Bartzelonako ekitaldia

ANC: "Prestatu gaitezen independentzia deklarazio bat defendatzeko"

Elisenda Paluzie ANCko presidenteak "batasuna" galdegin die alderdi independentistei. Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak eskutitz bidez adierazi du "bozkatzeko eskubidea bozkatzen" irabazten dela.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urriaren 18a
07:34
Entzun

Milioi erdi herritar baino gehiago bildu ditu greba orokorreko manifestazioak Bartzelonan, udaltzaingoaren arabera, eta 750.000 lagun, antolatzaileen esanetan. Manifestazioko ibilbidea jendez gainezka zegoen behintzat, 17:00etan, abiatu behar zuen orduan, eta jendeak zailtasunak izan ditu aurrera egiteko. Hala ere, manifestazioko buruak lortu du agertokirainoko bidea egitea, Eskubideen eta askatasunen alde, greba orokorra zioen pankartarekin. Intersindical-CSC eta IAC sindikatuek deitu dute grebara. Sindikatu horietako ordezkariekin batera, amaierako ekitaldian parte hartu dute Paluziek eta Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak. Azken horrek Cuixartek espetxetik bidalitako eskutitz bat irakurri du.

Paluziek mezu argia bidali die indar independentistei. "Batasuna" eskatu die, autodeterminazio eskubidea bururaino eramateko. "Ez zaigu bat ere inporta azaoaren 10ean zenbat diputatu lortuko dituzten", adierazi du. Hauteskunde lehia eta interes alderdikoiak baztertu eta estrategia bat adostera deitu ditu. Ildo horretan, ados agertu da Espainiako Auzitegi Gorenak 13 urtera arteko espetxealdira zigortu dituen buruzagi independentisten amnistia exijitzearekin eta Espainiari autodeterminazio eskubidea errespeta dezala eskatzearekin. "Baina hori horrela ez bada, zer?", galdetu du. Paluziek ez du itxaropen handirik Espainiako Gobernuak eskakizun horiek onartzeko izan dezakeen prestutasunean.

Hala, Madrilek jarreraz aldatzen ez badu, gizarte zibilak, indar politikoek eta erakundeek prest egon behar dutela adierazi du. Alderdiei eskatu die antolatu daitezela independentzia deklarazio bat "defendatzeko" eta hari "eusteko". Paluzieren esanetan, ez da "ogi apurrak" kudeatzeko garaia, independentzia lehenestekoa baizik; "independentzia eta askatasuna eskutik doazelako".

Paluziek galdegin du ez dadila berriro "geldiarazi" prozesu independentista, 2017ko erreferendumaren ostean Carles Puigdemonten gobernuak independentzia deklarazioa indargabetzeko hartu zuen erabakiari erreferentzia eginez.

Paluziek "bideari berriz ekitera" deitu du, eta nabarmendu du gizarte zibila horretan ari dela jada. "Nekatuta dagoena, gelditu dadila. Beste batek hartuko du bere tokia. Baina kolektiboki ezin gara gelditu", gaineratu du.

Paluzieren ondoren, Mauriren txanda izan da. Cuixarten hitzak Bartzelonako erdigunean zabaldu dira haren ahotik. Espainiako Auzitegi Gorenean, prozesu subiranistaren auzian egin bezala, berriro ere autodeterminazio erreferendum bat egitearen alde mintzatu da. "Greba eskubidea greba egiten irabazten da; protestarako eskubidea, protesta egiten, eta bozkatzeko eskubidea, bozkatzen".

Cuixartek ere batasunaren beharra nabarmendu du, eta ezinbestekotzat jo du mugimendu independentistaren mobilizazioak baketsuak izatea. "Zatituta eta etsita nahi gaituzte, eta guk batuta eta baketsu jarraitu behar dugu. Inork ez dezala zalantzarik izan Kataluniako herriaren irmotasunaren inguruan".

Sindikatuetako ordezkariek greba orokorraren "arrakasta" goraipatu dute. Adierazi dutenez, 2017ko urriaren 3ko mobilizazioaren tamaina gainditu du gaurkoak. "Katalunia geldituta dago gaur, duintasunagatik", esan du Carles Sastre Intersindical-CSCko idazkari nagusiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.