Mundua

Ankarako gobernuaren kontrako protestak gogortu egin dira Turkian

"Muturreko elementuei" egotzi die Erdogan lehen ministroak gertatzen ari denaren ardura. Gaur astebete Istanbulen hasitako protestak Turkiako beste hainbat tokitara hedatu dira. Bart gauean Ankaran gertatutakoak orain arteko liskarrik gogorrenak izan dira, eta gaur eguerdian jarraitu dute: berriz ere oldartu zaizkie poliziak manifestariei. 

2013ko ekainaren 3a
16:08
Entzun

Ezusteko dimentsioa hartu dute gaur zortzi Turkian hasi ziren protestek, Recep Tayyp Erdoganen gobernuaren kontra. Gobernuak ez du horrelakorik bizi izan herriaren gidaritza duenetik, duela 11 urte. Lehen ministroak "muturreko elementuei" egotzi die gertatzen ari denaren errua. Lasaitasunerako deia egin duen arren, nabarmendu du ez duela liskarrik gerta dadin utziko. Manifestazio publikoak debekatuta dauden lekuetan ere ari dira protestak egiten. Egoerak ez du baretzeko itxurarik.

Ankaran izan da azken liskarraldi gogorra, orain arteko gogorrena. Atzo Kizilay plazan zeuden 10.000 bat lagun sakabanatzen saiatzera sartu zen Polizia, negar gasa eta ur kanoiak erabiliz, lehen ministroaren bulegoetara iristeko manifestarien asmoa saihestearren. Izugarrizko liskarrak gertatu ziren polizien eta herritarren artean. Ehun bat zauritu egon zirela jakinarazi dute, eta hainbat medikuk ziurtatu dute kautxozko balen zauriak dituztela eri dauden batzuek. Gau osoa kaotikoa izan da, eta eguerdian berriz hasi dira manifestarien eta herritarren aurrez aurrekoak. Liskarretan pertsona bat hil dela baieztatu dute, auto batek harrapatuta. Biharko greba orokorrera deitu dute sindikatu nagusiek. 

Beste hainbat hiritan ere Polizia atera da kalera. Protestak herrialde osora zabaldu dira asteburuan. 67 hiritan 1.700 atxilotu egon direla jakinarazi zuen atzo gobernuak. Gehienak berehala aske utzi dituztela esan arren, gehiago atxilotu berri dituzte, eta ez dago jakiterik kopuru zehatza.

Istanbul, protesten epizentroa

Istanbul izan da orain arte protestaren epizentroa, Besiktas auzoan batez ere. Istanbulgo Yaksim plazan hasi ziren, parke bat botatzearen kontrako aldarrietan. Ostiral gauean, ordea, protestak liskartsu bilakatu ziren, Polizia manifestariei oldartu zitzaienean.

Atzo ere, protesta jendetsua egin zuten, jai giroan, hirigintza proiektuaren kontrako aldarria zena gobernuaren eta polizien indarkeriaren aurkakoa bilakatuta, eta askok lehen ministroaren dimisioa eskatu zuten, azken lau egunetan egin duten bezala. Barrikadak jarri dituzte herritarrek, eta negar gasa erabili zuen atzo Poliziak, berriz ere, Erdoganen bulegoak dauden lekura ez iristeko.  Inguruko meskita batean jarri dute zaurituak artatzeko lekua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.