Isila da Txinako Gobernua; normalean ez du harrabots handirik sortzen, eta luzera begira aritzeko zalea da. Mundu osoko sei herritarretik bat da Txinakoa: 1.400 milioi pertsona baino gehiago bizi dira bertan. Bada, horiek guztiak bateratzeko asmoa duen lege bat onartu zuen Txinako Kongresuak martxo erdialdean, eta uztailaren 1ean sartuko da indarrean. Txinako batasuna eta aurrerapen etnikoa sustatzeko legea jarri diote izena, baina, finean, herrialdeko etnia eta hizkuntza gutxituen zapalkuntzari bide emango diola ohartarazi dute zenbait adituk.
«Aniztasun etnikoari beldurra diote, eta hori estaltzeko erabiltzen dute batasuna hitza. Txinako Gobernuak barneratua du aniztasuna arriskutsua dela eta ezabatu egin behar dela», adierazi du telefonoz Magnus Fiskesjok, Cornell Unibertsitateko (AEB) antropologia irakasleak —Txinako eta Asia hego-ekialdeko etnien arteko harremanak ikertzen ditu—.
Txinan bizi diren herritar gehien-gehienak han etniakoak dira, %91, eta mandarin txinera da horien guztien hizkuntza. Gainontzean, beste 55 gutxiengo etniko ere onartzen ditu Txinako Konstituzioak, eta bakoitzari hizkuntza bat aitortzen dio. Horietatik, tibetarrak, uigurrak, mongoliarrak eta korearrak dira etniarik handienak, besteak beste. 126 milioi lagun dira Txinan gutxiengo etniko baten parte.
Fiskesjoren arabera, Txinak jada urteak daramatza gutxiengo horien aurka egiten, eta onartu berri duten legearen bidez berretsi egin ditu «politika oldarkor horiek»: «Azken urteetan, eskoletan hizkuntza horiek irakastearen aurka egin izan dute, arlo publikotik ezabatu dituzte, eta txinera ezarri haiek ordezkatzeko. Adibide garbiena eta bortitzena, ordea, umeena da. Ume asko barnetegietara eraman dituzte, eta familiengandik bereizi, beren hizkuntza eta kultura ahantz ditzaten. 2017tik ari dira horrelakoak egiten: ia hamar urteko genozidioa da».
«Ume asko barnetegietara eraman dituzte, eta familiengandik bereizi, beren hizkuntza eta kultura ahantz ditzaten. 2017tik ari dira horrelakoak egiten; ia hamar urteko genozidioa da»
MAGNUS FISKESJOCornell Unibertsitateko irakaslea
Begirada atzerago ere eraman nahi izan dute adituek. Gerald Roche Australiako La Trobe unibertsitateko antropologoaren hitzetan, Alderdi Komunistak duela 50-60 urte hasitakoa amaituko dute legearen bidez, eta asimilazio politiken barruan «beste urrats bat» dela azaldu du: «Txinan 300 hizkuntza zeuden, eta 56 izan ziren soilik onartuak 1949an. Orduan, prozesu bat hasi zuten ofizial izendatu ez zituzten hizkuntza horiek asimilatzeko. Horiek jada ez dira erabiltzen, ez dira ikasten, eta galtzear daude. Lege berriaren bitartez, gobernuak prozesu hori bera egingo du berriz gutxiengo hizkuntza indartsuagoekin».
Bide beretik, Fiskesjok esan du balitekeela hurrengo urratsa gutxiengo etniko guztien abolizio formala izatea. «Alderdi Komunistak 180 graduko bira bat eman du. 1949a baino lehen, alderdiak esaten zuen boterera iristean inperio zaharrak konkistatutako nazioek nazio independente izateko aukera izango zutela. Ondoren, 1949an, politika aldatu zuten komunistek, eta esan zuten ezingo zela nazio independenterik egon, gutxiengo etnikoak baizik. Asimilazioaren faseak dira», azpimarratu du.
