotan ere izan nintzen dolar eske, baina alferrik. Izan ere, diru horrek balioa hain nabarmen galdu duenez, mundu guztia gordetzen ari da dolarrak, eta inork ez ditu saldu nahi. Nire lagun batek, Batul-ek, esan dit bi egun eman zituela aurrekoan truke bulegoetan 600 dolar lortu nahian, errenta ordaintzeko, baina, azkenean, etxejabea konbentzitu behar izan zuen shekeletan ordaintzen utz ziezaion, betiere truke tasa ofizialaz bestelako tasa baten arabera. Finantza sistema, argi dago, erreka jotzear da. Aurreko batean, 300 shekel berri sartzen saiatu nintzen Palestinako Bankuan daukadan kontuan —banku nazional nagusia da hura—, bankuaren aplikazioaren bidez nire anai-arrebei bidaltzeko, Gazara. Hango langileak, ordea, manera onez esplikatu zidan gehienez 1.000 shekel berri sar nitzakeela. Erantzun nion 300 shekel berri sartu beharra nuela, nire anai-arrebek shekeletan dituztelako beren kontuak. Langileak, heziera onez barkamena eskatu bai, baina beste irtenbiderik ez zidan eman.

Itxura du PANek ez duela erraza izango datozen hilabeteetan langileen soldatak ordaintzea, ezta zati bat ere. Finantza krisia kronikoa eta larria da, eta ez dago asmatzerik nolakoa izango den etorkizun ekonomikoa. PANek, gainera, oro har du ezintasuna bere finantza obligazioak betetzeko, langileen soldatak ordaintzeko ez ezik oinarrizko zerbitzuen kostuak ere ordaintzeko bereziki, osasun zerbitzuen kostuak barne. Ondorioz, oinarrizko zerbitzu horiek ere hondoa jotzear dira. Osasun arloan, hain zuzen, greba orokorrean dira apirilaren 21az geroztik, eta gobernuaren menpeko ospitale eta klinika guztietan hil edo biziko kasuak eta larrialdiak baino ez dituzte artatzen orain. Soldatak apaldu izanari emandako erantzuna da greba. Eskatzen ari dira salbuespena egin dezatela beraiekin, eta soldata osoa ordain diezaietela. Gobernua, gainera, ez da modu erregularrean pagatzen ari soldatak, eta horren kontra ere ari dira protestan. Egia da osasun arloan aurrez ere izan dela grebarik, baina hau bezalakorik sekula ez, eta litekeena da benetako krisi bat eragitea Zisjordanian. Nael doktorearengana jo nuen nik aurreko batean, gaixotasunik ez dudala egiaztatzeko agiri bat egin ziezadan, eta esan zidan ni larrialdi kasu gisa erregistratuta baino ezingo lukeela eskatutakoa egin.
Egoera ekonomiko latzean daude langile publikoak. Ministerioren batean edo gobernuaren erakunderen batean jarduten dutenetako askok astean bizpahiru egunez lan egiteko modua baino ez dute diru faltagatik, batzuetan lanerako garraioa ordaindu ezinik geratzen baitira. Apirilaren 28an, hori dela eta, lan sistema berregituratzea erabaki zuen gobernuak, eta lantokira gehienez astean hirutan joateko baimena eman diete beren herrian bertan lan egiten dutenei, eta astean bitan beste herriren batean jarduten direnei. Horretaz gainera, etxetik lan egiteko baimena ere eman dute. Neurri horiek agerian uzten dute nolako zailtasunak dituen sektore publikoak lan errutina erregular bati eusteko.
Palestinako sistema Israelen mende dago nabarmen, eta, norberaren mugak kontrolatu ahal izan ezean, zaila da baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea
Bien bitartean, bizitzeko lain irabazi nahian, langile publiko asko beste postu batzuetan ere hasi dira lanean, jatetxe, kafetegi eta gasolindegietan. Batzuk Israelgo lan sektorean ere sartu dira, diru estra bat lortzeko. Tartean dira zenbait irakasle, zeinek, egun batzuetan, eskola huts egiten baitute eta Israelera lanera joan, diru pixka bat aurrezteko.
Palestinako Aginte Nazionalak soluzio irudimentsuren bat aurkitu beharra du bere finantza arazoak konpontzeko, eta ez dirudi soluzio hori tokiko baliabide hutsek ekarriko dutenik. Palestinako sistema Israelen mende dago nabarmen, eta, norberaren mugak kontrolatu ahal izan ezean, zaila da baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea. Betleemera joaten diren turista kristauengandik lortzen diren etekinak ere, esaterako, jatetxe eta kafetegietan baino ez dira nabaritzen.
PANek konponbide ekonomikoa ez ezik politikoa ere eman behar dio finantza krisiari. Nazioarteak ez du Israel estu hartu Palestinaren funtsak askatu ditzan, eta, presio hori gabe eta etorkizun politiko argirik gabe, Zisjordaniako palestinarrek are zailtasun handiagoak izango dituzte. PANek soldatak ordaintzeko eta zerbitzuak emateko daukan ezin horrek ondorioak izango ditu, ez palestinarrentzat soilik, baizik baita Israelentzat ere.