65 artikulu
Zehazki, legea sei kapitulutan banatuta dago, eta 65 artikulu ditu. Funtsezko zenbait puntu daude jasoak, hala nola mandarina derrigorrez ikasi behar izatea, han etniako pertsonak beste etnia batzuetakoekin ezkon daitezen sustatzea, seme-alabak Alderdi Komunista maita dezaten heztea, Interneteko edukien gaineko kontrola ezartzea, eta, oro har, «batasun etnikoaren eta nazionalaren aukakoak» diren ekintzak debekatzea.
«Txinako Gobernuak zenbait segurtasun neurri sartu ditu legean. Esan du lege horiei aurre egiten badiozu eta zure hizkuntzaren alde oso ekintzailea bazara separatista bat eta terrorista bat zarela. Egongo dira legea ezartzearen aurkako erresistentzia ekintzak, eta ez dira bat-batean pertsona horiek guztiak atxilotzera etorriko, baina gradualki lege hori indar gehiagoz aplikatuz joango direla uste dut. Txinako Gobernua oso ona da luzera begirako politikak ezartzen», nabarmendu du telefonoz Rochek.

Pekinek zenbait argudio eman ditu azken asteetan legearen ezarpena justifikatzeko. Argudio ekonomikoak izan dira horietako asko; lana lortzeko erraztasuna, adibidez. Adituek ez dute uste argudio sendoak direnik. «Pertsona horiei egiten ari direna justifikatzeko esaten dute hori. Uste dut dena erraz laburbiltzen dela: aniztasunari beldurra diote», errepikatu du Fiskesjok.
Rochek ere etekin ekonomikoaren argudioari erreparatu dio. Esplikatu duenez, gutxiengo etnikoen eremuetan bizi baldintzak okerragoak dira, eta jendea behartuta sentitzen da garapen ekonomikoen mesedetan kontzesioak egitera: «Herritarrek badakite bizi baldintzak hobetzeak zer kostu duen, eta beren buruari galdetzen diote ea beren kultura eta identitatea zenbateraino galtzeko prest dauden horren truke. Uste dut argudio ekonomikoa ahalmena galtzen ari dela Txinako gutxiengo etnikoengan duen gastuekin alderatuz».
Nazioarteko zenbait erakundek gaitzetsi egin dute Txinak onartu duen legea. Baina Pekinek atzerriko esku hartzeen aurka egin izan du, soilik Txinari eragiten diola argudiatuta. «Hala ere, uste dut Txina egiten ari dena salatzen jarraitu behar dugula», adierazi du Cornell Unibertsitateko irakasleak.
«Esango nuke ez dagoela herrialderik modu aktiboan herri indigenen eta hizkuntza gutxituen alde egiten duenik, eta, hortaz, ezin dute Txinaren aurka egin, hipokrisia litzatekeelako»
GERALD ROCHE La Trobe Unibertsitateko antropologoa
Izan ere, adituek salatu izan dute lege horrek Txinak aurretik onartu eta sinatu dituen zenbait nazioarteko lege urratzen dituela. NBEren Haurren Eskubideen hitzarmenean jarri du arreta Fiskesjok: «Horren arabera, legez kanpokoa da umeak familiengandik bereiztea eta beren hizkuntza ahantz dezaten behartzea. Baina Txina horretan ari da».
Rochek, berriz, herri indigenen eskubideari erreparatu dio, argudiatuta legeak urratu egiten duela hori ere. Hala ere, esan du nazioarteak ez diola arau hori dela eta galgarik jarriko Txinari: «Dekretu hori NBEn onartzen ari zirenean, AEBek, Australiak, Erresuma Batuak eta Frantziak kontra bozkatu zuten, haien interes nazionalen aurkako legea zelakoan. Esango nuke ez dagoela herrialderik modu aktiboan herri indigenen eta hizkuntza gutxituen alde egiten duenik, eta, hortaz, ezin dute Txinaren aurka egin, hipokrisia litzatekeelako».